Global Forum Spain

2014-05-14 Bloga

Martxo hasieran eta kaleko istilu artean, Bilbon ospatu zen Global Forum Spain, Espainiako Industria Ministerioak antolatutako goi-bilera. Bertan izan ziren Espainiako erregea, NDFren buru Lagarde, Europar Komisioaren presidenteorde Almunia, Eurotaldeko buru Dijsselbloem edota OCDEko buru Gurria. Munduko agintaritza ekonomikoan hautaketa demokratikoak pisu handirik ez duela baieztatzeko moduko zerrenda, duda barik.

Dijsselbloemen hitzalditik, orain arteko erreformen bidea goretsi eta are azkartzeko asmoa azpimarra daiteke (http://eurozone.europa.eu/media/517918/20140303-speech-jd-bilbao.pdf), produktibitatea eta hazkundea emendatzea helburu:

 

Guztiok dugu altxortzat Europako eredu soziala, ongizate estatu eta sistema kolektibo indartsuak dituena. Urtetako lana izan dugu berori eraikitzen, eta garai zailetarako babes sarea eskaintzen du. Jende askok kezka du orain, ongizate estatua desegiten ari ote garen. Neure irudiko, gure ekonomiak modernizatuz baizik ezingo dugu gure eredu soziala finantzatzen jarraitu, datozen urteetan ere antzeko ongizate maila bermatu ahal izateko. Horixe da etorkizun hurbileko gako nagusia.

 

Baina gizartearen neke sintomen adierazgarri, unibertsitatetik sustatutako adierazpen publikorik ere izan zen (www.pertsonenekonomia.info), bestelako helburu batzuen garrantzia ere azpimarratuz:

 

1. Ekitateak bizitza ekonomikoa antolatzeko ezinbesteko erreferentzia behar du izan.

2. Lehiakortasuna ezin daiteke berezko azken helburu bilakatu, gizarte- eta ekologia- efizientzia alde batera utzirik.

3. Demokrazia eta gardentasuna ezinbestekoak dira ekonomia osasuntsu eta bideragarri batentzat.

4. Kontu publikoen orekatze handiagoa lortzeko metodoek eta erritmoek testuinguruaren araberakoak behar dute izan.

 

Izan ere, gauzak egiteko modu bakarra ez dago, eta, ekonomian, aukeraketak asko dauka politikotik. Europan, aldiz, erabakien hartzaileak eta demokrazia elkarrengandik urruntxo sumatzen ditu, oro har, gizarteak. Datozen hamarkadetarako Europaren erronka nagusia izan daiteke hori.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan