Gora joan

Glokalia

Joanes Igeregi Santamaria
Joanes Igeregi Santamaria

Bizitzak batetik bestera eraman nau, ala batetik bestera eraman dut. Uribe Kostak eta Bilbok irakatsi zidaten euskararen ertz batean euskaraz bizitzen, Debagoienan autoeraketarekiko interesa piztu zitzaidan, eta Abya Yalako lagun indigenekin ikasi nuen gurea ez dela munduan bizitzeko modu bakarra. Une honetan, hanka bat hizkuntza lankidetzan daukat, eta beste bat mugimendu ekologistan. Ibilbide horretan, denetik apur bat ikasi dut, ezertan espezialista izan gabe. Orriotan ikuspegi zabal horretatik begiratuko diot bizi gaituen garaiari.

Gutxiegi eta larregi, beti kaltegarri

Mecanerrentzako Trantsizio Plan Ekosoziala

Ez da gertaera interesgarri askorik izaten gure herrian. Norbere interesekoak bai, noski, gutako bakoitzaren eta ingurukoen bizitzak, kasurako; baina interes orokorrekotzat hartzen denik, ezer gutxi. Eitb.eus atarian begiratuta azken urtean ‘Urduliz’ zenbat aldiz aipatu den, hauxe: Osakidetzaren 40. urteurrena, Herri Txiki Infernu Handi saioaren atala, Frantziako Tourra, metroaren maiztasun aldaketa Espainiako Kopako finalerako eta eskalatzaile baten istripua Santa Mariñeko haitzetan. Gertakariok ez dira historia liburuetan azalduko. Horien ondoan, garrantzi handiagoa izan lezakeen zerbait jazo da azken hilabeteetan, Mecaner lantegiaren itxieraren inguruan.

Kontraesan horietan nabigatu beharko dugu hurrengo hamarkadetan, gauden lekutik etorkizun bizigarri baterako zeharkaldian. Erabateko koherentzia idealizazio hutsaren edo bertan gozo dagoenaren pribilegioa da.

Has nadin amaieraren hasieratik. Irailaren 1ean jakinarazi zuen Stellantis multinazionalak Mecaner enpresa ixteko asmoa, automobilen sektoreko trokelgintzan sei hamarkadako bidea egin ostean. Bi hilabete eta hainbat mobilizazio geroago, ezohiko iragarpena egin zuen 148 langileren ordezkaritza duen enpresa-batzordeak: udalarekin batera bideragarritasun plan bat egingo zutela, ikuspegi ekosoziala aintzat hartuz. Batzordearen hitzetan:

Klima-aldaketaren errealitateak, egungo energia-ereduaren mugek eta ibilgailuak fabrikatzeko lehengaien gero eta urritasun handiagoak ekonomia deskarbonizatzea eta mugikortasun sozialki justuago eta iraunkorrago baterako trantsizioa egitea eskatzen dute. Beraz, sektorea eraldatu egin behar da, zalantzarik gabe.

Urtearen hasieran batzar irekiak egin zituzten herriko eragileekin eta eskualdeko talde ekologistekin, eta martxoan argitaratu zuten Mecanerrentzako Trantsizio Plan Ekosoziala. Txostenak, testuinguru orokorra eta sektorea ulertzeko atalen ondoren, lantegia berregituratzeko ekoizpen-ildo posibleak aztertzen ditu, hiru irizpide kontuan hartuta: 1) zer produktu egin daitezkeen orain arteko tresneria eta ezagutzetatik abiatuta; 2) zer sektorek handitu beharko duten ekoizpena trantsizio ekosozial zabalago baten baitan; eta 3) zer sektore ari diren diru-laguntza publikoak jasotzen politika industrial (ustez) berdeen eskutik. Ondoren, ekoizpen aukera horiek gauzatzeko inbertsioak eta kudeaketa- edo jabetza-ereduak aztertzen ditu.

Euskal ekonomia kanpoko baliabide berriztaezinen mendekoa da, erabat, eta, beraz, oso hauskorra da muga ekologikoek kolpatutako etorkizun hurbilean.

Proposamenak baditu bere kontraesanak, halabeharrez, epe luzeko helburu ekosozialen eta epe laburrean enplegua mantentzearen artean, egin beharreko eraldaketaren eta erreforma egingarrien artean. Kontraesan horietan nabigatu beharko dugu hurrengo hamarkadetan, gauden lekutik etorkizun bizigarri baterako zeharkaldian. Erabateko koherentzia idealizazio hutsaren edo bertan gozo dagoenaren pribilegioa da. Bestalde, ez dago batere argi trantsizio-planak biderik egingo duen, lantegiaren itxiera maiatz honetan bertan burutu baita. Ikusteko dago makineria edota espazioa noizbait beste industria-jarduera baterako erabiliko diren. Edozelan ere, hilabeteotako prozesuak aurrekari interesgarria ezar lezake euskal industria eta ekonomia nola birmoldatu pentsatzeko ere.

