miren artetxe

Greziako jendearen borroka

2015-07-01 Bloga

Draghi jaunak, Europako Banku Zentralaren lehendakariak, beldur eta ahalezko porrotez jakin badaki. Greziaren ekonomiaren arazoak era ulergaitz batean Eurogunearentzat hil ala biziko kontua bilakaturik –‘ulergaitz bezain susmagarri’ gehitu beharko genukeelakoan gaude–, aditu eta finantza-bitartekarien erranetara aritu behar du EBZk. AEBetako kasuan bezala, finantza-aktibo ugariren balioaren berehalako jaitsiera basatia ekidin nahi da, Greziaren ahalezko porrot ekonomiko-finantzarioak Atlantikoz bertzaldeko tasen igoeraren eragin berbera izan dezake eta.

Greziaren ekonomiarako azken orduko konponketa aurkitzen hamaika bider ibili ondoren, negoziatzeko tartea amaitzen ari zaio Tsipras jaunak zuzentzen duen gobernuari. Merkel andrea, Hollande jauna eta troikaren ordezkariak, Europako zein nazioarteko interes boteretsuenen izenean, temati ari dira Greziako jendeari gastu murrizketa gehiago eskatzen, «sufritu dezatela baina ez gehiegi» lelo politiko-ekonomiko baliagarria izango balitz bezala. Ikustekoa da antzerki diplomatiko hura tragedia edo amaiera zoriontsuko kontakizuna izanen den; baina, dagoeneko, ezin argiago geratu dena sistema kapitalistaren gupidarik eza izan da. John Maynard Keynes ekonomialariaren hitzak datozkigu burura: «Nazioen atzerriko zorrak soilki ordaintzen dira herrien duintasuna errespetatzen den heinean; horrela ez bada, ez dira inondik ere ordaintzen».

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan