2014-05-14 Bloga
Duela hemeretzi urte Euskal Herria Zuzenean izan genuen Euskal Herriko lehen rock festibala, egungo dimentsioetan ulertzen den gisako festibala, diot. Eta ez soilik Euskal Herrian, Europan ere gutxi ziren molde horretako festibalak orduan. Nazioarteko musika taldeek eta bertakoek batera osatzen dute programazioa, eta marketatik kanpo antolatzen den festibal bat izaten jarraitzen du egun. Promotore baten eskuetan utzi beharrean, auzolanean eta elkarlanean bizirauten duen festibala da EHZ.
Gaur egun, herri oso bat harilkatzea du helburu festibal honek. Hasiera batean Iparraldeko barnealdeko eta kostaldeko gazteen arteko harremanak sustatzea bazuen xede, egun, Iparraldea eta Hegoaldea ere batu nahi dituzte. Nafarroa Beherean izan zuen sorrera, Zuberoatik ere igaro zen, eta Lapurdin izango dugu hemendik aurrera. Guda bihurtzen zaigun muga horrez gaindi mugitzen ari den festibal interesgarri bat.
Behar izaten dituzten zazpiehun boluntarioetatik, Hegoaldeko euskara elkarte batzuei aitortu behar zaie zubi-lanean egin duten lana, edo azken urteetan baita gazte mugimenduei ere.
«Herri hunek ditu: muga bat erdian, sei uniforme… normala ote? Hiru hizkuntza, baita gehiago ere, aberastu gaitezen pobretu gabe», zioen 2013ko ediziorako Willis Drummond taldeak sorturiko abestiak. Hegoaldeko kontzertuetan falta beharko ez zen abestia. Willis Drummondekoak izan daitezke azkenaldiko txori mugari adierazgarrienak, Hegoaldeko eszenan sartu direnak, muga guztien gainetik. Aipatu beharra dago Drummondarren lurreratzea Gasteizen izan zela 2007an, Hala Bedi irratiaren gonbidapenari esker. Paradoxikoa den arren, Hegoaldeko epizentroaren periferian, askorentzat. Eta handik zabaldu da Hegoalde guztira dagoeneko mainstream bilakatu den taldea.