Gaizberak – Shu Otero

2026-03-03 Egunen gurpilean

«Gaizki esanda dauden gauza batzuk gustatzen zaizkit»

Bereziki gustuko dut Antton Telleriaren 2023ko stand-up ikuskizunaren izenburua, Nekatutak. Askoren gustuko akatsa izango da, ez luke txisteak funtzionatuko bestela. Bi arrazoigatik maite dut nagusiki: lehena, fatigatu kroniko bezala, ‘nekatutak’ delako ia beti emango dudan erantzuna ‘zer moduz’ galderari, umorez batzuetan, bizi ez duenak guztiz ulertuko ez duen egoera baten alderdi estrategikoki leunago bat aurkezteko beste batzuetan. Bigarrena Telleriak berak ematen du ikuskizunean: gaizki esanda dauden gauza batzuek amorrua ematen dute, eta beste batzuk, besterik gabe, maitagarriak dira, eta kontraste txiki horien zalea naiz. Gaizki esanek eta gaizki egonek ere xarma propio bat izan dezakete eta.

Monologo horretako beste fragmentu batek ere bereziki ematen du nire atentzio desgaitua, hasiera-hasieran datorrenaren inguruan egiten duen balorazioa, filmazio momentuan behintzat guztiz sendoa: «Hau da Euskal Herrian sekula grabatu den stand-up ikuskizunik onena. Zergatik? Ez delako sekula besterik grabatu […] Errealitate dosi bat, ze hau izango da onena, eta txarrena ere bai».

Ez al da hori modu ederra singularitatea aurkezteko? Ahal diogu horri heldu eta ikusi zer egin dezakegun horrekin? Euskal Herria, grabazioa eta stand-up-a hartzen ditu Telleriak egoera bat definitzeko neurri bezala onenak eta txarrenak bat egiten duten puntu hori topatzeko, eta egoera batzuetan baliagarria izango da neurri hori, noski. Baina badira beste neurri batzuk egoera desberdinak definituko dituztenak. Neurria aldatuz gero, puntu hori bera topa genezake hainbat egoeratan, ez hori delako ezinbestean baliagarria den neurri bakarra, ezta halabeharrez garrantzitsuena, baizik eta horren bitartez baliagarriak izan daitezkeen zenbait efektu interesgarri sor ditzakegulako.

Adibidez, noiz izan daiteke baliagarria puntu hori bera topatuko duen neurria gorputz singularraren egoerarekin bat eginaraztea, zer gertatzen da hori egiten dugunean? Nola begiratuko genioke elkarri, nola gure buruari, nola aniztasun funtzionalari, gorputz bakoitza, hau, hemen eta orain, dena eta egin ahal duena, denean eta egin ahal duenean onena eta txarrena izatea hartuko bagenu abiapuntu? Errealitate dosi posible bat.

Singularitatea berebiziko kontzeptua da gaixotasun eta desgaitasunaren lubakitik borrokatzea tokatu zaien (zaigun) gorputzentzako, besteak beste, argi uzteko gaixotasuna eta desgaitasuna direla lubakia, eta ez etsaia. «Egunero borrokatzen dutenentzako, ez haien desgaitasunaren kontra, baizik eta mundu kapazitista baten kontra» (nire itzulpena), dio Sigo siendo una Power Ranger (Power Ranger bat izaten jarraitzen dut) testu diska-gaixotuen antologiako sarrerak, Mexikon 2023an argitaratuak. Ulertaraztea kosta den zerbait.

Adibide bat. Aipatutako ikuskizun eta antologia liburuaren plazaratze urte berean Iñigo Laudio (izen artistikoa) aktore, performer, idazle, aktibista diskari liburu argitaratu berriaren inguruan egin zioten elkarrizketa batek dakarren lerroburua: «Kristalezko hezurren gaixotasuna izatea ez da drama bat, egoera singular bat da» (nire itzulpena).

Ahalduntze diskaren lehen pausoa, maiz bizi osoa eta gehiago hartzen duena, dramatik egoera singularrerako trantsizio kontzeptuala egitea izan ohi da, eta hortik hastea ulertzen lubakiaren zerizana. Ingurukoek ulertzea are zailagoa izaten da; gizarteak ulertzeak mundu osoa hankaz gora jarriko luke.

Laudioren elkarrizketa berean, hurrengo galdera jasotzen du idazleak jende diskaren bizitza sexualari buruz: «Desberdina al da, konplexuagoa, zailagoa, berdin asetzen al du?». Adi begiratu ‘desberdin’ hitzaren ondoren hizkuntzak eta esanahiek hartzen duten norabideari, eta zein bidebakarra den.

Norbaiten sexualitatea, komunikatzeko edo mugitzeko modua, bizimodua bera, izaera, itxura, gorputza, ‘desberdina’ dela esaten denean, zenbatetan eta zein heinetan esan nahi da ‘okerragoa’? Zergatik? Zerekin alderatuta? ‘Aniztasun’ hitzarekin antzeko gauzak gertatu ohi dira.

Esateko beste modu bat, Ula Iruretagoiena arkitektoak ‘Desgaia gai’ artikuluan deskribatua Argia-n:

Desberdin direnentzako espazioetan ortopedia itxurak agintzen du beti, desgaitasunaren funtzionaltasun beharra diseinuari gailentzen zaionean estetikak lekurik topatuko ez balu bezala. Materialtasuna, koloreak, objektuen neurriak, denak estetika behartu bat osatzen du, eta identifikagarri egiten du desgaitasunaren objektua dela. Ez dakit lagungarria den.

 

«Helmuga irisgarria eta mundu guztiarentzat pentsatua»

Behin eta berriz kapazitismoaren kontrako borrokaren ideia oinarrizkoenak errepikatzen topatzen dut nire burua, behin eta berriz hasiera puntu horretatik abiatzera behartuta nagoela ikusten dudalako zeozer komunikatzeko aukera egon dadin. Agian, pixkanaka, zabaltzen hasi da ezagutza diska-gaixotu hori, maila linguistikotik (instituzionalki ‘garbia’ beti) eta esparru erosoetatik harago joatea kostatzen bada ere.

Aniztasun funtzionalaren branding-a behintzat nahikoa indartsu bihurtzen hasi da turismoa ‘suspertzeko’ (gaixoturik egongo zen?) cripwashing estrategiak gurean ere zabaltzeko: urtarrilean, munduko turismoaren azoka handiena omen den Madrilgo Fiturren, Gasteizko Udalak esan du «I Love Turismo Accesible» eta «Álava, destino soft» eta Vitoria-Gasteizen «turismoak ez du inor atzean uzten».

(«Turismo» eta «inor atzean utzi ez» entzuten ditudanean, pandemia ahantzaraziagatik entzierroan bizi diren kide immunokonprometituen eta desokupazio enpresa faxistek bortizki utzarazitako etxeen eta errefuxiatu kanpamenduetatik atera ahal izateko bisa ukatu dieten lagunen eta gobernu estatubatuarrak Gazako zerrendarako aurkeztutako ‘arrakasta katastrofikoaren’ eraikuntzarako planen irudiak dantzan hasten dira nire begien atzean).

Washing teknikak nahikoa ezagun zaizkigu jada. Bereziki gogoan dut Gasteiz bera Green Capital izendatu zutenekoa, Arabako lurraldean zehar fracking esplorazioak martxan jartzen ziren bitartean. Badakigu zer desitxuraketa egiten diren helburu kolektibo zein talde minorizatu batzuen izenean zenbait interes katastrofiko bultzatzeko. Washing esaten diogu zikin usaina hartzen diogulako, eta ingelesezko hitz mordo baten atzetik iristeko ohitura hartu duelako.

Eginaren Eginez elkartetik erraz atzeman diote saltzen dabiltzan Gasteiz aniztasun-friendly produktu horren usain zikinari. Argia-ko artikulu batek jasotzen ditu haien esanak: «Eguneroko errealitate sozial eta politikoaren» manipulatzea izendatzen dute, «eszenografia irisgarria» irisgarritasun errealik gabe, «analisi kritikorik, benetako parte-hartzerik, entzute aktiborik, ezta kolektiboaren ongizatea bermatu dezakeen konpromiso politikorik» gabe. Hau da, turismotik espero daitekeena.

Bereziki, deskribatzen duten «gutaz gu gabe hitz egitea, ahots erosoak aukeratzea, kritika saihestea eta gatazka isilaraztea» esperientzia gaixotu eta desgaituaren eguneroko ogia dela iruditzen zait.

Badakigu nola nahi gaituzten, eta nola ez. Nahi gaituzte dirudun eta pasaportedun, nahi gaituzte kontsumitzen eta eduki inspirazionala sortzen, nahi gaituzte arrakasta saltzen, nahi gaituzte iragaitzaz, nahi gaituzte esker oneko, nahi gaituzte soft. ‘Turista’ bilakatzearen prozesuak iragazki lan ederra egiten du ‘helmugara’ iristera gonbidatua dagoen ‘mundu guztiaren’ neurria definitzeko orduan.

Beste lerroburu bat aldizkari berean, hilabete berean, hiri berari buruz, «desgaitasun handia» (estatu-kategorizazio ofizialak) duten bi gazteren guraso zaintzaileen hitzak: «Ematen du 21 urtetik aurrera ez dutela bizitzen jarraitzeko eskubiderik, baina asko dute bizitzeko». Errealitate dosi bat.

 

«Zuen gezurrezkotxo errealitatea»

Izenburua Emilia Bautistaren Tengo una cuerpa enferma (Gorputz gaixotu bat dut) poematik hartua da, Sigo siendo una Power Ranger antologian.

Johanna Hedvaren How to Tell When We Will Die (Nola esan noiz hilko garen) (2024) liburutik (nire itzulpena):

Behin emakume zuri batek galdetu zidan zein zen jende desgaituari buruz jende gaituak jakitea gehien nahiko nukeen gauza. Esan nion nahiko nukeela gauza bat baino gehiago jakitea.

