Erresonantzia – Jokin Bergara

2025-02-18 Egunen gurpilean

Argazkia: Christian Åslund. Greenpeace-k klima eta ozeanoen babesera deitzeko antolatutako ekimena 2024

 

Erresonantzia

Beti pentsatu izan dut ‘ongizatea’ eskuetatik errazegi erortzen den hitza dela, indarrik gabea. Edozein herrialdetako arduradun politikoren ahotan aurki daiteke, autolaguntza liburuetan, ikergai akademikoetan edota auzo asanblada batean. Migraziorako oztopo gehiegi ez duen hitza da, baina agian hain justu horregatik, gure eguneroko bizitzetan errotu eta erabiltzeko iheskorra da oso. Inoiz ez dugu esaten «gaur ongizate egun bat izan dut» edota «ongizate oporrak izan dira aurtengoak» edo «atzo gauean lagunekin ongizate momentua izan genuen». Gorputza falta zaio, ulertzen da haren esangura baina esan-indarra galtzen du ahoratu bezain laster.

Ez dakit Hartmut Rosa soziologoak antzeko gogoetak zerabiltzan buruan alienazioaren kontrakoa den hori definitzeko «erresonantzia» kontzeptua erabili zuenean. Erabil zezakeen ongizate, instituzio orok begi onez ikusiko lukeen hitz laua, ikerketa proiektu anbiziotsuren bat diruz ondo hornitzeko, baina ez. Frankfurteko eskolaren itzalean kokatuta, alienazioaren kontrapuntuaren bila hasita, Rosak erresonantziari buruzko teoria oso bat garatu zuen. Pentsamendu sozial kritikoaren lurralde abandonatuetara jo eta teoria soziala eraikitzeko saiakera egitea bada mundu akademiko garaikidean gutxik abiatzen duten abentura, eta, zentzu horretan, eskertzekoa da gure garaia azaltzeko ausardia hartzea, filosofiara, zientzia politikora eta soziologiara hurbilduz. Esan liteke Tiktoken garaian bostehun orrialdetik gorako bi liburutan «azelerazio sozialari» (H. Rosa, E. Dávila eta M.A. Ibargüen: Alienación y aceleración. Hacia una teoría crítica de la temporalidad en la modernidad tardía, Katz, 2016) eta «erresonantziari» (H. Rosa: Resonancia. Una sociología de la relación con el mundo, Katz, 2019) buruzko teoria sistematiko eta zorrotz bat eraikitzeko saiakera badela; neurri batean, garaiz kanpoko ariketa egoskor bat. Baina bada, era berean, geroz eta esanahi gutxiago duten kontzeptu lauen zurrunbilotik atera eta ezberdina den zerbait irudikatu eta proposatzeko ausardia.

 

Zer dago alienazioaren bestaldean?

Zer da, beraz, alienazioaren kontrakoa den hori? Noiz sentitzen dugu? Nola sor ditzakegu hori guztiontzat posible egiteko baldintza sozialak? Agian galderan bertan badago tranpa konponezin bat hasieratik, marxismoak ongi azpimarratu izan duen moduan: menderakuntza eta injustizia dagoen bitartean (bere forma guztietan), nekez heldu ahalko diogu ‘beste’ bizimodu baten, alienatu gabearen, auziari. Bizimodu ona, etortzekotan, etorriko da menderakuntzak posible egiten dituzten baldintza materialak ezabatzetik. Rosak buelta ematen dio horri: agian, pentsamendu kritikoaren eginkizun nagusia bizimodu triste, hotz, bakarti eta isolatuaren berri ematea da, hortik abiatzea. Lehenik gainditu dezagun alienazioaren arazoa, bizimodu errari eta dohakabeen korapiloa, eta hortik gainditu ahalko dira, ondoren, menderakuntza eta injustizia.

Ez dakit, errezeta politiko gisa, eraginkorrena den Rosak planteatutakoa. Agortzen ari den mundu batek eskatzen baitu, ezinbestez, analisi eta ekinbide materialista. Baina, gutxienez teorian, galderak balio izan du bidezidor berrietatik garaia usaintzeko. Zer da, orduan, egoera erresonante bat? Rosaren arabera, zerbaitekin erresonantzian gaude zerbait horrek erantzuten digunean, bizirik sentiarazten gaituenean edo eraldaketaren bat eragiten duenean gure baitan. Gure eguneroko mundutxoetan gure ekintzengatik oihartzun positiboak etortzen zaizkigunean bueltan, alegia.

Izan liteke liburu on bat, kontrazala ixten duzunean zerbait berezia gertatu dela sumatzen duzunean. Izan liteke pertsona bat, kantu bat, toki bat edo iluntze eder bat lagunen konpainian. Izan liteke ere lan on batek inguruan eragindako aitortza edo etxe baten berotasuna. Erantzun bat sentitzen dugu gauzen mundutik, nolabaiteko musikaltasun bat, uhinak erresonantzia kutxan jo eta bueltan datorkiguna. Bizitza on batek, beraz, erresonantzia behar du.

Galdetu genezake, ordea, ea mundura menderatzaile agertzen direnek ere ez ote duten erantzun positibo eta baikorra jasotzen bizi dugun mundutik. Ea eskuin muturreko kazetariek, influencer-ek edo kriptobro-ek ez ote duten haien erresonantzia kutxa propioa aurkitzen. Trump, biziera alienagarri eta ondoez kolektiboaren emaitza baino, agian talde sozial baten gozamen eta aitortzaren emaitza ere baden. Ea kriptodiruaren inbertsioan ere badagoen militantzian adina erresonantzia.

Gehi genezake ere etxebizitzara sarbiderik ez duenak edo gutxieneko baldintza materialak asetzeko justu dabilenak nahiago izango duela lehenik oinarrizko gauzak bermatzea, munduarekin erresonatzen hastea baino. Zentzu horretan pentsa dezakegu Rosak Alemaniako klase ertain-altuari hitz egiten diola, negozio bidaietan, kongresuetan eta aireportuetan bizi den talde sozial europar zuriari. Inoizko garraiobide eta gailu azkarrenak dituen eta hala ere denbora falta zaion bizimodu paradoxiko horri, azken buruan.

Edozelan den, Rosak hazkundearen eta abiaduraren bilaketa lehenesten duen gizarte-sistemaren bihotzean ematen du kolpea. Alienazio gutxiagoko ‘beste’ bizimodu bat pentsa, irudika eta ekar daitekeela esperientziaren lurraldera. Ondo bizitzearen pentsamendu bat, soziologia bat, praktika bat. Agian gure erresonantzia kutxak bilatu eta gaurkotzean dago gakoa, lagun, kultur jarduera, lanbide edo proiektu politiko erresonanteak sortzean.

 

Garai erresonantea?

Sarri pentsatu izan dut 90eko hamarkadan jaio ginenok ez dugula, belaunaldi bezala, momentu katartikorik bizi izan, ez politikoki, ez kulturalki. Historiak ez digula Woodstock txikirik edo euskal eskalako Krabelinen Iraultzarik oparitu. Kontrara, krisiak, gerrak eta pandemiak kateatu ditugula bata bestearen atzetik, paretan gora azken mugimenduak trabatzen zaizkion eskalatzailearen antzera. Bizitzea tokatu zaigun garaiak ez duela energia positibo baikor eta askatzailerik taupatu, eta, ondorioz, ezin izan ditugula geure buruak konfiantza kolektiboko aro baten energiarekin elikatu. Rosarekin esateko, erresonantzia kutxa hondatua tokatu zaigula.

Hori pentsatu izan dut XX. mendeko idazleen liburu autobiografikoak irakurri izan ditudanean, nahiz eta zahartzaroan gazte garaiari begiratzeak beti duen kutsu erromantiko batera irristatzeko arriskua. Kontakizun horietan, antzerako egitura narratiboa erabiltzen da aro emankor eta baikorrak deskribatzeko: itxitik zabalera, ilunetik argira, pobreziatik garapenera edo itsusitik ederrera doan garai bat. Alienaziotik erresonantziara, esan beharko genuke beharbada. Liberal bat eta marxista bat aipatzearren, hona hemen Stefan Zweig eta Eric Hobsbawnen bi lekukotza:

Gutako gehienontzat, gerraosteko bizitza eskailera mekaniko baten antzekoa izan zen, aparteko saiakerarik egin gabe, sekula pentsatu baino gorago igoko gintuena. Are, nire moduko jendea ere, Gerra Hotzaren eraginez bere garapen profesionala atzeratu behar izan zuena, eskailera horietan gora gindoazen […] soilik jende gazte eta mugituak aprobetxa zitzakeen lehen aldiz gizarte hark ematen zizkien aukera guztiak. (E. Hobsbawn: Años interesantes. Una vida en el siglo XX, Crítica, 2003: 211; neure itzulpena)

Ez soilik hiriak, mende aldaketarekin pertsonak ere ederragoak eta osasuntsuagoak bihurtu ziren, kirolari, elikadura hobeari, lan jardunaldi laburragoei eta naturarekin kontaktu intimoago bati eskerrak. Mendiak, lakuak eta itsasoa gertuago zeuden. Bizikletak, automobilak eta tren elektrikoak espazio sentipen berritua ekarri zuten. Jendeak mundua ikusteko, dastatzeko, kuriositatea garatu zuen, beste kemen bat, txangoen aurrean ez horren beldurtia […] mundua ez zen soilik toki ederragoa bilakatu, ezpada askeagoa ere. (S. Zweig: El mundo de ayer. Memorias de un europeo, Acantilado, 2012: 249-250; neure itzulpena)

Eskailera mekanikoan gora zihoazen garai baikorrek, ordea, topo egin dute mugekin. Mendiak, lakuak eta itsasoak gerturatu ziren bezala, badirudi glaziarrak, oihanak eta ibaiak urruntzen ari zaizkigula. Gazte belaunaldien errelatuan, garai hobeak baino, okerragoak etorriko diren susmoak piztuta daude, eskailera mekanikoan gora beharrean, igogailuko zuloa gertuago ez ote dagoen. Egitura narratibo garaikidea iraulita topatu dugu nolabait: zabaletik itxira, ederretik itsusira. Hobsbawnek XX. mende laburra definitu zuen bezala (1914-1991), agian gure XXI. mendeari hasiera puntua 2008ko krisian jar diezaiokegu, edo 2020ko pandemian. Historialariek esango dute. Agian gertakari horiek azaltzen dutelako erresonantzia gutxi entzutea belaunaldi baten esperantzen eta garaiak zabaltzen dituen aukeren artean.

Ikerketa galdera interesgarri bat litzateke, ea norbere eguneroko bizitzan erresonantzia sor daitekeen bezala, kolektiboki sortzeko zein ezaugarri behar diren. Ea data seinalatu batean egiten duen soinua, esaterako, 2011ko maiatzaren 15ean, 2017ko urriaren 1ean edo 2018ko martxoko greba feministan, edo garai bat den, ziklo bat, bere energiarekin erresonantzia kutxak elkarren artean koordinatzen dituena. Edo, kontrara ere, garai bat den alienatua dagoena, apurtzeko zorian, urtegi bat eusten duen dikea apurtzen denean bezalatsu.

Ez dakit ongizatea bilatzeari utzi eta erresonantziaren bilaketa zehatzagoetan sartzea den bidea. Zalantza dut ere ea eguneroko hizketaldietara ekartzeko aukerarik txikiena ere ba ote lukeen berba horrek, edo antzeko esanahiren bat eman diezaiokegun, euskaraz, hitzen bati. Baina esan dezaket pentsamendu sozialean interesa duen edonorengan aztarna lagatzen duela Rosaren lanak, kontrazala itxi eta zerbait gertatu izanaren sentsazioa, hain justu.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan