2019-11-12 Bloga
Zinemaldian inoizko euskal pelikula gehien emango zirela idatzi genuen iaz, jaialdiaren 66. aldian. Euskal Herrian ekoitzitako hogei film ikusiko zirela denera, horietatik hamalau euskaraz, osorik edo hein batean. Behin halako titular bat idatzita, zaila izaten da hurrengoetan eustea. Aurten gutxiago izan dira, baina berdin izan dira aipatzekoak. Horien artean dago, esaterako, Maddi Barberren Urpean lurra. Paisaiaren memoriaz diharduen lana da, Itoizko urtegiaren gatazka abiapuntuan duena –hala zen iaz jaialdian aurkeztu zuen 592 metroz goiti film laburra ere–. Lan ezberdin bat da, hitz gutxikoa, iradokitzailea, orduko borrokaren artxiboko irudiak, bertako jendearen ametsak eta egungo paisaiaren irudiak gurutzatzen dituena.
Azkenaldiko beste film bat dakar gogora: Oskar Alegriaren Zumiriki. Donostiakoan ez, baina Veneziako Zinemaldian erakutsi dute abuztuaren azkenetan. Galtzear den hitz bat da Zumiriki, eta, zinemagilearen aitak hiztegi batean jasota duenez, ibai erdian dagoen irla esan nahi du. Alegria eta lagunak, Arga ibaian, Gorrizako zumirikian ibiltzen ziren jolasean umetan, eta orain presa batek urpean hartua dauka lekua –2003an ur azpian geratu ziren Itoitz, Artozki, Orbaitz, Gorritz, Muniain, Ezkai eta Artzi herriak bezala, bere kale, zelai eta harrizko hormekin–. Espazio baten memoriaz ari da Alegria ere, beraz. Kasu honetan, bere gorputza erdian jarrita, eta oihanean jasotako egurrezko etxola batean bizitzea probatuz.
Nik hau memoria esperientzia gisa pentsatu nuen, eta ez iraute esperientzia gisa. Hau ez da edozein oihan, gainera. Ez naiz joan galdutako oihan ezezagun batera. Misterio ezezaguna misterio handiagoa da, baina ni etxeko misteriora joan naiz. Hau nire oihana da. Hau da nire Obaba, nire mundua. Amonaren bordan elkartzen ginenontzat, ibaiaz bertzaldekoa ertz basa eta misteriotsua zen.
Hitzik apenas duten lanak dira biak. Ez da beti hitza behar. Eta, halere, gure zinemaren mututasunak gorde lezakeenaz ohartarazi du Harkaitz Canok jaialdiaren egunetan, Zurriolako butaka saioan orain, udaberrian Donostiako Tabakaleran eskaini zuen ‘Noizko euskal zinema berritsua?’ hitzaldian plazaratutakoaren bidetik. Hala esan zuen, hiru kolpetan:
Asko maite ditut film erdi mutuak, irudietan oinarrituak, baina iruditzen zait sintoma bat izan daitekeela gure kasuan, denak direnean horrelako pelikulak. Mesfidantza bat sortzen dit: zer gertatzen da hemen? Hizkuntzarekin dugu arazoa ala hain onak gara kontatzen, zinema egiten, eta beraz ez dugu hitzik behar? Eta nire susmoa da bietatik pixka bat bagarela.
Errebindikatzen dut. Irudikatzen zait eskola bat sortu beharko litzatekeela. Oraindik ere, ez dugulako naturaltasunez zineman, inolako arazo edo planteamendu aprioristikorik gabe, modu zinezko eta zineko batean euskara lantzerik izan.
Entrenamendu geruza estra bat behar dugu. Zineman, irudia, soinua, pertiga bere lekuan dagoen, kanpoko zaratarik sartzen ez den… horretaz oso pendiente gaude, baina iruditzen zait esateko moduaz, ahoskatzeko moduaz eta isiltasunak murduskatzeko moduaz ez garela hainbeste arduratu.
Mututasunaren beste muturrean, Agur Etxebeste! Zinemaldian estreinatu dute pelikula berria Telmo Esnalek eta Asier Altunak. Eta duela hamalau urte euskal zinemaren historian mugarri bat jarri bazuen Aupa Etxebeste!-k –Anjel Lertxundik 1987an Kareletik zuzendu zuenetik ez baitzen filmik egiten erabat euskaraz–, berriz egin du filmaren bigarren itzuliak: lehenengo aldia izan da euskal pelikula baten bigarren parte bat grabatu dena –dena egiteko dugunaren beste adierazle bat–. Fikzioaren lurretan nola gabiltzan ikusita, batik bat telebistan, jakinda aktoreentzat dagoen lan eskasia, zerbait hunkigarria du Esnal eta Altunaren filmean aspaldi ikusten ez genituen aurpegi ugari elkarrekin ikusteak: Iban Garate, Sara Cozar, Iñake Irastortza, Xabier Donostia, Ainere Tolosa, Martxelo Rubio, Javier Tolosa…
Ohitu egin gara Viktoria Eugenia antzokiaren eta Kursaalaren aurreko iragarki oholetan, gutxien-gutxienean, euskal film bat edo bi ikusten urtero. Azken edizioetako kontua da, baina. Are gehiago euskal zuzendari batek ondutako lan bat Sail Ofizialaren barruan ikustea, Urrezko Maskorra lortzeko lehian. Moriartikoak izan dira horretan aurrendari; Loreak-ekin lehenengo, Handia-rekin gero. Eta aurten ere bertatik igaro dira, ohi bezain distiratsu. Estreinakoz, espainolez egindako film luze batekin heldu dira jaialdira, eta, askok bezperan iragartzen zuten bezala, ez dira esku hutsik itzuli: zuzendaritza eta gidoi onenaren sariak lortu dituzte, baita euskal zinemaren Irizar saria eta kritikaren Fipresci saria ere.
«Behin heldu diren lekura helduta, normala da oso gaztelaniazko merkatura jauzi egin izana». Eta glup. Bati entzun diot hori, eta halere pentsatu nahi dut ez dela gehiengoaren ustea, ez eta egileen ikusmoldea. Zer pentsatua ematen du, nolanahi ere, ez dela apenas hitz egin horretaz –eta baliteke egia izatea, musikari batzuk, beste sortzaile batzuk estuago hartu izan direla hizkuntza hautuari dagokionean–. 36ko gerra. Malaga. Hobe dela ezer behar baino gehiago nahasten ez hastea genion gure artean, konplexu puntu batekin ere bai seguru, eta hor non, jaialdiaren biharamunean, El País egunkariko kazetari bati irakurri diogun, lasai ederrean:
Berretsita geratu da hasi duten bide horri segitu behar diotela: espainierarako jauzia egin –bazter batera utzirik lehendik erabili izan duten hizkuntza, euskara–, eta asmo handinahiagoak izan –Euskal Herritik kanpo girotuta dago istorioa, Malagan, Gerra Zibilean eta hango gerraoste luze eta terriblean–.
Oraina oroitzen
Egunero dira efemerideak, urtero urtemugak. Eta aitzakia bihurtzen ditugu, kasurik onenean, kontatzeko, transmititzeko. Beste garai batean idatzi, eztabaidatu, margotu zena ekartzeko, beste garai batzuk ezagutzeko, eta, beraz, gaurkoa ere ulertzeko. Urtea amaitu aurretik ekarri dugu gogora, esaterako, aurten duela 50 urte jarri zirela Oteizaren apostoluak Arantzazuko basilikaren fatxadan, aurreko hamalauak errepide bazterrean botata egin ondoren; beste hainbeste igaro direla Ekaingo kobetako arte labarra topatu zutenetik; 35 urte direla EIZIE baino lehen sortu zen Senez itzulpen aldizkaria lehenengoz argitaratu zenetik; mendera heldu dela Euskaltzaindia eta mendera Eusko Ikaskuntza. Luzea da zerrenda, eta seguru luzeagoa da lerroburuetan ospatu ez ditugunena.
Ospatu ditugunen artean, Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren Elsa Scheelen –aurrena gehiago bigarrena baino–. Bost hamarkada dira bi liburuetan euskal nobelagintza modernoko aurreneko emakume protagonistak agertu zirela; eta haietan agertu, orobat, dibortzioa, abortua eta garaiko Euskal Herrian tabutzat hartzen ziren gaiak. Ez daude alferrik atzerrian girotuak. Euskal idazle andrazko baten estreinako nobela, aldiz, hamar urtera heldu zen: Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox. Artikulu serie oparoan harilkatu zuen guztia Amagoia Gurrutxagak udan, Berria-n. Eta sei aleetako azkenean, Urretabizkaiak eta garaiko idazle emakumeek urratutako bideari eskainitakoan, Iratxe Retolazak ohartarazpena egin zuen zein bihurtu den zentral, eta zein geratu den ertzetan, 1980ko hamarkadan profesionalizazioaren aroa heldu zenetik:
Kanon bat sortu zen, eta historia bat egituratu, Koldo Mitxelenaren Historia de la literatura vasca [1960] ardatz hartuta. Hego Euskal Herriko hizkuntzalari gizonezko batek frankismo betean egindako euskal literaturaren historia bat da gaur arte egindakoaren ardatz nagusia, horrek esan nahi duen guztiarekin. Bada historia berriak egiteko garaia.
Eta azken bi kolpe:
Euskal prentsak badu kontzientzia feminista, baina hori ez da euskal kultur sistemaren errealitatea. Zenbait emakume idazlek hedabideetan ikusgarritasuna izateak ez du esan nahi kultur esparruan aitorpena dutenik. Kultur esparruan osotasunean eragitea da erronka. Arazorik handiena kritika arloan dugu.
Erreferentzialtasuna askoz gehiago jokatzen da egun diziplinarteko jardunean liburuetan baino, Ez Dok Amairuren garaiko proposamenetatik gertuago, Arestik eta Lurrek ordezkatu zutenetik baino. Eta, hala ere, segitzen dugu liburuaren kultura soilean pentsatzen.
1969koa den beste obra gako bat ere ekartzen du argitara Retolazak: Joxan Artzeren Isturitzetik Tolosan barru. Deitu artefaktua, deitu literatur obra artistikoa. Nahiko bazterrean utzia izan den lan bat izateko, feminismotik ere zer irakurria duena. «Genero ikuspegitik, lan hori sekulako astindua da nazional-katolizismoaren familia eta gizarte eredua nagusi zen garaiari».
Baina efemeride beharrik gabe ere, oroitzeko beharrak bizi gaitu. Premia bat da, jatearekin, lo egitearekin eta bizitzarako aditz oinarrizko guztiekin batera. Eta memoriaren zuloez ari gara batzuetan, eta akaso betekadez ere ari beharko ginateke zenbaitetan. Josu Zabalak eta Iñaki Garitaonandia Gari-k Hertzainak taldearen abesti zaharrekin egindako kontzertuen arrakasta ikusi besterik ez dago. Lehenengo Bilboko Kafe Antzokian eta ondoren Euskalduna Jauregian, leporaino bete dira aretoak, nostalgiaren zapore mikatzean zoriontsu jendea.
Izan ere, paisaiak nola bizi dira garaiak jendearengan. Itzuli egiten dira, nolanahiko formetan. 1980ko urteetako oihartzunak bueltatu badira asteotan Hertzainak-en kontzertuekin, ozenago datoz bidean dabilen Zaldi urdina-rekin. Artedrama, Axut eta Dejabu konpainiek elkarrekin emango duten laugarren obra. Drogek orduan ireki zuten zaurian sartu dituzte eskuak, eta hasi dira jada herriz herri lauhazka. Ximun Fuchsek zuzendu du antzezlana, eta zera dio, kulturan dabilen edonorendako baliagarri dena: «Beti kontatzen dugularik zerbait, gaurko garaia kontatzen dugu».