Ez dago soilik ezagutza amildegi bat gaitu/desgaitu esperientzien artean, ezagutu nahiaren amildegi bat dago. Liburu beretik:

Badago ezagutza gure jakin-mina piztu beharko lukeena: zergatik da zaintza hain zaila burutzen? Zergatik eskatzen digu emateko duguna baino gehiago? Zaintzak huts egiten badu, norbaiten errua da? Eta asko huts egiten badu? Hutsegite horrek zeozer esan nahi du, ez guk banako bezala egin ahal edo ezin dugunari buruz, baizik eta gizarte moduan jakitea garrantzitsua dela elkarri irakatsi diogunari buruz? Zerentzako ez dugu nahikoa espazio eraiki? Zerbait gelditu egiten bada gehiegi loditu delako, gure gune leunenak gehiegi gogortu badira, jakin-minak horma jotzen badu, nola egin dezakegu lekua hori aldatzeko?

Funtsezko salto bat dago irisgarritasuna eta zaintza bizitza ‘normalaren’ gehigarri, salbuespen, egoera ezohiko bezala –‘desberdinentzako’– edo bizidun ororen izate singularraren oinarrizko abiapuntu bezala hartzearen artean. Zaintza toki zeharo feminizatua izanda, erregimen heterosexualaren erroa bera, agian, gure inguruetan feminismoek, feminismo batzuek behintzat, badaramate denbora horren muinera iristen saiatzen, baina ez beti antikapazitismoarekin elkarlanean. Kosta izaten da desgaitasun eta gaixotasun esperientziak ezagutza, eraldaketa, ekintza, iraultza sortzeko gaitasuna duen abiapuntu bezala hartzeko aukera erreala emango duen espaziorik topatzea.

Desgai-gaixotu esperientzia, beste edozeinen gainetik eta bere-berean, gizaki izateko modu txar, oker edo okertua delako sinesmenak bortxaz mozten ditu aliantzen, potentziaren, jakin-minaren eta singulartasunaren bideak. Hala gertatzen da bizi-egoera horiek ulertzeko abiapuntu posible bakarra hauxe denean: zoriaren drama, konpondu beharreko arazoa, gainditu beharreko oztopoa, hutsegite pertsonala, patuaren zigorra, gainerako gizarte edo komunitatearen gaineko zama, justifikatu beharreko bizia, posizio horretan ez dauden edo haien burua bertan ikusten ez dutenen posiziotik errotik desberdindua dagoen existentzia, zeinen konnotazio negatiboak gorputz desgai-gaixotuaren ezaugarri natural eta bereizgarritzat hartzen diren.

Begiradatxo azkar bat konnotazio horiei, Euskaltzaindiaren hiztegi etimologikotik, ‘gaixo’ hitzari buruz:

Esanahi orokorraz gainera (errukarri, zorigaitzeko, pobre, inozo… denaz esaten da) […] mendebaldean ‘eri’ ere bada […] RS-n badu ‘gaitz, gaizto’ esanahia ere […] Esanahiaren aldetik, ez dago eragozpenik gaizto-rekin, eta azken buruan gaitz-ekin, lotzeko: ageri denez, ‘txar, gaizto’ edo ‘kalte, oker, gaizki, eritasun, akats, erru…’ modukoetatik abiatu behar da ‘errukarri, pobre…’ zein ‘eri, eritasun’ azaltzeko.

Esanahi-asoziazio horien azalpen motza da jende gehienak burutik aldendu nahiko lituzkeen gauza askotatik oso gertu, gertuegi, bizi garela.

Heriotza, mina, oinazea desgai-gaixotu esperientziaren aspektu saihetsezinak izan ohi dira, bai horien presentzia nabariagoa delako gorputz batzuetan beste batzuetan baino, guztiek berezko badituzte ere, bai horien mehatxua gainean dagoelako baliabide ukatu eta iritsezin eraikitako ingurune areriotsu baztertzaileen ondorioz, bai bizitza horien baliozkotasuna besteen aurrean justifikatzeko etengabeko exijentziaren bitartez, hori ez lortzeak dakarren ageriko arriskuarekin. Guztiak aldi berean, gehienetan; baina garrantzitsua da desberdinketa horiek egin ahal izatea.

Bizi ‘desberdin’ bat biziezina delako adostasun soziala dagoenean, guztiz edo partzialki, leundu, mozorrotu, soft bilakatu ezin den ‘desberdintasunaren’ alderdi bakoitza gizartean beldurra piztuko duen heriotzaren aurpegi bat bihurtzen da. Nire susmoa da hori dela desgai-gaixotasunari aurrez aurre eta osotasunean begiratzea eragozten duen indarraren forma, lasaigarria ez dena, jakin-minaren horma, esperantzaren pasio triste eta optimizazio mugagabeen fantasia gezurrezkotxoetara ihes egitera bultzatzen duena, etsaia eta lubakia konfunditzera eramaten gaituena.

Hedvaren liburutik:

Amaieran ustekabean gorantz egiten duen narratibarik ez da egongo. Ez da nire jarduna arrakastarik saltzea.

Hori ez da soft, horrela ez gaituzte nahi. Baina itxura horretakoa da interesatzen zaidan ezagutza gaixo-desgaitua. Ez al du xarma propio bat? Ez al du pizten jakin-mina?

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan