(G)udaberria(k)

Kultura

2021-04-26 Bloga

Ekida

Aurreko zenbakian idatzi nuen lehenengoz txoko honetan, eta estreinatutako zapatekin nola, pausoa motelago eta kontu handiagoarekin ematen ibili nintzen. Kultura zer eta zertarako galderei aurki desados egongo naizen erantzuna eman nien, eta, aireportuen antzera (inork dagoeneko ahaztu baditu), behin kontrol gunea arnasaz justu baina zaratarik gabe pasata, libre(ago). Bi gairi heldu nahi nieke oraingoan.

Kultur ekimen honen sorrera ezin da ulertu Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren azken urteetako bilakaera eta joeretatik kanpo, eta Euskal Herriko Mugimendu Sozialista Euskal Herriko gazte mugimenduan egondako zatiketarekin bakarrik ezin da azaldu.

Joan den otsail hasieran sortu zen Ekida kultur ekimen sozialista. Sare sozialetan zabaldutako testu eta bideoak zein han-hemen egindako aurkezpenek ordura arte kontzeptu arrotza zena hizketa gai bihurtu dute. Eta atrebitzen naiz esaten ez dela kontzeptua bakarrik arrotz egiten zitzaiguna; planteamenduak berak ere harridura eta ezin ulertua sortu du; ez da talde, banda edo aldarrikapen sorta baten bueltan elkartutakoen antolakundea, ez dute jardunaldi edo diru-kutxarik eskatzen. Bestelako eduki, forma eta usain bat duen kultur ekimena da Ekida.

Aurkezpen testuan ekida hitzaren hiru definizio ageri dira: ekida eraikin edo edifizioa da; ekidatu edo ekidatzen, aditz bezala, eraiki, egin, sortu edo fabrikatzea esan nahi du; ekida, bestalde, ekidatzearen emaitza ere bada, eraikuntza, sorkuntza edo egintza, alegia. Zuri-beltzean egindako bideoak eraikin bat du paisaia nagusitzat, eta bertan ikusi eta entzundakoek badute zure baitara ez den beste norabait barneratzeko gaitasuna: «Hildakoek keinu ulertezinak egiten dizkigute»; «Arkatz batek lerro guztiak ditu aukeran; kontua da zein eskuri erantzuten dion»; «Eman digutenetik harago pentsa dezagun».

Ekidak «argitalpenerako, eztabaidarako, kritikarako, azterketarako, sustapenerako aukera emango duen ekimen bat izan nahi luke, borondate sozialistako artistentzako espazio bat, kulturaren eta artearen esparruetatik iraultza sozialistari ekarpena egiteko». Kultur ekimen honen sorrera ezin da ulertu Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren azken urteetako bilakaera eta joeretatik kanpo, eta Euskal Herriko Mugimendu Sozialista Euskal Herriko gazte mugimenduan egondako zatiketarekin bakarrik ezin da azaldu. Gazte mugimenduaren zatiketa? Noiz gertatu da hori? Gatazka honetan adinaren faktorea agerikoa da, eta egia da, agian, gure belaunaldiaren baitan izan dela agerikoena (gure diodanean, 90eko hamarkadatik goitik jaiotakoez ari naiz). Hala ere, ez dut uste belaunaldi baten haizeak direnik; Euskal Herriko errealitate politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalaren ondorio eta eragile da antolakuntza sozialista.

Horixe bera da Ekidak salatzen duena: kulturaz eta arteaz hitz egiteko testuingurua hartu behar da kontuan, eta ezin da kulturaren eta artearen modernizazioa ulertu klase-borrokatik bereizita.

«Antolakuntza», «iraultza» zein «borondate sozialista» ez dira kulturaren esaldi berean topatzen diren hitzak preseski, eta horixe bera da Ekidak salatzen duena: kulturaz eta arteaz hitz egiteko testuingurua hartu behar da kontuan, eta ezin da kulturaren eta artearen modernizazioa ulertu klase-borrokatik bereizita. Ekimenaren nondik norakoetan luzatu baino, sortutako galderetako batzuk hemen.

