Diskurtsoak

2014-05-14 Bloga

Hiztunpolisa liburuak ez dauka diskurtsoaren inguruko berariazko atalik, baina gai hori ere hor dago, itzalean bada ere. Mahai gainean egon da, nolanahi ere, azken aldiko beste hainbat gunetan –Kontseiluaren estrategiaren azterketan edo Bat soziolinguistika aldizkarian, esate baterako–, eta azken urteotako klasiko bat ere bada. Askok itxaropen handia jarria dute diskurtsoan eta komunikazioan, gure totema ere bihurtzeraino, baina horrek ere paradoxa dakarkigu, ezin izan zitekeen bestela.

Euskalgintzak diskurtsoa aldatu eta egokitu beharra duela entzuten da maiz. Diskurtso positiboagoa behar duela uler daiteke hori esaten den gehienetan, eta oso zentzuzkoa dirudi horrek. Euskara –Iñaki Martinez de Lunak azaldu du orain hurrena ideia hori framing-ari buruzko Bat aldizkariko artikulu batean– sarritan alderdi negatibo edo ilunekin lotua agertzen zaigu hedabideetan. Eta, egia dirudi horrek ere, euskararen inguruko berrien ezkortasunak, negarrak eta protestak euskararentzat beharrezko diren «epel» asko uxa litzake, ez du euskara erakargarri bihurtzen. Eta zein da gure paradoxa, orduan? Bada, euskararen etorkizuna ez dago oraindik batere bermatua; askok aurrera eta bizkor gainera doala irizten dioten arren, gure normalizazio prozesua neurri handi batean trabatuta dagoela ere esan liteke. Baina, hala ere, tentsioa jaitsita eta erlaxatuta gaudela sumatzen da askotan, euskararen garapenak eta biziberritzeak beharko lukeen energia ezin pilatuz eta aktibatuz. Eta energia hori, aktibazio hori, gustuko izan edo ez izan, larritasunetik ere pizten da askotan. Larritasuna eta apokalipsia ez dira gauza bera, bidenabar esan dezagun. Erlaxatu diren indar horiek, beraz, neurri batean behintzat, larritasunak ernaraz litzake, euskalgintzaren bi eztanda sonatuenetan –XIX. eta XX. mende arteko pizkunde hura eta 1950eko erdialdetik aurrerako loraldia– gertatu zen moduan edo. Kezkak, galerak eta zapalkuntza sentsazioak, salatu beharrak… horiek ere energiak aktibatzen dituzte, eta, kexaz eta protestaz gainera, sormena, eragitea nahiz eraikuntza ere pizten dituzte.

Bada, mezu positiboak, alaiak, sortzaileak, agoniarik gabekoak, euskara gozatzearekin lotzen dutenak eta sinesgarriak behar dira, ezinbestean, aurreratzen ari dena erakutsiko dutenak, euskarara erakargarritasunetik hainbat jende ekarriko dutenak. ETBn Kike Amonarrizek gidatuta ematen duten Tribuaren berbak saio bikaina izan liteke horren eredu. Eta horrekin batera, itzalak eta arriskuak garbi agertuko dizkiguten mezuak, errealitatea bere gordinean erakutsiko digutenak behar dira –izan, gordina ere bai baita–, alde batetik egoera erreala desitxura ez dezagun, eta bestetik erreala den larritasun horrek hainbat energia ere aktiba ditzan eta ez gaitezen gehiegi erlaxa, ez baikaude loak hartzeko moduan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan