‘El asalto’ – Cira Crespo

2025-02-18 Egunen gurpilean

Irudia: EUSKAL HERRIKO MEATZARITZAREN  MUSEOA FUNDAZIOA

 

Europako ideologia kartesiarra

Institutu garaian, Filosofian, lema edo lelo ezagun bat erakutsi ziguten: Cogito ergo sum (pentsatzen dut; beraz, banaiz). Pentsamendu modernoaren oinarria omen da. Ondo begiratuz gero, leloaren atzean ni argi bat agertzen zaigu. Nork esaten du hori? Nor da? Ni hori Mendebaldeko gizon zuri bat da, kultura hegemonikotik hitz egiten duena. Oinarri horretatik abiatuta eraiki dira Mendebaldean (hau da, Europan) jaio diren ideologia nagusi guztiak. Unibertsalismoz mozorrotu dira ideologia horiek guztiak, eta konponbide berdinak eman nahi izan dizkiete ‒unibertsalak, diote beraiek‒ herri guztiei, arazo guztiei.

Baina zein baldintza politiko, ekonomiko, historiko eta kultural behar izan dira baten batek, XVII. mendearen erdialdean, hain filosofia bitxia sortzeko, filosofia bera Jainkoaren pareko bihurtu eta jainkotasuna Mendebaldeko gizonen neurrira errepresentatzen duena eta, era berean, gauza guztiei dualtasun horretatik erantzuten diena? Bere buruari galdera hori egin ondoren, Ramon Grosfogel pentsalari dekolonialak honako erantzun honen posibilitatea eskaintzen digu: asmo harroputz hori bere burua munduaren erdigunetzat duela pentsatzen duen norbaitengandik baino ezin da etorri, mundu guztia konkistatu duelako. Eta Grosfogelen hitzei beste hauek gehituko nizkieke, berriz, nik neuk: Europako lurretan hasi zen gizonezko ni harroputz hori bere burua definitzen.

Jauzi horrek, dudarik gabe, kapitalismoa eta bere jarraitzaile nagusi den faxismoa du ordezkari nagusi; baina, susmoa dut sozialismoa ere konprometitzen duela, XIX. mendearen hasieran asmo unibertsalistarekin sortu zen beste ideologia. Garbi zeukan Aimé Césairek, Martinikako pentsalariak, 1956an Frantziako Alderdi Komunistari uko egiteko gutuna idatzi zuenean:

Ezin ukatuzkoa da gure borroka, kolonialismoaren aurkako kolonizatutako herrien borroka, arrazakeriaren aurkako herri beltzen borroka, askoz ere konplexuagoa dela; nire ustez, langile frantsesek kapitalismoaren aurka duten borroka bestelakoa da, eta inola ere ezin da borroka horren zatitzat hartu.

Zer pentsatu ematen dit ni horren (eta, ildoan, gu horren) eraikuntza, XX. mendearen hasieran, Europako txoko batzuetan, zer-nolakoa izan zen aztertzeak; kopeta zimurtzen zait zein hasiera zail korapilatsu, kontraesanez betea izan zuen begiratzean.

 

Sassari Brigada

Antonio Gramsci sozialismoaren teorialari nagusietakoa izan zen, faxismoaren aurka aritu zena bizi osoan. Horretaz gain, guri interesatzen zaigun gaiari dagokionez, Gramsci bera izan zen barruko kolonialismoari buruz teorizatu zuen lehenetako bat. Sardiniarra izateak bazukeen zerikusirik horretan. Alcuni temi della questione meridionale (1930) eman zion izenburutzat gaiari buruzko lan nagusiari, Hegoaldeko auziari buruzko gai batzuk. Esan dezadan, estatu espainiarretik irakurrita behintzat, meridionale hitzaren erabilera ez zaidala asko gustatzen, hemen ohikoa baita puntu kardinalak herrien izenak ezkutatzeko erabiltzea, «por el Levante», «me voy al Norte» eta horrelakoak. Usain frankista hartzen diet. Gramsciren garaiko Italia aldean, berriz, ez dakit: Mezzogiorno-an, Italia meridionale hartan, hau da, Erromaz hegoalderako Italiako lurraldeetan, hizkuntza ugari hitz egiten dira, eta hizkuntza bezainbat historia dauzkagu, eta dudatan naiz guztiak baldintza berberetan dauden Italiaren menpe. Bestetik, ezin dugu ahaztu horren inguruko hausnarketa eta proposamen guztiek asmo argi bat dutela Gramscirentzat. Hain zuzen ere, Gramscik ulertu nahi du zein izan den Italiako nazio eta estatu modernoaren sorrera eta garapena, hartara, «batasun italiarraren beharra oinarri berri batzuen gainean jarri» ahal izateko; hori bai, noski, batasun hori zalantzan jarri gabe. Bere pentsamenduaren marko garbia estatu italiarra zen.

Analisia egiteko –esan bezala, sardiniarra baitzen bera ere–, erraz zitzaion garai hartako sardiniar erregionalistekin hitz egitea. Emilio Lussok, adibidez, gutun batean esaten zion Sardinia «nazione fallita» bat zela, hau da, «porrot egin duen nazio bat». Zehatzago adieraziko zuen iritzia Camilo Bellienik, 1920an: «Gure herrialdean badago nazio bat eraikitzeko materiala, baina material hori ez da inoiz kontzientzia bihurtzen, Sardinia Italiako intelektuarekin dagoelako pentsatua».

Bai Lusso, bai Bellieni, Sassari Brigadako partaideak izan ziren; halaber, Partidu Sarduren fundatzaileak. Sassari Brigada Italiako armadako infanteriako brigada zen, eta soldadu sardiniarrez osatuta zegoen. 1917ko abuztuan Turingo langile mugimenduaren errepresioan parte hartzera bidali zituen estatu italiarrak Sassari Brigadako soldaduak. Gramscik, gertakariaz ari dela, langile sardiniar baten eta soldadu sardiniar baten arteko elkarrizketa transmititzen digu.

«Zer egitera etorri zarete Turinera?», galdetzen dio langileak soldaduari; «Gose-greba egiten duten jaunen aurka tiro egitera etorri gaituk», erantzuten dio soldadu sardiniarrak. «Baina gose-greban daudenak ez dituk jauntxoak, langileak eta pobreak baizik», argitzen dio langileak. «Hemen denak dituk jaunak: lepoa eta gorbata zeramatek; egunean 30 lira irabazten ditiztek. Nik pobreak ezagutzen ditiat, eta nola janzten diren ere bai; Sassarin bai, hor bai pobreak; nekazari guztiak pobreak gaituk eta egunean 1,5 lira irabazten ditiagu». «Baina ni langilea nauk, eta pobrea», langileak; «Hi pobrea haiz sardiniarra haizelako», soldaduak.

 

Begoñako gertakariak

Bi urte geroago, Euskal Herrian, abuztua zen ordukoan ere, pikete batek tiroz hil zuen baserritar bat, Victor Bilbao. Garai hartako hiru egunkari nagusien kronikak transkribatuko dizkizuet.

El Liberal-en, abuztuaren 19an:

Poco después de las 7 de la mañana comenzó a circular la noticia de que en Santo Domingo (Begoña) se había registrado una furiosa colisión entre un grupo de aldeanos de Zamudio, Sondica, Lezama y otros pueblos próximos, que venían a trabajar al muelle de Bilbao, y otro grupo de huelguistas. A consecuencia de este choque habían resultado un muerto y varios heridos. Los principales propagadores de la infausta nueva fueron las aldeanas que acuden al mercado con leche, frutas y hortalizas. […] Los reporters acudieron al muelle para ponerse al habla con algunos de los testigos presenciales del suceso. Uno de ellos, Crispín Landeta, les hizo interesantes manifestaciones: «Yo venía con dirección a Bilbao con mi sobrina Martina Urquiza, cuando, al llegar a la casa que al lado de la carretera tiene Felix Asla, encargado de distribuir el trabajo de la Sociedad patronal, ví un grupo de obreros. Al llegar al sitio denominado Camiruaga, cinco hombres que salieron de detrás de una pared me llamaron. Mi sobrina, atemorizada, me dijo: ‘Te van a matar’. No obstante me puse al habla con ellos. ‘Vuélvete a casa; tú vas a trabajar al muelle’. Yo contesté: ‘He trabajado en el muelle, pero ya no trabajo. Voy a Bilbao a descargar un carro de leña’. Y señalé a uno que avanzaba por la carretera. Sin duda, les satisfizo mi contestación y me dejaron marchar. Apenas había andado unos cien metros oí un tiroteo, observando que caían al suelo, heridos, varios obreros de Zamudio». Luis Aurrecoechea refirió el encuentro de la forma siguiente: «Al pasar frente al camión que conduce a Archanda, varios individuos, uno de los cuales conozco de vista, por haber trabajado en el muelle, aparecieron detrás de un paredón y nos preguntaron: ¿A dónde vais? Yo respondí: A dar un paseo, ¿qué pasa? En aquél momento asomaron por encima de la tapia otros hombres, armados de pistolas y revólveres, los cuales hicieron varios disparos. Uno de los proyectiles atravesó el pecho de Víctor Bilbao […]. Nuestros compañeros avanzaron, y, al verlos, los agresores se dieron fuga: pero siguieron disparando. Una bala me alcanzó a mi. […] Los agresores fueron perseguidos por mis compañeros. No sé si les habrán dado alcance».1

El Socialista-n, abuztuaren 21ean:

A continuación una versión de los lamentables sucesos ocurridos el día 18 en el alto de Santo Domingo, y según la cuál los responsables materiales de todo lo sucedido son los esquiroles. Según esta versión, entre las seis y media y las siete de la mañana subía por la carretera de Santo Domingo un grupo, en el que figuraban unos 20 obreros. Los del grupo se encontraron, al llegar al alto de Santo Domingo, con los siguientes aldeanos que venían a trabajar a los muelles, aconsejándoles que no traicionaran la causa de sus compañeros y que volvieran a sus casas.
Los aldeanos se negaron a acceder al consejo y siguieron hacia Bilbao, sin que les molestaran en lo más mínimo. Uno de estos aldeanos, fue Crispín Landeta. Poco después los huelguistas hacían la misma recomendación a otros aldeanos, que contrastaron con altivez y en tono de desafío: Vamos de paseo, ¿qué hay? Inmediatamente detrás de estos otro grupo […] al frente de los cuáles marchaba el encargado, Felix Asla. Este al ver lo que sucedía se encaró con los acompañantes y les dijo: ¡Son los huelguistas, duro con ellos! En aquél instante los aldeanos hicieron algunos disparos sobre los huelguistas. Algunos de los huelguistas, que llevaban armas de fuego, contestaron a la agresión […]. Casi todas estas armas eran viejas y se inutilizaron en los primeros disparos. […]. Los huelguistas vieron caer a tierra, herido sin duda, a uno de los aldeanos. En la imposibilidad de hacer frente a los aldeanos, muy superiores a ellos en número, se dieron a la fuga. La persecución fue muy pintoresca. Los aldeanos daban gritos estridentes, que oían a gran distancia, y, al escucharlos, salían de los caseríos, diseminados por el valle, los aldeanos, armados de estacas y escopeta, y acompañados algunos de sus perros. Cogieron a dos obreros y cayeron sobre ellos, poseídos de una gran furia, apaleándoles sin piedad.2

Euzkadi egunkarian, abuztuaren 19an:

Un muerto más, señor Regueral [garai hartako gobernadore zibila; 1923an, anarkista batek, batzuek diote Durrutik berak, hil omen zuen tiroz]. Otro obrero vasco asesinado cobardemente y otra familia en la desolación, señor Regueral. Otra hazaña de la Casa del Pueblo, para la que usted guarda todas las complacencias y todos los halagos. La Casa del Pueblo se ríe de usted, como se ríe de ciertos elementos capitalistas, que a su vez se ríen de usted y de su sumisión. […] Se nos roban las actas, pero se les da pistolas a los de la Casa del Pueblo. Se nos escamotean Ayuntamientos, pero se entrega la solución de los conflictos a un alcalde socialista. Se nos encarcela, pero nuestros asesinos quedan impunes. Se nos cierra Juventud Vasca, pero se mantiene abierta la Casa del Pueblo. […] Se niega la licencia de uso de armas a todo nacionalista, pero se consiente el contrabando de pistolas a favor de los socialistas. […] Lo enorme del caso es la visita hecha por usted, Señor Regueral, por usted, señor gobernador de una llamada provincia, al alcalde de Bilbao para rogarle, ¡nada menos que rogarle! Interponga su influencia con la Casa del Pueblo y ello para encontrar, ¡una fórmula que evite agresiones como la ocurrida!!! […] ¿Desde cuándo, señor Regueral, un gobernador necesita fórmulas para evitar y castigar el crimen?3

Uste dut gertaera horiei buruz euskaraz daukagun iritzi bakarra Ebaristo Bustintzarena dela, Euzkadi-n emana hau ere, abuztuaren 19an:

Ez etorri esaten, horiek langile arteko arazoak eztaukela zer-ikusi euzkotasunaz. Badakizue. Bilbaon gaur, bertan bizi diran belarrimotz gehien gehienak, eta gure eztabaidetan euren aldez egoten diran euzkotar asko, sozialisten aldez dagoz, gure baserritarren haurrak. Zergatik? Hemen dabilen zarraparra guztia dalako, ondo begitu ezkero, atzerritarren guda edo gerria euzkotarrai. Ezta besterik. Guda hau gertuago ta garratzago joango da. […] Euskeldunak, guda honetan onegiak edo geldiegiak edo gara, baina bizkortuko gaitue.

 

El asalto

Izenburu hori dauka Julian Zugazagoitiaren eleberriak, 1930ean idatzitakoak. Bertan, Euskal Herrian mugimendu sozialistaren agerpenaren nondik norakoak kontatzen dira. Oso liburu jakingarria da, eta artikulu akademikoetan erabili ohi da, iturri gisa. Adibidez, liburu horretan kontatzen da Madrilen Pablo Iglesiasek –PSOEren fundatzaileak– nola erabaki zuen Euskal Herrira eta Kataluniara konfiantzazko bere bi gizon bidali behar zituela, lurraldeotan ideiak sozialistak zabaltzera. Euskal Herrira, Bilbora, zehatzago esateko, Facundo Perezagua bidali zuen, XIX. mendearen bukaeran. «Le recomendaron que se fuese a Bilbao. En Vizcaya no se había iniciado el movimiento. Era, en toda la extensión de su perímetro un paraíso terrenal, una dulce arcadia […]. Perezagua […] se presentó en la villa, portador de la singular manzana de la discordia».4

Lehenengo orrietan, idazleak lurraldearen panorama egiten du, eta, parentesi artean, ondorengo testu hau sartzen digu. Adierazgarria da parentesi artean aurkeztu izana bera:

(Como luego no hemos de tener tiempo para melancolías, pongamos aquí, para contrapeso de la alegría de los comerciantes, un poco de tristeza. Digamos adiós […] a la aldea, a la que vamos a perder de vista irremediablemente. En estas praderitas verdes, en estos robledales, en estas huertas grasas, donde liberales y carlistas corrieron la pólvora y donde innumerables generaciones de euskaldunes, sencillos, castos y jocundos jugaron al amor y al dolor de la vida, florecerán en lo sucesivo las emociones más extrañas y sorprendentes. En vez del silbote y el tamboril, resonará jactanciosa, individualista, violenta, la jota. A la prédica cristiana, mansueta, resignada, se opondrán palabras ásperas, erizadas de ideas nuevas. Adiós a la aldea! Adiós, adiós a la resignación! Adiós, adiós a la sencillez! Enjuaguémonos una lágrima con el blanco pañuelo de la despedida, y sigamos, desprovistos del prestigio de la poesía tradicional).5

 Iraultza egiten zen bitartean –parentesi artean, nostalgiak eta tristuratxoak irentsi–, eta han zegoen Herri xume hura paretik kenduta, eremu horren gainean eraiki nahi izan zen mundu berria? Hori al da El asalto?

Parentesi horretatik aurrera, liburuan euskaldunaren presentzia ia desagertu egiten da, eta alderdi abertzalea ez da aipatu ere egiten, nahiz eta garai hartan EAJren garrantzia bereziki handia izan Bilbon. Badago, adibidez, emakume bermeotar txiro bat, gaztelaniaz oso gaizki hitz egiten duena, eta, batzuetan, aldeano, aldeana hitzak agertzen dira; mundu zahartu, agentziarik gabekotzat jotzen den horretatik datozen protagonistak dira. Adibidez, greba orokorrerako deia egin dela-eta, Bilboko egoera honela deskribatzen da: «[Azoketan] La concurrencia de los vendedores era poco numerosa. Solo las aldeanas, acuciadas por su egoísmo, acudían con los productos del campo, leche y verduras. Sobre ellas cargaron los huelguistas».6 Pasartean genero irakurketa mamitsu bat ere badago.

Eleberrian, labe garaietako eta ontzioletako langileez gain, beste heroi batzuk ere ageri dira: militarrak. Antza, garai hartan behintzat, sasoiko bi greba orokor nagusietan, militarrek langileen alde egin zuten, Loma jeneralak batean, eta Zappino jeneralak bestean. Zappino Filipinetatik zetorren; bertako igorote herriaren kontra ibili eta gero, eta kolonia galdu ondoren, VI. Eskualde Militarreko buru izendatu zuten 1903an, eta Euskal Herrira bidali. Greba batean langileak erreprimitzeari uko egin omen zion, eta meategietako patroi atzerritarren kontra jarri omen zen. Hitz hauek jartzen ditu Zugazagoitiak Zappinoren ahoan: «Ahora estamos en España, y lo que opinen los extranjeros me tiene sin cuidado. Se hará lo que convenga a la razón, y no tendrán más remedio que obedecer. Yo digo que estamos en España».7

 

Oharrak

1. «Goizeko 7ak pasatxo zirela, Santo Domingon (Begoña) Zamudioko, Sondikako, Lezamako eta inguruko beste herri batzuetako baserritar talde baten eta beste grebalari talde baten arteko talka gogorra izan zela zabaldu zen. Talkaren ondorioz, hildako bat eta hainbat zauritu izan ziren. Zorigaiztoko berriaren albiste emaile nagusiak merkatura esnearekin, frutekin eta barazkiekin joaten diren herriko emakumeak izan ziren. […] Joan ziren erreportariak kaira gertakariaren lekuko batzuekin hizketan egitera, eta haietako batek, Crispín Landetak, adierazpen interesgarriak egin zizkien: ‘Ni Bilbora bidean nentorren nire iloba Martina Urkizarekin, eta, Felix Asla patrolanaren lana banatzen duenak errepidearen ondoan daukan etxera iristean, langile talde bat ikusi nuen. Kamiruaga izeneko lekura iristean, pareta baten atzetik bost gizon irten ziren eta hurbiltzeko hots egin zidaten. Ilobak, aztoratuta, esan zidan: ‘Hil egingo zaituzte’. Hala ere, haiekin hizketan hasi nintzen. ‘Itzul zaitez etxera; zu kaira zoaz lanera’. Nik erantzun: ‘Kaian lan egina naiz, baina jada ez dut lanik egiten. Bilbora noa egur-orga bat deskargatzera’. Eta errepidean aurrera zihoan bat seinalatu nuen. Dudarik gabe, nire erantzunak asetu egin zituen eta joaten utzi zidaten. Eta ehun bat metro egin orduko, tiroketa bat entzun nuen, Zamudioko langile batzuk zaurituta lurrera erortzen’. Luis Aurrekoetxeak honela adierazi zuen topaketa: ‘Artxandarako kamioiaren paretik igarotzean, zenbait pertsona –horietako bat bistaz ezagutzen dut, kaiko lanetatik– paretatzar baten atzetik agertu eta galdezka hasi zitzaizkigun: Nora zoazte? Eta nik erantzun: Paseatzera, zer ba? Une hartan, beste gizon batzuk agertu ziren hormaren gainetik, pistolaz eta errebolberrez armaturik, eta hainbat tiro egin ziguten. Jaurtigaietako batek Víctor Bilbaoren bularra zeharkatu zuen […]. Gure lagunek aurrera egin zuten, eta, ikusi zituztenean, erasotzaileek ihes egin zuten: baina tiroka jarraitu zuten. Bala batek ni neu jo ninduen. […] Nire lagunak erasotzaileen atzetik joan ziren. Ez dakit harrapatu ote dituzten’».

2. «Jarraian, hilaren 18an Santo Domingo gainean izandako gertaera tamalgarrien bertsio bat, zeinare arabera eskirolak baitira gertatutako guztiaren erantzule materialak. Bertsio horren arabera, goizeko sei eta erdiak eta zazpiak bitartean Santo Domingoko errepidean gora talde bat azaldu zen, eta 20 langile inguru zeuden bertan. Taldekoek, Santo Domingoko gainera iristean, moiletara lanera zetozen baserritar batzuekin topo egin zuten eta aholkatu zieten traiziorik ez egiteko kideen kausari eta itzultzeko etxera.
Baserritarrek aholkuari kasu ez egitea erabaki zuten, eta Bilborantz jarraitu zuten, inoren enbarazurik jaso gabe. Baserritar horietako bat Crispín Landeta zen. Handik gutxira, grebalariek gomendio bera egin zieten beste baserritar batzuei, eta harrotasunez eta desafio tonuan erantzun zieten: Paseoan gabiltza, zer ba? Berehala beste talde bat atzetik […], Felix Asla enkargatua buru zutela. Horrek, gertatzen ari zena ikusita, lagunei aurre egin eta esan zien: Grebalariak dira, gogor haiekin! Une hartan, baserritarrek tiro egin zieten grebalariei. Grebalarietako batzuek, su-armak zeramatzatenek, erasoari erantzun zioten […]. Arma horietako ia guztiak zaharrak ziren, eta lehenengo tiroarekin geratu ziren erabiltzeko moduan ez zirela. […]. Grebalariek baserritar bat lurrera erortzen ikusi zuten, zaurituta, zalantzarik gabe. Baserritarrei, askozaz ere gehiago baitziren, aurre egin ezin zietela ikusita, ihesi alde egin zuten. Jazarpena oso bitxia izan zen. Baserritarrek garrasi zaratatsuak egiten zituzten, urrutitik entzuten zituztenak, eta, entzuten zituztenean, baserritar gehiago irteten ziren bailaran sakabanaturiko baserrietatik hesola eta eskopetaz armaturik, eta beren zakur batzuekin batera. Bi langile harrapatu eta, erabat sututa, errukirik gabe egurtu zituzten».

3. «Beste hildako bat, Regueral jauna. Beste euskal langile bat koldarki eraila eta atsekabeturiko beste familia bat, Regueral jauna. Casa del Puebloren beste balentria bat, zeinarentzat gordetzen baitituzu atsegin eta lausengu guztiak. Casa del Pueblok barre egiten dizu, elementu kapitalista batzuei barre egiten dien bezalaxe, eta elementu horiek, aldi berean, zuri eta zure sumisioari egiten diote barre. […] Aktak lapurtzen zaizkigu, baina Casa del Pueblokoei pistolak ematen zaizkie. Udalak kentzen zaizkigu, baina gatazken soluzioa alkate sozialista bati ematen zaio. Kartzelaratu egiten gaituzue, baina gure hiltzaileak zigorrik gabe geratzen dira. Euzko Gaztedi ixten zaigu, baina Casa del Pueblok irekita jarraitzen du. […] Nazionalista orori armak erabiltzeko lizentzia ukatzen zaio, baina sozialisten aldeko pistola-kontrabandoa onartzen da. […] Hemen kontu ederra da zuk, Regueral jaunak, probintzia esaten zaion bateko gobernadore jaunak, bisita egin diozula Bilboko alkateari erregutzeko –zer eta, erregutzeko!– hitz egin dezala Casa del Pueblokoekin formula bat bilatzearren bestelako erasorik atzera gerta ez dadin! Noiztik, Regueral jauna, behar ditu gobernadore batek formulak krimena eragotzi eta zigortzeko?

4. «Bilbora joateko gomendatu zioten. Bizkaian artean mugimendua hasi gabea zen. Paradisu lurtarra zen, bere perimetro osoan, arkadia gozoa […]. Perezagua […] herrian agertu zen, liskarraren sagar berezia zekarrela».

5. «(Nola gero ez dugun malenkonietarako astirik izango, jar dezagun hemen, merkatarien pozaren kontrapisurako, tristura pixka bat. Esan diezaiogun agur herrixkari, ezinbestean bistatik galduko baitugu. Larre berde hauetan, harizti hauetan, baratze oparo hauetan, zeinetan liberalek eta karlistek bolbora korritu zuten eta euskaldun xume, garbi, alaien konta ezin ahala belaunaldi bizitzaren maitasun eta tristuren jolasean aritu, orain, eta hemendik aurrera, emoziorik arrotz eta harrigarrienak loratuko dira. Silbotearen eta danbolinaren ordez, jotaren hotsa entzungo da, harroputza, indibidualista, bortitza. Kristau prediku mantso, etsipenezkoari, hitz latz eta ideia berriz harrotuak kontrajarriko zaizkio. Agur herrixkari! Agur, agur etsipenari! Agur, agur sinpletasunari! Garbitu dezagun malko bat agurraren zapi zuriarekin, eta jarrai dezagun, poesia tradizionalaren prestigiorik gabe)».

6. «[Azoketan] Saltzaileen konkurrentzia ez zen oso ugaria. Baserrietako emakumeak bakarrik joaten ziren, berekoikeriak akuilaturik, soroetako produktuekin, esne eta barazkiekin. Haien aurka kargatu zuten grebalariek».

7. «Orain Espainian gaude, eta bost axola zait atzerritarrek zer dioten. Arrazoiari komeni zaiona egingo da, eta obeditu beste erremediorik ez dute izango. Nik diot Espainian gaudela».

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan