2014-10-15 Bloga
«Krisitik ez gara industria eredu berarekin aterako; aldaketa handi bat iritsi da». Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak esana da, abuztuak 10eko Berria-n. EAEn 2008ko industriako 250 mila lanpostuak 200 mila bihurtu zaizkigun honetan, krisiaren latza ukatzerik ez dago. Baikorkeria latza izan zen krisia gurera iritsiko ez zela esatea.
Eustatek lurraldez lurralde emandako datuetan, berriz, gutxitan aipatzen den datu deigarri bat: Araba eta Gipuzkoan lau lanpostutik bat galdu da 2008-2014 bitartean: industriako 15 mila lanpostu galdu dira Araban, 20 mila Gipuzkoan. Bizkaiak, ordea, hobe eutsi die zituen lanpostu industrialei: 108 milatik 94 milara jaitsi dira (%13ko galera); proportzioan, galera puskaz txikiagoa.
Tapiak aldaketa handia aipatzen du. Sektoreka, zertan aldatu da euskal industria? 2008-2012 epealdirako datu xeheak eskaintzen ditu Eustatek. Sektore bakoitzak guztira euskal industrian duen pisua aztertuz gero, sektore irabazleak (edo ez hain galtzaileak, zehatzago) badira epe horretan: makineria eta garraio industriaren kasua da hori. Lanpostuetan euskal industrian duten pisu erlatiboa igo egin dute, eta, proportzio are handiagoan, baita balio erantsian duten pisua ere. Hortaz, krisialdia dezente hobeto gainditu dute industri sektoreok: enplegu gutxiago galdu dute eta enplegu horren emaitza ere baliotsuagoa da egun, erlatiboki. CAF, Irizar, CIE Automotive edota Danobat datozkio bati burura boteprontoan. Oro har, tamainarena ere bada gure enpresek duten erronka.
Doikuntza bizi izan duten sektoreen beste muturrean, forja eta metalarekin zerikusia duen industria dago: euskal industri enpleguan pisua galdu dute (2 puntu gutxiagoko ekarpena), eta galera (txikiagoa, baina galera) izan dute balio erantsiari egindako ekarpenean. Hortaz, hain errentagarriak ez zitzaizkien langileak kaleratu dituzte. Produktibitatea handitzea dakar horrek, baina modu txar edo lazgarrienean: langabezia igoz. Dena den, hiltzen ez zaituenak indartsuago egiten zaituela ere esan liteke, lehiakideak jausi ahala merkatua zabaltzen baita bizirauten dutenentzat. Dena den, alor horietan euskal enpresek eskuratzen duten zenbateko osoa lehen baino gutxiago da orain.
Oihal, egur eta paperarekin zerikusia duten sektoreek ere pisua galdu dute sortzen duten enpleguari erreparatuta, baina balio erantsian duten pisua mantenduz. Hortaz, 2012ra bitarte bederen, ez dira forja eta metala bezain ‘galtzaile’ suertatu, nahiz doikuntza sufritu duten horiek ere.
Enpleguan pisu erlatiboa irabazi baina balio erantsian pisua mantendu bakarrik egin dutenetan, jakien eta lehengaien industria, etxetresna elektrikoak nahiz etxeko gailu eta altzariak ditugu. 2012ra arteko datu xeheak baino ez ditugu, ordea; 2013an gertatutako doikuntzak iristeke zeuden oraindik datu eta sektoreotara, hein batean bederen. Fagor Catari esleitu berri dioten honetan, ikuskizun dago puzzlearen azken itxura zenbateraino aldatzen den.
Azkenik, fintze eta kimika sektorea dugu: euskal datuak lar baldintzatzen ditu Muskizko findegiaren pisuak. Urteotan Petronorrek eraikitako koke plantak inbertsio handia eragin du eta jardueran berregokitze nabarmena ere bai: enpleguan duen pisu erlatiboa ia mantenduz, %4ko pisu galera ikusten da 2008-2012 artean balio erantsiari egindako ekarpenean. 2013an, bere historian lehen aldiz, galerak plazaratu zituen gainera Repsolen filialak. Baina, itxuraz, momentuko berregokitzea izan da: 2014an esportazio eta inportazioen handitze nabarmena bizi du erregaien sektoreak, Muskizen jarduera berrabiatzea protagonista duelarik. Marjinen estutzea ikaragarria ez bada, irabaziek laster itzuli behar lukete Barbadun ibai ertzeko findegira.
Hortaz, sektoreka ere, arrazoi du Tapiak: krisia latza da eta eragindako aldaketak itzelak. Espainian eta gurean eraikuntzak izandako goraldiak ispilukeria eragin zuen gure industrian ere. Ginen baino ederrago islatu gintuen datuetan. Indarguneak izan baditugu, baina krisiak hain latz jo gaituenerako, gantz batzuk ere bagenituen oparoaldiak ezkutatuak. Erronka teknologikoa aipatu du hainbatek, nazioartekotze beharrarekin. Prozesu osoak eta enpresa hornitzaile kateak eskaintzeko beharra ere aipatzen du Tapia sailburuak, Basque Country markaren indartzeaz ari dela. Hori dena eta gehiago beharko da, munduko merkatuetan, lidergoan izango diren enpresak lortzeko. Tamaina eta ikerketa nahitaezko dira, nazioartekotze bidean. Legegintzaldi bat baino gehiagorako erronka, bistan denez. Bitartean, pixkanaka baina etengabe galduz, higatuz joateko arriskuan gaude.