Klase-borrokari forma eman eta krisiz krisi dabilen errealitatearen ulermena zein berori gainditzeko antolakuntza izaten ari da Mugimendu Sozialista. Asmo horretan kulturari garrantzi handia eman diote, bai teorian, bai praktikan, eta Ekidak jakin-minarekin batera sortu du debatea. Ez dute azpimarratzen COVID garaian hainbatetan entzun dugun prekaritatea, ez behintzat kultur langileen egoera isolatu gisa. Langileok kulturalki gaude azpiratuak. Ez gara gai kapitalismoa ez den bestelako mundu bat imajinatzeko. Masa kulturak kulturaren hedapena, demokratizazioa ekarri du, baina baita despolitizazioa ere ezinbestean. Kultura, egun, emantzipazio eta kritikotasunetik urruti dago gehienean, eta beharrezkoa da logikak zalantzan jarri eta eraldatzeko aukeretan pentsatzea.

Bitartean, ordea, martxoaren 22tik, Baionako Michel Portal antzokia okupatuta dute kultur eragileek. Urriaz geroztik itxita daude kultur guneak. Harrituta naukate Frantziak kulturaren esparruari ezarri dizkion neurriek, historikoki kulturari garrantzi politiko handia eman baitiote. Kulturgileek kultur guneak irekitzea zein intermitentzia zergak bertan behera uztea eskatzen dute, besteak beste. Neurri horiek sisteman irauteko helburua dute, ez dute beste mundurik nahi. Edo bai.

Kotxeko gurpila zulatzean, partxeak zulo hori besterik ez du estaltzen baina bidean jarraitzeko aukera ematen dizu. Eta kotxe hori, ondoren, iritsi daiteke errepideak agintzen ez dion lekuetara. Kulturak bestelako logika eta sentsibilitate berriak sortu ditzakeela uste dut, baina kulturatik sistema kapitalistaz gogoeta egitea beharrezkoa da. Ekidak kulturgileei eskatzen dien «ardura politikoa» zertan datzan ez dut irudikatzen garbi, ez eta nola neurtuko den kultur produktuen ekarpen sozialista. Hala ere, euskal kulturgintzari ekarpenak egingo dizkion debate bat zabaldu da, euskaratik kulturgintzaz ari dena, kulturatik harago joateko.

(H)egoak ebaki banizkio

Aspaldion, gehiago naiz behatz eta begi hezur eta haragi baino, eta ulertezina zaidan hizkuntza batean uzten ditut nire arrastoak. Bizilagunen berri euren wifiak ematen dit, eta Virginia Woolfen gela bakartuta bezain konektatuta dago.

Kuriosoa iruditzen zait sare sozialetan kulturgintzak duen presentzia, Twitterren bereziki (eta ez da kasualitatea euskaldunok hitzari lotuen dagoen sarea hautatzea batik bat).

Mundu digitalaz eta sare sozialez ari naiz. Kontzeptuak eurak ere kulturaren parte dira, eta, egiari zor (gehiago zor digu egiak), bekozkoa zimurtzen zait (hala egiten ikasi dut) ‘sare sozial’ kontzeptua ‘sare sozialei’ nola utzi diegun ikusita #galdutakoborrokak. Hainbeste gauza izan zitezkeen ‘sare sozial’, lotura, elkargune, kolektibo, eta ezpa, pantailaren baitakoa halaxe bataiatzea erabaki, fetitxe bihurtu, eta guk amen #etahorreladena. Malutak elurretan nola, sare sozialen arrakasta kontzeptuaren sinpletasun eta egokitasunagatik ere badelakoan nago. Hitzek esan egiten dute. Lagun batek dio feminismoaren lehen oztopoa kontzeptua bera dela, eta marxismoa ere inteligenteren bati okurrituko zitzaiola. Hori beste baterako. Itzuli gaitezen sarera.

Algoritmo eta big datak seko beldurtzen naute, baina kuriosoa iruditzen zait sare sozialetan kulturgintzak duen presentzia, Twitterren bereziki (eta ez da kasualitatea euskaldunok hitzari lotuen dagoen sarea hautatzea batik bat).

2010ean CodeSyntaxek abian jarri zuen Umap.eus webgunea. Twitterreko euskal komunitatea (Txioerria) trinkotzea du helburu, Twitterreko erabiltzaile euskaldunak detektatu eta euren mezu jarioa zein hizkuntza erabilera analizatzen du. Hamarkada honetan 70.000 erabiltzaile euskaldun identifikatu dituzte, eta, mezuen joerak aztertuz (joerak hashtag-ak dira, #HauDaJoeraBat), rankingak osatu dira jarraitzaile kopuru, jasotako bertsio eta idatzitako txioen interesa neurtzen duen algoritmo baten bidez #tatxan. Ranking moten artean kulturak ere badu bere atala, eta ba al dakizue nor den kulturan («zinema, musika, literatura, bertsoa, dantza, antzerkia» bezala definitzen du kultura Umapek) arrakastarik gehien duen txiolaria? Ez dizuet nik esango.

COVIDaren itxialdiak, joera berriak sustatu baino, lehen zeudenak azeleratu dituela esan da. Ez nago ados. Erritmoa aldatzeak errealitate berriak sortzen ditu edo sortu ditzake. Marrazkiak adibide: Heidi, bere irribarre zabal eta inozentzia, orri ezberdinetan marraztu dezakegu. Ordea, orriak segidan, erritmo bizkorrez, eta abiadura jakin batean pasaz gero, hantxe hasiko da gona gorria ahuntzen atzetik saltoka. Txioerrian ere azelerazio hori, denbora eta txio jasa hori, badagoela uste dut. Teknologia berriek espazio eta denboren mugak gainditu dituzte, eta kultura ezinbestean dago espazio eta denborarekin lotuta. Zerk du garrantzia testuingurutik kanpo?

Internet moderno delakoa 1989an sortu zen. Inprentak hiru hamarkada behar izan omen zituen 1440. urtean sortu eta kulturgintza goitik behera aldatzen hasteko. Internet komunikazio tresna baino erregistro erreminta bihurtu da. Memoriak arazo izateari utzi dio, eta jada ez da gurea, eta ez da historikoa.

Neronek harreman eskizofreniko xamarra daukat Twitterrekin: goizeko kafearekin ematen diot lehen begiratua, trenean, paseoan, asperraldietan ere bai, eta, zalaparta baldin badago, hari hori tira. Ez daukat Twitter konturik, ordea. Begira egoten naiz inork ikusi gabe. Behin egin nuen ‘Maialen Akizu’ izeneko kontu bat, zein argazki, zein jarraitu, zein sarrera mezu idatzi ondo pentsatuta #kaixonieuskaldunfeministaezkertiarra. Pare bat egun pasako nituen, baina azkar egin nuen handik ihes. Eta hala ere, hor nago.

Txioerria, iritzi eta korronteez gain, kultura egin eta eragiten ari da. Adibide nabarmenena, akaso, Chill Mafiarena izango da. Bere eduki, intentzio edo hartzaileen erreakzioetan sartu gabe, izandako zarata eta oihartzuna Twitterren paretak badaudelako, eta Twitterren pareta horiek euskal komunitate bat zedarritzen dutelako, gertatu zen. Agendan Chill Mafiaren kontzertuak ikusi ditut han-hemenka. Beste adibide bat 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian sortu zen Patxi Bakallo Twitter kontua da. Bere komentario zirtolariek elkarrizketa sortu zuten, eta Txapelketa Nagusiaren parte bihurtu zen fikzio digitala. Hirugarren adibide bat aipatzeko, #zureestiloanmarraztu erronka bururatzen zait. Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariak Zakilixut pertsonaia norberak nahieran marraztera animatu zuen Txioerria. Ezustean bertsio andana sareratu zen, marrazkilari-ilustratzaile zein bestelako norbanakoek hartu zuten parte, eta Zakilixuten segidan etorri dira komikietako beste pertsonaia batzuk.

Twitterren agertokia kulturaren plaza publiko bihurtu da, eta ez dago atzera-bueltarik. Kultura egiteko moduak eta kultura hautemateko moduak aldatzeaz gain, kultura nork egiten duen ere aldatu da. Eta izatea edukitzearekin berdintzen da birtualitate immaterialean: jarraitzaileak eduki behar dira, mezuak, arrakasta. Gorputza ere bai (generoak sareetan duen eragina beste baterako #stopanaidia).

Twitterreko egonezin eta egonbeharraz hitz egin dit literaturan ari denak, euskarazko egunkari bakarrean dabilenak, politikan bidea egin nahi duenak… Eta asko kezkatzen nau. Era berean, errealitateak Twitterreko kritikotasun, irudimen eta aniztasunaren antza izatea desio dut batzuetan. Eta ez izateak kezkatzen nau. Idoia Torregaraik joan den martxoko etxeko itxialdian idatzitako txio eder honek balio du (h)ego urdineko txoriaz esandakoei bukaera emateko:

Txori bat pausatu da leiho-ertzean.
Begira geratu zait.
Orain ni naiz kaiolan dagoena.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan