Erdiguneak eta geruzak

2014-05-14 Bloga

Hiztunpolisa liburuaren azpitituluak Euskaltasunaren norabideaz apunteak dio. Horretaz ari da, baina, akaso, euskaltasunaz baino gehiago, batez ere euskalgintzaz ari dela esanen nuke. Liburuan gehien erretratatzen den jendea euskal munduaren zati bat da, mundu hori osatzen duten geruza guztien artean erdigunean dagoena, nolabait esateko eta Jonen irudiak erabilita. Euskaldun gehienak, ziur asko, ez dira deskribatutako erdigune horretan sartzen, baina berdin-berdin dira komunitatearen parte. Eta hor badugu paradoxa bat. Euskaltasunaren muin horren korronteak norabide batean tira egiten du, baina askotan inguruan dugun gizarteak beste norabide batean jotzen du, eta gizarte horri atzean doazkio komunitatearen erdigunean ez dauden geruza horiek edo geruza horien zati handi batzuk. Sokatira horretan soka hautsi ere egin liteke, eta geldi gintezke gure autentikotasunean eta originaltasunean bakar-bakarrik. Baina, bestalde, tira egiten ez badugu, euskararen zelofana duen kultura guztiz arrotzarekin geldi gintezke. Gure baitako begiradaren eta hizkuntza komunitate nagusiekiko homologazio hutsaren arteko tentsio horretan oreka puntu bat bilatu beharko dugu nonbait, barne hausturarik ez badugu nahi. Orekak, noski, ez du esan nahi juxtu-juxtu erdian gelditzea.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan