miren artetxe

Europako Batzordearen makila eta Europako Banku Zentralaren kea

2016-07-12 Bloga

Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen buruari idatzitako gutun batean, Rajoy jaunak itxaroteko erran dio. Izan ere, Espainiako 2015eko aurrekontu publikoak defizitaren mugak gainditu arren, Espainiako PPko buruzagiaren ustez ezin zaio gehiagorik eskatu «hain ongi egin duen» ekonomia nazional bati. Estatu espainoleko hutsegite finantzarioaren ‘ingurumaria’ azaltzean, Rajoy jaunak munduko ekonomiaren hazkundearen uzkurtzea eta inflazio tasa txiki eta negatiboak aipatzeaz gain, 2015eko hauteskunde autonomiko eta tokikoetan izandako aldaketa politikoak salatu ditu, «zenbait aurrekontu publikoren desbideraketa nabarmenak» izendatzeraino. Jarraian, «Eurogunearen egonkortasuna eta gure jendarteen ongizatearen hobetzea Europako Batasunaren funtsezko helburuak» direla gogoratzean, Espainia zigortzea, haren gobernuari isuna ezartzea, paradoxaltzat jo du estatu espainoleko jardueran dagoen gobernuburuak, «lortutako aurrerapausoak» kontuan harturik. Ildo horretan, beharrezko neurriak hartzeko konpromiso pertsonala azaldu du, gobernu berrian izanez gero… Azken argudio gisa, Hazkunde eta Egonkortasunerako Itunaren gehiegizko defizitaren herri baten aurkako lehenbiziko prozedura zigortzailea Espainiako erresumarena litzatekeela adierazi du.

Joan den maiatzean bidalitako lau orrialdeko testu horretan zehar, hizkuntza diplomatikoa, lerroarteko mezuak, benetako datuak eta egia erdiak nahasita daude, borondate oneko azalpen eta engaiamendu hutsalekin batera. Erabat logikoa izan da alderdi batzuetan, Europako Batzorde eta Eurotaldean nagusiki, sortutako harrabotsa, nahiz eta azkenaldi honetan malgutasunaren aldeko iritziak agertu, Alemaniatik baita ere. Eurokraziaren ohiturei jarraikiz, adibideak ez dira faltako, ezer ez gertatzea da afera horren amaiera isila.

Bitartean, Draghi jaunak 2014an hasitako finantza aktiboen erosketen programaren barnean, bigarren deialdi bat egin berri du: finantza enpresek, bankuak barne, egin dituzten inbertsioen truke euro ‘berriak’ banatzera doa Europako Banku Zentrala, beti ere urteko inflazio tasa %2ra iritsi arte, Eurogunean jarduera ekonomikoa berpizteko. Duela bi urte emandako bultzada finantzarioaren emaitza homeopatikoa ikusirik, zalantza asko dago bigarren horren benetako eragin makroekonomikoez. Estatu Batuetan, Erreserba Federalaren Bankuak ez du interes tasa igo, lehenbiziko seihilekoan hango ekonomiaren soldatak eta lanpostuak pentsatu baino gutxiago hazi ondoren. Gainera, datorren azaroan egin beharreko presidentetzarako hauteskundeetan Trump ahoberoa presidente izateko aukeraren bat izatea ez da egonkortasun ekonomikorako laguntza hoberena. Ez du ematen Europako Banku Zentrala erosketa horiek abagune egokienean egiten ari denik, baina indarrean dauden haren estatutuen arabera ez du bertze aukerarik.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan