Firefox 10 urte eta aurrera

2014-12-03 Bloga

Mozilla Firefox (http://mozilla.org/eu/firefox) nabigatzaileak 10 urte bete ditu. Hamarkada bat, web libre eta independente baten alde. Internet Explorer nabigatzailea nagusi zen garaian alternatiba moduan jaio zen nabigatzaileak gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi du.

Bide oso berezia egin du. Mozilla Fundazioa sortu zen lehenengo. Momentu horretan, Netscape nabigatzailearen arduradunek, Internet Explorerren konpetentziaren aurrean, amore eman eta proiektua alboratu zuten. Alboratu baino, bere kodea ireki eta horrekin fundazio bat eratu zuten.

Fundazio hori izango zen, hainbat izen mahai gainean izan ondoren, gaur egun Firefox bezala ezagutzen dugun nabigatzailea atera zuena. Hasieratik, software librea, estandar irekien aldekoa, pribatutasuna eta segurtasuna oinarri izan zituen nabigatzaileak. Hasieratik ere, hizkuntza aniztasuna eta web teknologien ezagutza ere zabaldu nahi izan dituzte nabigatzaile horren bidez.

Etengabeko berrikuntzan dago Firefox, eta, noski, bere azken bertsioan ere badira batzuk; gehienak pribatutasunarekin dute harremana. Bilatzaileen artean pribatutasuna kontuan hartzen duen DuckDuckGo (https://duckduckgo.com) gehitu dute. Azken mugimenduen arrastoak ezabatzeko botoia ere gehitu dute nabigatzailean. Horrez gain, CDT Center for Democracy and Technology (https://cdt.org) eta Tor (https://torproject.org) proiektuekin batera lanean ari dira pribatutasun maila oraindik altuagoa lortzeko.

Mozilla Fundazioak, bere nabigatzailearen bidez, web ireki baten garrantzia ikusaraztea lortu du. Arlo horretan indartsu izan gabe, Internet Explorerrek bere garaian eta Chromek orain, askoz gehiago bideratu zezaketen ezagutzen dugun Web-aren etorkizuna.

Ezinezkoa litzateke Firefox ulertzea fundazioa eta bere inguruan biltzen den komunitaterik gabe. Fundazioa ez dago geldi, ez horixe, bere misioarekin aurrera doa, beste hainbat programa, proiektu eta ekimen aurrera eramanez. Garrantzitsuenak, beharbada, Firefox OS (https://mozilla.org/firefox/os), web teknologietan oinarritutako mugikorrentzako sistema eragile librea, eta Webmaker (https://webmaker.org), Web teknologiak ikasi, irakatsi eta sozializatzeko proiektua.

Firefox OSrekin, mugikorren mundu gero eta itxiagoan web teknologia estandar eta irekien bidez irekiera bultzatu nahi da. Horretarako, hardware behar handiak ez dituzten gailuetan ere ibiliko den kalitatezko sistema eragile bat sortu nahi dute. Joera aplikazio-merkatuen aldeko apustua denean eta software eta hardware kontrola areagotzen ari den momentuan, irekitasuna lantzeko estrategia bezala erabiltzen dute softwarea.

Webmaker, bestalde, ezagutza maila oso ezberdinak dituzten pertsonak Web teknologietan hezteko proiektu bat da. Bideo interaktiboen edizioa, webgune sinpleen sorrera, Web teknologien ezagutza edota aplikazio mugikorrak sortzea (programaziorik jakin gabe) dira ekimen honen bidez egin daitezkeenak. Helburua ere argia: teknologia irekien ezagutza hedatzea eta balioztatzea.

Bide luzea eta helburu argiak: eremu pribatuko ekimen baten porrotaren ondoren, bertako kodea askatu eta probestu, fundazio bat sortu, inguruan komunitate bat bildu… Prozesu berezi eta emankorra, egungo Web-aren izaera irekia baldintzatzea lortu duena eta etorkizunean ere egingo duena, seguruenik.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan