2017-03-29 Bloga
Urriaren 31n estreinatu zen Luhuson Francoren bilobari gutuna aretoa mukuru zela, eta geroztik hogeita hamar emanalditik gora eskaini dituzte Euskal Herrian zehar. Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia elkarlanean aritzen diren hirugarren aldia da hau, aurrez Errautsak eta Hamlet antzezlanak egin baitzituzten batera. Berriz idatzi dute gidoia Igor Elortza eta Unai Iturriagarekin. Berriz Ximun Fuchs zuzendari. Eta berriz lortu dute aretoak betetzea (Zarauzko Modelon izan da azken emanaldia oraingoz, eta sarrerak lau egun lehenago agortu ziren). Hamlet-ek 9.400 ikusletik gora bildu bazituen, ez dirudi oraingoan gutxiago izango direnik.
Zauriei buruzko antzezlana da oraingoa. Eta ez da Francori buruzkoa. Zauri sendatu gabekoei eta horien ondorioei buruzkoa da. Intxaur bat ez ukitzeari buruzkoa. Günther Anders eta Eichmanni buruzkoa. Goierriko lesbiana anarkistei buruzkoa. Nafar genozidioari buruzkoa. Isiltasunari buruzkoa. De Lancreri, Loiolako Inaziori eta Espainiako Gerra Zibilari buruzkoa. Ibarnegarai eta Pétain(Putain!)-i buruzkoa. Popori eta Arantxa Zuluetari buruzkoa, zergatik ez. Baina hemen ez dut antzezlanaren kritika egiteko asmorik. Antzezlanaren sortze prozesuaz eta sortzeko motibazio eta asmoez hitz egitea iruditzen zait niri bereziki interesgarri.
Izan ere, oholtzan zein oholtzatik kanpo helburu politikoak dituen antzerkia da Francoren bilobari gutuna, eta honakoa du horietako bat: antzerkiari bere funtzio soziala itzultzea. Antton Lukuk Libertitzeaz azken liburuan azpimarratzen duenez, antzerki herrikoiak ezin du bizi tabuei heldu gabe. Eta hain zuzen ere, Lukuren azken laneko pasarte bat hautatu dute hiru antzerki konpainiek haien antzezlanaren aurkezpen dosierra irekitzeko:
Gure antzerkia hiltzen ari du gaien interesik gabeak eta irudi inpaktanteen faltak. Erakundeen antzerkian orde ‘spectacle vivant’ nozio frantsesa ezarri nahi dute. Hemen ari gara elkarri gezurka, hau edo hura biziki ontsa dela… aintzinatzen ari garela, antzerkirik ez delarik batere aipatu gauza horietan, polemikari ihes egiten dugu eta tabuak tabu daude, kulturak ez du biziarekin harremanik, lobelarra da. Aintzinatzen ari omen gara eta gure gazteak frantsesez ari dira euskarak ez duelako interesik gure ondoezaren ehotzeko. Gure begien aitzinean aldatu nahi zaio antzerkiari betidanik ukan duen funtzioa eta izatea.
Ander Lipusi entzun izan diogu herriak antzerkia behar duela, eta antzerkiak herria, eta Ximun Fuchsek adierazi izan du jendea euskal antzerkira joatea dela beraien helburu politikoa. Ez euskal antzerkia ikustera. Antzerkia ikustera, baizik.
Akats bat egina izan da, nire ustez, batik bat antzerki profesionalean. Jendeari erraten zitzaion joan behar zela antzerkia ikustera euskaraz zelako; kasik urrikaltasunez. Horrek ez gaitu interesatzen. Kontua ez da antzerki hau beste batzuk baino hobea dela. Gauza da momentu batean zerbait gertatu dela. Badira faktore anitz batere menperatzen ez ditugunak. Ahoz ahokoa ez da gure esku. Baina, aldiz, gure esku izan da horren posibilitateak sortzea.
Ez da erronka makala. Nola egin antzerki garaikidea gaur egungo Euskal Herrian? Edo zehazkiago, nola egin antzerki garaikide duina baldintza duinetan gaur egungo Euskal Herrian? Horra hor hiru konpainiek elkarlan hori abiatzearen arrazoietako bat: antzerki-zirkuitu zabal bat osatzeko elkarren beharra, bideragarritasuna emanaldi anitz ematearen bidez lortzeko. Horrek eskatzen duen lan zama beraiengan hartuz, noski, hots, programatzaileekin hurbileko lana eginez eta ahoz ahokoan konfiantza izanez.
Elkarlan horren ekarpenetako bat izan liteke, beraz, zirkuitu horren sorrera bera. Ez bakarra, alta. Hiru konpainietako aktoreez gain, antzezlan bakoitzean konpainiakoak ez diren beste zenbait aktorek hartzen dute parte (Zoila Berastegi eta Erika Olaizola, oraingoan), sortzaile berriei lanean formatzeko eta ezagutzera emateko aukerak sortuz.
Eta azken ekarpen bat aitortu nahi nieke hiru konpainiei eta lankideei: lurraldetasun ikuspegia hain modu zinezkoan gorpuztea. Izan ere, nabari da ez dela gidoian azken momentuan txertaturiko bi ahapaldiren kontua. Pertsonaia bati ekialdeko euskalkian hitz egiten uztea, –edo are– hitz eginaraztea. Lanketa kontziente bat dago horren atzean, eta baita egiturazko eragin bat ere: proiektu honek mugaz (edo mugez) bi aldeetako partaideak bildu ditu, oholtzan eta oholtzatik kanpo, lantaldeak egonaldiak egin ditu bi urtetan zehar Itsasun, Izpuran, Azpeitian eta Donazaharren, eta diru laguntzak bi estatutako erakundeei eskatu behar izan dizkiete. Eta nabari da. Onerako.
Hori bai. Antzezlana ikustera bazoazte, ez zaitezte hemen irakurritakoagatik joan. Joan zaitezte antzezlan eder bat ikusi nahi duzuelako.
Bide batez. Telesforo ez da Bogart antzezlana ere ikusgai duzue egunotan Lapurdiko Iduzkilore talde amateurraren eskutik. Egin dezagun lotura: 2010ean Manex Fuschek zuzendu zuen Iduzkilore izeneko lehen obraren ondotik etorri zen Hazparneko anderea 2014an, Telesforo Monzonen testua, Ander Lipusek zuzendua. Hirugarren honetan, Monzon bera da protagonista Xabier Mendigurenen testuan.
A, Metrokoadroka kolektiboak ere taula gainean du (Oier Guillanek idatziriko) Mr. Señora.
Eta martxan daude dagoeneko V. Antzerki Jardunaldixek Azkoitiko Matadeixen.
Orain, badakizue. Egin politika.