Sistema ekonomikoa vs ekosistema

Gure sistema ekonomikoa, zentro kapitalistako gainerako lurraldeena bezala, gerran dago ekosistemen kontra. Gerra hori boxeo-borrokaldia balitz, lehenengo asaltoek engainatuko gintuzkete, agian, baina ez dago esan beharrik zeinek zein utziko duen KO.

Euskal ekonomia kanpoko baliabide berriztaezinen mendekoa da, erabat, eta, beraz, oso hauskorra da muga ekologikoek kolpatutako etorkizun hurbilean. Tonatan neurtuta, jarduera ekonomikoetan erabiltzen ditugun materialen %75 eta energiaren %85-90 inportatzen dugu. Gehien-gehienak berriztaezinak dira, beste kontinente batzuetatik datozkigu, eta askoren erauzketa gainbehera dator honezkero, ordezkatzeko alternatibarik gabe. Mundu mailako garraio-fluxuen mende ere badago gure ekonomia, lehengaiak lortzeko ez ezik, baita salgaiak merkaturatzeko –ekoizpenaren %71 esportatzen dugu– eta oinarrizko produktuak eskuratzeko ere.

Hortaz, lehengaiak eskasagoak eta garestiagoak izateak, edo mundu mailako hornikuntza-kateak eteteak, garrantzi handiko jarduera ekonomikoak geldiaraz ditzakete, enpleguan eta errentan pisu handia daukatenak. Automobil-industria da adibiderik argiena, baina antzeko arriskua dute metalgintzak, eraikuntzak, turismoak... Hori ekoizpenaren aldean. Kontsumoari begiratuta, arriskuan egon liteke oinarrizko beharrak betetzeko inportatzen ditugun produktuen hornikuntza ere.

Desazkundea ez da helburu edo programa politiko bat. Desazkundea datu bat da, ezinbestekotasun historikoa, munduko baliabide mugatuak neurriz kanpo ustiatu izanaren ondorio (geo)logikoa.

Mecanerren adibideak, bere txikian, mahai gainean jarri du Euskal Herriko industriak parean duen erronka, krisi ekologikoaren ondorioei egokitzeko ekintza ildo bat proposatuta. Interesgarria litzateke euskal ekonomia ere birpentsatzea, Mecanerren trantsizio-planak ezarritako ekoizpen-irizpideen arabera. Galderak zertxobait moldatuta: zer ekoitz dezakegu gure egitura produktibotik eta ezagutzetatik abiatuta? Zer jarduera gara dezakegu tokian tokiko baliabide berriztagarriak erabilita, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienarekin? Eta, aurrekoarekin batera, zer behar dugu tokian tokiko premiak betetzeko, kanpoko ekoizpenaren eta baliabideen ahalik eta mendekotasun txikienarekin? Laburbilduz, nola uztartu iraunkortasuna, burujabetza materiala eta bizitza ona?

Desazkunderako bideorriak

Ezingo diet orrialde hauen laburrean, nire ezagutza eta gaitasun mugatuekin, goiko galdera potoloei erantzun, baina saiakera egingo dut erantzunek jarraitu beharko luketen pentsamendu-ildoa zirriborratzeko. Lehenik eta behin, desazkundea ez da helburu edo programa politiko bat. Desazkundea datu bat da, ezinbestekotasun historikoa, munduko baliabide mugatuak neurriz kanpo ustiatu izanaren ondorio (geo)logikoa. Eztabaida ez da desazkundearen aldekoen eta kontrakoen artekoa, desazkunde-ereduen artekoa baizik. Zer txikitu eta nola, nork eta nola, hori dugu jokoan.

Hurrengo hamarraldietan garrantzia irabazi beharko luketen jardueren artean, aipatzekoak dira nekazaritza, basogintza, konponketa eta eraberritze lanak, hondakinak berrerabili eta birziklatzeko lanak edo eskulanak.

Hori onartu nahi ez izateak, gizateria amildegira eramateaz gain, gaurko pribilegioak, desberdinkeria eta botere-egiturak indartzea dakar. Helburua baldin bada eskura izango ditugun baliabide mugatuekin ondo bizitzeko baldintzak sortzea, batzuen ongizatea besteen esplotazioan oinarritu gabe, jarduera ekonomiko batzuk nabarmen txikitu beharko dira eta beste batzuk indartu. Oro har, pisua galdu beharko lukete ekosistemetan inpaktu handiena duten, baliabide gehien xurgatzen duten eta funtsezkoak ez diren jarduerek. Aldiz, garrantzia irabazi beharko lukete oinarrizko beharrak betetzen dituzten, ingurumen inpaktu txikia duten eta baliabide gutxirekin gara daitezkeen jarduerek.

Euskal Herriko egitura produktiboa kontuan hartuta, garraioa, automobilgintza, eraikuntza edo turismoa dira txikitu beharreko sektoreen adibiderik garbienak. Edo zikinenak, zelan begiratzen den. Beste batzuek eraldaketa sakona beharko dute, esaterako, industriak eta energiak. Horietan, berregituratzeko irizpide orokorrak izan daitezke eskala txikiagoan ekoiztea, ekoizpena eta banaketa kate laburragoetan antolatzea, oinarrizko produktuen ekoizpena birlokalizatzea eta dibertsifikatzea (ehungintza, tresneria txikia, ontzigintza...), teknologia soilagoak eta baliabide berriztagarriak erabiltzea... Testuinguruak askotarikoak dira, eta irizpide orokor horiek sektorekako edo eskualdekako trantsizio-planetan zehaztu beharko lirateke. Azkenik, hurrengo hamarraldietan garrantzia irabazi beharko luketen jardueren artean, aipatzekoak dira nekazaritza, basogintza, konponketa eta eraberritze lanak, hondakinak berrerabili eta birziklatzeko lanak edo eskulanak.

Sektoreen arteko aldaketa horietan, helburu nagusi eta bakarra ezin da izan errentagarritasun ekonomikoa lortzea, dirua metatzea. Errentagarritasuna dirutan soilik neurtzen duen begiradaren aurrean, jarduera ekonomikoen helburuak izan beharko luke oinarrizko beharrak ahalik eta ondoen asetzea, ahalik eta kostu fisiko txikienarekin. Eta ezin dira helburuak aldatu erabakimena eta jabetza-eredua aldatu gabe. Erabakitzeko ahalmena diruaren araberakoa bada, helburua dirua pilatzea izango da, erabakiak eta jabetza metatzen jarraitzeko. Hortaz, beharrezkoa da jarduera ekonomikoen kontrol demokratikoan aurrerapausoak ematea, erabakimena eta jabetza langileen eta herritarren artean banatuta.

Marjina handia dugu desazkunde onuragarri baterako, nahiz eta horrek eraldaketa kultural handia eskatu. Hamarkada luzez sortu dizkiguten beharrak deseraiki beharko ditugu.

Gizarte-eraldaketa konplexua eta sakona eskatzen du aurreko paragrafoetan marraztutakoak, ezbairik gabe. Ondo begiratuta, arazoa ez da, bere horretan, kontsumoa nahitaez jaitsi beharra. Berez, gutako gehienok gaur baino hobeto bizi gintezke askoz kontsumo-maila txikiagoarekin. Arazoa da ekonomia ezin dela hazi kontsumo materiala handitu gabe, kapitalismoak hazkundea behar duela bere martxa (a)normalari eta enpleguei eusteko, eta gutako gehienok soldata behar dugula behar oinarrizkoenak asetzeko ere. Hazi gabe funtzionatzeko gai den sistema ekonomiko bat garatu ezean, eta oinarrizko beharrak merkatu harremanetatik kanpo asetzeko biderik ezean, hau da, indarrean diren joko arauak irauli gabe, krisi ekologikoak kalte handia eragin dezake gehienon bizi-baldintzetan.

Nola banatu gero eta tarta txikiagoa

Azkenengo bi mendeetako langile mugimenduak eta borroka sindikalak, gehienetan, hazkundean oinarritu du birbanaketa. Oinarri beretik eraiki zen ongizate estatua deiturikoa ere, gizateriak ezagutu duen azelerazio eta hazkunde handieneko sasoian. Helburua zen langileek zati handiagoa eskuratzea hazten ari zen tarta horretatik, aberatsen irabaziak mugatzea baino gehiago. Luze eztabaidatu genezake hazkundean oinarritutako ongizate horrek izandako lorpen eta kostuez, baina, aitortzen diogun meritua gorabehera, etorkizuneko klase-borrokak bestelako oinarria beharko du, ongizatea kontsumo material txikiagoarekin lortzeko.

Pribilegiotzat salatu beharko genuke munduko herritar guztientzat orokortu ezin den edozein kontsumo-patroi, gureak barne.

Hasteko, azpimarratu behar da munduko energia eta material askoren kontsumoak zalantzazko onura edo are kaltea dakarrela. Hor jarri beharko genuke beheraldi planifikatu baten lehen jomuga: hiltzeko eta boterea metatzeko besterik balio ez duten armak, neurri batetik gora kalte egiten diguten botikak, zalantzazko onurekin batera albo-kalte handia eragiten duten teknologiak, lanean edo joan-etorrietan alferrik galdutako orduak... Marjina handia dugu desazkunde onuragarri baterako, nahiz eta horrek eraldaketa kultural handia eskatu. Hamarkada luzez sortu dizkiguten beharrak deseraiki beharko ditugu, zoriontasuna eta kontsumoa gauza bera balira bezala lotzen dituen korapiloa askatu, denbora libreaz, munduaren edertasunaz edo maite ditugunekin egote hutsaz gozatzen ikasi.

Ez nadin hippyegi jarri, hala ere. Kontsumo-ereduen eraldaketa ez da erraza izango, indarrean diren parametro kulturaletatik helduko baitiogu prozesuari, eta gatazka handiak egon daitezke baliabide gero eta eskasagoak eskuratzeko. Bizitzeko gutxieneko euskarriak guztion eskura jartzeko, birbanaketa erraldoia behar dugu, gehien dutenen desjabetzean oinarrituta; eta eliteek kontrako norabidean bultzaka jarraituko dute, besteak beste, akuiferoak, lur emankorra eta gainerako baliabide naturalak metatzen. Aberatsentzako gotorlekuak eraikitzeko erasoaldien aurrean, inoiz baino beharrezkoagoak izango dira behetik gora antolatutako herri mugimenduak.

Yayo Herrero antropologo madrildarrak esaten du soilik oinarrizko beharrizanen zoruaren gainean eta sabai ekologikoaren azpian eraiki daitezkeela bizitza onak. Sabai ekologikoak ezartzen du zein den ekosistemek onar dezaketen gehieneko kontsumo maila. Oso gainetik gabiltza. Ondorioz, pribilegiotzat salatu beharko genuke munduko herritar guztientzat orokortu ezin den edozein kontsumo-patroi, gureak barne. Bakoitzak bere diruarekin nahi duena egiteko eskubidea duela defendatzen duen gizarte honetan, doktrina meritokratiko nagusiak ingurukoek baino gehiago izatea normalizatu duenean, zilegitasuna irabazi behar dugu gehiegizko kontsumoa eta aberastasuna mugatzeko. Eta zilegitasun hori ekintza bihurtu, esaterako, normaltzat ditugun kontsumo ohitura askori uko eginez, luxuaren kontra borrokatuz edo jabe handien lurrak, lantegiak eta etxebizitzak okupatuz.

Kontrako aldean, baldintzak sortu behar ditugu oinarrizko beharrizanen zorua ziurtatuta egon dadin gizaki guztientzat. Gizakiak ez diren bizidunek ere behar dute bizitzeko espazio ekologiko bat, baina hori beste baterako utziko dugu. Beharrak asetzeko aukera kalitatezko enpleguekin edo estatu-egituren bitartez berma liteke, errenta unibertsala edo zerbitzu publikoekin. Dena den, xx. mendeko ongizate estatua eta bere aparatu burokratikoa ahalbidetu zuen oinarri materiala higatuta, beharrezkoa izango da, gizarte antolatuaren esparruan, eguneroko behar jakinetan segurtasuna emango duten kooperazio-sareak antolatzea, jabetza komunalean eta lan partekatuan oinarrituta. Luis González Reyes eta Adrián Almazánek Hego Euskal Herriko trantsizio ekosozialerako egindako proposamenean azaltzen duten bezala:

Desazkunde-ekonomia berriaren helburuak ezin du izan, besterik gabe, soldatapeko lan baldintzak ‘duintzea’ edo ongizate estatuak sostengatzea edo zabaltzea. Batetik, soldatapeko lana gainditu behar dugu antolakuntza ekonomikoaren forma sozial gailen gisa. Ezinbestekoa da ekoizpen bitartekoen kontrol soziala eskuratzean aurrera egitea, desoldatapekotze prozesuan, merkatutik gero eta jarduera gehiago atereaz, gure bizitzak desmerkantilizatzeko. Kapitalismo industrialak aurrera egin baldin badu biziraupena bermatzeko gaitasun kolektiboa suntsituz eta haren bizkarroi bihurtuz, proiektu emantzipatzaile batek mugimendu hori atzera bota behar du. Alegia, ondasun komunak defendatu eta eraiki behar ditu, biziraupena antolatzea ahalbidetuko digutenak, ez soilik merkatu dinamiketatik at, baizik eta estatuak kendutako erabakimen autonomo guztia berreskuratuko dutenak. Lurraldea eta zaintza eta hezkuntza eskubidea komunitateen eskuetara itzuli behar ditugu. Kapitalismo industrialaren dinamika suntsitzaileetatik askatzeko eta erabakimen demokratikoaren mende jartzeko.