2025-05-05 Egunen gurpilean

Irudia: Shu Otero
Sobera
Duela hilabete batzuk azeri bat pasa zen gauez gure etxeko ate aurretik. Ez da herri handia gurea, landa-lurrez eta zuhaiztiz inguratua; beraz, ez da ezohikoa noizbehinka ‘basati’ deitzen zaien animalia txiki zein ez hain txiki horietako batekin topo egitea kalea amaitu eta apur bat aurrerago. Baina, orokorrean, aski domestikatutako herria da, eta lehen aldia izan zen hemen izan garen hainbat hamarkadatan azeri bat kale erditik ikusten genuela patxadaz ibiltzen. Ibiliko ziren lehenago agian, eta guk ikusi ez.
Kale eta hiri asko dira munduan azerien joan-etorrietara ohiturik daudenak, inoiz baso bat egongo zen tokian zaborrontzi eta halakoetan gizakien soberakinen atzetik dabiltzanak; ohiturak, baldintza horietan, gizaki eta animalien arteko trukeari xarma eta misterioa kentzen diola dirudi. Ze azeri bat bi, hiru, hamaikagarren aldiz ikustean etxe artean, kale artean, soberakinen artean, etxe, kale, soberakin eta azeriak nolabaiteko ekosistema bat sortu dutela besterik ezin dugu pentsatu, nolabait elkar sostengatzeko gai direla, edo elkar jasateko behintzat. Eta naturalena izango da ekosistema hori nahiko tristea dela pentsatzea, nahiz eta gero batzuek tristura hori azeriaren galdutako basoarekiko sentitu, eta beste batzuek, ordea, piztiek eta horiek ontzitik ateratako zaborrak zikindutako kalearekiko, kale horien jabe diren gizakiekiko, edo gizakien jabetzapean dauden animalia etxekotuagoei (gizakiak berak barne) sor diezaieketen kaltearekiko. Soberakinekin bizirauten dutenek zelako amorrua sortzen dieten soberakin sortzaileei.
Baina azeri bat kalean etxeko ate aurretik pasatzen lehen aldiz ikusteak, gauez, xarma eta misterioa piztea iruditzen zait gauza naturalena. Ze azeri batek kalean, lehen aldiz, etxeko ate eta zaborreko soberakin aurrean, gauez, ez dirudi kale edo etxe edo soberakinekin ekosistemarik garatu duenik, soilik gauarekin. Eta lehen aldi horretan, gaua azeriarena izanik, ez dirudi bera lekuz kanpo dagoenik etxe eta kale eta soberakin artean; aitzitik, etxeak eta kaleak eta soberakinak daude lekuz kanpo azeriaren gau horretan.
Jaleak
Soberakinak bai, baina ez da azeria izan azkenaldian egon diren basatiaren inguruko eztabaiden protagonista. Ipar eta Hegoan, Europa mailan, Frantzia zein Espainiako Estatuetan, Jaurlaritzan, otsoari begira egon gara, agerpen estelarrak, emozio indartsuen pizteak eta eztabaida sutsuak gertatu baitira basoko betiereko etsaiaren inguruan. Benetan etsai ote den, norena, betierekoa izaten jarraitu ahalko duen, izaten jarraitzeko eskubiderik baduen, non, nola, nori, nork, eta horrelakoak. Politikakeria zinikoa, zentzu batean, gatazka sakona, beste batean. Otsoari heriotza emateko norainoko erraztasun legala egon beharko litzatekeen, edo, hobe esanda, otsoari heriotza emateko zein metodo izango diren legalki onargarriak eta zein ez hainbeste, giza ekintzaren hainbat eta hainbat praktika legal eta onartu baitira otso zein beste edozein ‘basatirentzako’ hilgarriak. Bestela ere esan ahalko genuke ea abere etxekotuek, haien haragi, esne, azal, ile, kume, haien bizi-zikloak, ondasuna direnez eta beraz jabetza pribatuaren zuzenbidearen erreinuan inskribatuta daudenez, estatuaren eta horren onespenarekin jarduten dutenen indarkeria legitimoa soilik jasan beharko luketen. Eta otsoak, ez ondasunen jabe ez jabearen ondasun ez den heinean, legitimazio estatalik ez duen indarkeria basatia gauzatuz jabe baten ondasunari kalte egitearen delitua nola ordaindu beharko lukeen, eta ea larrutik izan beharko litzatekeen.
Apur bat aldrebestuak izango dira agian batzuentzat deskribapen horiek, eta zeharo partzialak, onartzen dut, baina ez azkenean otsoa gure hegoaldeko ingurunetan azken urteotan jaso duen babesa galtzeko erabili den argudiaketa baino aldrebesagoak. Maniobra politikoak, basatiarekiko errespeturik gordetzen duen edonorentzat Jonathan Swift idazle anglo-irlandarraren Proposamendu apal bat haren erresonantziarik badu, satira politikoa baitirudi beste ezer baino gehiago. Elikagaiak Botatzea eta Alferrik Galtzea Prebenitzeko Legearen markoa basoari aplikatzea baino proposamen satirikoagorik ba al dago?
Mundua jateko prest dagoenarentzat, bere plater gainean bukatzen ez duen guztia da alferrik galdutako jana.
Hondamendian
Idazteari utzi diot momentu batez, katuak egongelako alfonbran utzi duen txori gazte baten burua eta lumak garbitzeko. Los fenómenos son naturales, los desastres son humanos, pentsatzen dut: gertakariak naturalak dira, hondamendiak gizatiarrak. Mexiko Hirian ikasi nuen leloa, 2017ko lurrikararen osteko herritarren antolakuntza mugimenduetan, gertakari natural baten gehiegizko ondorio hilkorrak gizakien erabakien efektu direla gogorarazteko. Katuak txoriak ehizatzea gertakari naturala da, eta txoriaren heriotza ez litzateke gehiegizkoa, izango ez balitz gizakiok sortu dugun katu populazioa bera gehiegizkoa delako horiekin garatu ez diren ekosistemetan. Katuen ugaritze horren harrapakinen heriotza hondamendia da, gehiegizkoa.
(beste hondamendi bat dago ere horren atzean, katuek eta etxeko beste animalia batzuek zenbait zauri espiritual eta emozional estaliko dituzten adabaki izateko behar ditugulako hurbil, gehiegizko gizatiartzearen minaren kontsolamendu txikiak, txori basatiek larrutik ordaintzen dituztenak; nire gizatasunak akabatutako txoria, alferrik galdua)
Gertakariaren eta hondamendiaren arteko bereizketa egiteak ez du bere horretan ezer asko konpontzen, baino nahiko garrantzitsua da konponbide posibleen balorazioak egiteko orduan, nahiz eta zibilizazioaren puntu honetan geroz eta zailagoa den banaketa horiek argitzea, ‘gizakien erabakien ondorioen’ dimentsioa geroz eta totalagoa bihurtzen den heinean. Valentzian, adibidez, politikakeriaren txikikerien artean galtzeko arriskua badago ere, hil ala biziko kontua da gertakariaren eta hondamendiaren arteko korapiloa askatzeko ahalegina.
Korapiloa askatzeko gai izateak ez du arazoa konpontzen, baina bereizketa egin gabe ezin dut imajinatu konponbiderik sor daitekeenik, babestu nahi dena suntsituko ez duena. Bitartean, hondamendia hedatuz doa, gertakaria estaliz, irentsiz.
Esan beharra dago, erromantizaziotan eror ez gaitezen, gertakariak berak ere askotan ez direla gauza xamur eta leuna; mina eta heriotza ekar dezakete, odoltsu eta bortitzak izan daitezke. Gertakarien mundua ez da baketsua, bakea gatazkaren kontrako egoera bezala ulertzen badugu, eta ez gerraren kontrakoa. Bake/gerra hondamendiaren paradigmatik irakurri behar dugu, halabeharrez. Heriotza bizitzaren parte den paradigma batean kokatzen da gertakaria, lotuta ezagutzen dira. Hondamendiaren paradigman, heriotzak mozorro eta aitzakia anitz ditu, estalkiak, desitxuraketak. Hondamendiaren paradigman, heriotza ekoizkin eta tresna da, soberakinen antzera, eta ‘bizitzaren’ maskara janzten du, zeharo gardena bada ere.
Beste adibide bat dut buruan, parafraseaturik buruz dakarkit, ezin izan baitut jatorria topatu: sare sozial batean atsekabeturik idazten zuen norbaitek ezen Kanada deitzen diogun lurraldean, bereziki bertako jatorrizko herrietako komunitateetan, eskorbuto kasuak gora doazela. Tradizionalki, azaltzen zuen, fruituak hazteko erraztasun gutxi dituzten iparraldeko lurraldeetan, inuitek eta hainbat herri zirkunpolarrek, belaunaldietan zehar, baleak ehizatu eta jatearen bitartez bereganatu izan dituzte C eta D bitaminak. Balearen heriotza komunitatearen sostengua bada, balearen bizitza ere halaxe da. Baina kolonizazio ondorengo egoeran, giza komunitatean zein balea populazioan izandako eraginagatik, lotura hori mantentzea ia ezinezkoa bihurtu da, jakina. Inposatutako egoera ekonomiko kaskarra gehituta, izugarrizko kalteak pairatu ditu komunitateen elikadurak eta, beraz, osasunak.
Iruzkingile batek erantzuten zion errepideak eta kamioiak dituztela orain laranjak eraman ditzaketenak Kanada osoan zehar, ez dagoela baleak akabatzen aritzeko beharrik. Kontserbazionista izateak ez du esan nahi ulertu denik non den gertakaria eta non hondamendia. Heriotza, bizitzaren maskara gardena jantzita. Basatasuna zoologiko ireki bihurtzea hori kontsumitzeko beste modalitate bat ere izan daiteke.
Horri ere ‘mundu-jale begirada’ dei diezaiokegu.
Aurrez aurre
Otsoa ez dago galtzeko arriskuan, diote mundu osoa galtzeko arriskuan dagoela oraindik onartu ez dutenek. Instituzioen aurrean hilzorian egotea demostratu behar da haiengandik babes-apurrik jasotzeko; ezgaitasun ebaluazioaren prozesuaren esperientzia zuzena dugunok ongi dakigu, beste askoren artean. Otsoak gehiegizko babesa du, diote beren bizimodua babesteko otsoarena suntsitzeko beharraren posizioan sentitzen direnek. Zer da gehiegizko babesa basoa (irakur, Basoa) irensten duen espezie batengandik eta hondamendi ekologikora bideratuta dauden lurretan? Otsoa eta mendiko abeltzaintza ez dira bateragarriak, diote jatorrizkotasuna suntsitu dieten abereen zaindariek, eta ezin dute eguna abereak zaintzen pasa orainaldia baino munduko historiaren zati askoz handiagoan egin izan den moduan. Pentsa zitekeen zaintza(zein zoragarriro zabala den hitz hori euskaraz)rako nahikoa denbora ez izatea denok bateratu ahal gaituen arazoa dela, horren inguruan zeozer egiteko gai izango garen ikusteko.
(denok, otsoa ez ezik: haren denbora guztia, basati ororena bezala, zaintzara dago zuzendua, zaintza-jolasera, baina hori ere ez da nahikoa gizakiok suntsiketarako garatu dugun gaitasunaren aurrean existentzia bermatzeko)
Otsoa egon dadila egon ahal duen tokietan, baina ezin dugu hura toki guztietan babestu jada hainbat zailtasun dituen gizatalde baten lepotik. Eta orain esango dut hemen badagoela zeozer pentsatzeko, begiratu nahi badugu. Basatiaren babesa mundu zibilizatutik egiteak beti izango duelako hipokrisia maila altu bat, mundu-jalearen beste aurpegi bat, eta seguruenik nimby zikinak izango ginateke gehienak Basoa eta basatia espazioa nabariki berreskuratzen hasiko balira gure etxe, kale eta soberakinetatik gertuegi. Zibilizazioak hesituta gauzka, eta lan asko egin beharko dugu bere burua defendatzen duen basoaren parte izan nahi badugu, eta ez kontserbatutako basatasun apurren voyeur eta kuxkuxero hutsak.
Bestela ekoturismoa arazo guztien erantzuna dela pentsatzen hasteko gai gara, eta Gazako zerrenda zeharo sarraskitua ikusi ondoren genoziden turismoaren paradisu bihurtuta agertzen duen adimen artifizialez sortutako bideo bat ikusi duen belaunaldiak turismoaren edozein nozio behin betiko eta zeharo lurperatzeko gai izan beharko lukeela iruditzen zait. Ez al da hala?
Humanitatea
Kontua da guk, zibilizazioa garen Guk, ageriki izan edo inplizituki, sakonean, ez dugula gizakia ez den inorekin ez lurrik ez ondasunik esanguratsuki partekatu nahi. Ezta soberakinak ere; oztopo txikiena suposatzen badigu, hobe alferrik galtzea. Izan ere, esanguratsuki partekatzearen praktika bera, bereziki gizaki-ez-direnekin edo guztiz-gizaki-ez-direnekin edo gizakiak-baina-okerki direnekin, ez da guztiz gizatiarra, jende zibilizatuen artean. Partekatzea antitetikoa da eraiki dugun eta errautsetaraino suntsitzen den arte desegitea errefusatzen dugun mundu gizatiarrarekin.
Gizatasunaren inguruan, beste batzuei utzi nahi diet azken hitza. Hona hemen duela aste batzuk Amerika deitzen diogun kontinenteko jatorrizko herrietako zenbait kidek sortutako Not Your Mascot (Ez [gara] zuen maskota) fanzine digitaletik aukeratutako paragrafo batzuk, Fuck Hope (Izorrai itxaropena) blogean argitaratuak (nire itzulpenak):
Ikusi badugu haien begitazioa eta entzun haien adierazpena gizaki izatea denaren inguruan, galde genezake ea benetan desiratu edo exijitu beharko genukeen haiek gu gizaki bezala errekonozitzea. Humanismo eurozentrikoak luzaroan azpimarratu du gizakiaren nagusitasun eta gehiagotasuna beste gizakien, gizaki ez direnen eta lurraren gain.
[…]
Jatorrizko herriei ez diete inoiz emango humanitatearen bazkidetza, horrek dakartzan pribilegio bizi-berresleekin, gizakitzat jotzeak edozein gizartetako kondizio materialen artean aberastasun posizio bat izaten jarraitzen duen artean.
[…]
Okupazio kolonialaren pean dauden herri indigenentzat, gizaki izatea subirano izatea da, eta subirano izatea, tutoretzapean egotea besterik ez. Monumentu nazional baten edo galzorian dagoen animalia baten parekoa den estatus legala. Gizaki zibilizatuen eta haien autoritatearen mendean, gure eskerrak, lan-indarra eta babesa espero dituztela. Indiar bat atxilopean hormigoizko zelda batean giltzapetua, hormigoizko ikasgela batean giltzapetua, eta hormigoizko lantoki batean giltzapetua, harik eta lur mortuan lurperaturik gauden arte, hormigoizko espaloi batzuen ondoko lurzorua biziberritzen, gure genozidioarekin besterik ezin eraiki zitekeen beste asentamendu erraldoi baten hiri-paisaia ekozidaren azpian.
[…]
Ez bagara ezeztatzen saiatzen ari humanitatearen parte izatea ukatu ala baimentzeko gizakiak duen ahalmena, ez dugu bizi den oro askatuko gure ahaide ohoratua dela ilegitimoki ukatzetik.