2014-05-14 Bloga
Higiezinen burbuila oso fenomeno espainiarra dela, ez ordea gurea, pentsatzeko tentazioa izan dezakegu. Mediterraneoko kontuak. Eustatek eta Nafarroako estatistika institutuen datuetan aztarrika ibilita, ordea, zer pentsa ematen duten datuak topa daitezke.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 1991-2006 artean, populazioak %1,3 baino ez zuen gora egin eta 2,1 milioi lagunen bueltan gelditu zen. Herrialdeka, ezberdintasun aipagarriak izan ziren: Arabak %11,5eko populazio hazkundea izan zuen (31 mila lagun gehiago), Gipuzkoak %1,6koa (+11 mila) eta herrialde populatuenak, Bizkaiak, %1,4ko populazio galera pairatu zuen: 1,1 milioi lagun (16 mila lagun gutxiago).
Epe berean, zer gertatu zen etxebizitza kopuruarekin? Bada, %26,7 hazi zela. Hamabost urteren buruan, 207 mila etxebizitza gehiago zeuden EAEn, horietatik erdiak (102 mila) 2001-2005 epean eraikiak. Hortaz, etxebizitzako 2,72 lagun izatetik, 2,17 izatera pasa zen EAE. Izan ere, populazioa irabazten ari zen Araban %38 emendatu zen etxebizitza kopurua, %31 handitu ziren etxebizitzak populazioa apenas gehitu zuen Gipuzkoan eta %21,3 gehitu ziren etxebizitzak populazio galtzen zuen Bizkaian.
Azalpenetan arrazoitu dezakegu «baby boom» belaunaldiak emantzipatzera jo zuela, errenta gehikuntzak bigarren etxebizitzaren fenomenoa orokortu zuela edota bikote banaketek nahiz demografiaren jaitsierak lagun gutxiagoko familiak gehitu dituztela. Baina, ororen buru, esango nuke Espainian ere gertatu den etxebizitzaren garestitze eta espekulazioaren sorgin gurpila izan dela, interes tasa baxuak eta zorpetzeko muga eskasak lagun.
Nafarroan itxura orekatuagoa du kontuak: 2001-2011 epealdian %15eko populazio hazkundea %19ko etxebizitza kopuru gehikuntzarekin batera. Etxebizitzako 2,14 nafar izatetik, 2,07 izatera.
Hortaz, Mediterraneo aldean gertatuak gertatu, esan liteke gurean ere mende hasieran egon zela higiezinen merkatuaren puzte gehiegizko bat, etxebizitza hutsen gehitze nabarmenarekin batera. Eta horretan zerikusia izan zuten, noski, udalek, eraikitzaileek, erosleek, erosketa hobetsi duten politika fiskalek eta, nola ez, finantza erakundeek. Baita garai hartan aurrezki kutxak zirenek ere, %40ko merkatu kuota baitzuten gutxienera norbere herrialdean.
Inork aurrezki kutxak gehiegi idealizatzeko tentaziorik balu, derragun orduko BBK izan zela, berbarako, 2005ean 50 urterako hipoteka produktu berritzaile eta berdingabe gisa plazaratu zuena (ikus http://cincodias.com/cincodias/2005/12/29/empresas/1135867210_850215.html), edota, garaiko Gipuzkoa Donostiako Kutxa, besteak beste, Murtzian 220 milioiren sustapenetan sartua zena –horietako bat «Zerrichera» izen ponposo eta, agian, adierazgarria (ikus http://elpais.com/diario/2007/03/25/paisvasco/1174855199_850215.html).