Bidaiak etxean hasten dira

2024-10-17 Bloga

Euskal Herria ez dago salgai?

Gizarte mugimenduen leloek, sarri askotan, lortuta baleude bezala deskribatzen dituzte haien aldarrikapenak. «This is not Spain, nor France» diotsegu bisitariei, gero eta zailagoa delako begiratu gabe ezberdintasunak ikustea. Gure Esku Dago dinamika sortu genuen, badakigulako ez dagoela inolaz ere gure esku. Eta Lapurdiko kostaldeko biztanleek edo Busturialdekoek diotenean Euskal Herria eta Urdaibai ez daudela salgai, argi erakusten digute haien eskualdeak salmentan jarri dituztela.

Horixe baita, azken finean, turismoa: paisaia fisiko eta sozialak merkantzia bihurtzen dituen jarduera, ondarea ondasun bihurtuz. Kapitalismoak, bere sorreratik, lehenago salerosi ezin zitezkeen ondasun eta beharrak merkaturatuz egin du aurrera. Gurean, prozesu historiko luze hori XVIII. mende amaierako desamortizazioek abiarazi zuten, lehenago elizarenak edo herrienak ziren lurrak desjabetuz, jabetza pribatu bihurtzeko. Lurrerako sarbidea zailduta, gero eta jende gehiago behartua izan zen soldatapeko lanetik bizitzera eta oinarrizko beharrak merkatuan asetzera. Ez naiz horretan luzatuko. Esan dezadan, besterik gabe, turistifikazioa prozesu horren segida dela, lurraldeak desjabetzen eta giza harremanak merkantilizatzen jarraitzen duena. Balearretako Ivan Murrayri elkarrizketa batean irakurri nion bezala:

Turismo-ekoizpena, funtsean, merkantilizazio-mugaren etengabeko hedapenean oinarritzen da […]. Hedapen hori desjabetze eta birjabetze prozesuen bidez egiten da. Esaterako, kostaldeko resort baten ekoizpenean, askotan, lurzoruaz jabetzeko eta tokiko komunitateak lekualdatzeko mekanismoak sortzen dira, eta baliabide natural guztiak ekoizpenerako lanean jartzen dira.

Turismoaren kritikak zein gorazarreak bat datoz horretan. Batzuek salmenta salatzen dute, besteek, salmentaren etekinak saldu. Izan ere, ekonomikoak dira turismo-industriaren aldeko argudio nagusiak: zenbat bidaiari datorren, zenbateko gastua egiten duten, BPGari egiten dioten ekarpena, zenbat enplegu sortzen den… Baina, diruaren betaurreko murritzekin begiratuta ere, zenbat denda eta alokairu galtzen dira frankizien eta pisu turistikoen mesedetan? Nolako eragina du turismoak lan baldintzen prekarizazioan? Eta bizitzaren garestitzean?

Masa turismoak ezberdintasun sozialak behar eta areagotzen ditu ezinbestean. Inor gutxik bidaiatu ahalko luke, gaur bidaia ulertzen dugun moduan, zerbitzua ematen diotenak bera baino egoera prekarioagoan egongo ez balira. Sektoreko langile guztiek 2.000 euroko soldata eta hamalau paga izango balituzte, bidaiak garestiegiak izango lirateke 2.000 euroko soldata duen norbaitentzat. Eta, bidaia merkeen bila, turista asko errenta txikiagoko herrietara joaten direnez, harrera-lurraldeetan ordaindu ezineko prezioak eragiten dituzte. Ondorioz, sektoreko langileak ezin du bidaiatu, eta bizilagunak ezin du auzoan bizi.

 

Giriak gara behelaino artean?

Turismoaren ondorio ekonomikoez gain, lurraldean dituen eraginetan jarri beharko luke azpimarra sakoneko edozein kritikak. Mundu mailan, turismoari egozten zaio berotegi efektuko gasen %8. Zatirik handiena, hegazkinez edo ibilgailu pribatuan egindako joan-etorriengatik. Emisioak murrizteko zer-nolako presa dugun kontuan hartuta, zentzuzkoa dirudi hortik hasteak. Nekez aurkituko dugu horrenbeste jaisteko modurik, oinarrizko beharrak batere kaltetu gabe eta nagusiki errenta handienei eraginda, klima-aldaketan ardura handiena dutenei, alegia.

Bisitatutako lurraldeetan ere, turismoak beste hainbat inpaktu ekologiko dakartza, are gehiago masifikatutako naturaguneetan: uraren neurriz kanpoko erabilera, hondakinak, erosioa, lurraldea artifizialtzen duten azpiegiturak, animalien joan-etorriak oztopatzea… Gurean, Urdaibaiko Guggenheim da, ziurrenik, Gaztelugatxe Dragonstone bihurtu zenetik dugun mehatxurik handiena. Ezin dugu ahaztu, txanponaren beste aldean, euskaldunon natura goseak ere beste lurralde batzuetan zer-nolako inpaktua duen.

Ez dira txikiagoak tokiko kulturei eragindako kalteak. Turistak erraz ibil daitezen, lurraldeak homogeneizatu egiten dira, ikasketa prozesu bat eskatzen duten ezberdintasunak ezabatuz, eta noizbait ezaugarri kultural izandakoak folklorizatu egiten dira, are bazterrekoagoak bihurtuz lehenago ere baztertuta zeuden kulturak. Ikusi besterik ez dago gure hiriburuetan zer leku irabazi duen ingelesak, edo azkenengo hamarkadan Euskal Herrian sortutako kultur ekitaldi askotan zein leku txikia duen euskal kulturak. Mendebaldeko kulturatik urrunago eta egoera zaurgarriagoan dauden herrientzat, jakina, akulturazio arriskua askoz larriagoa da. Eskala txikian, bidaiatzeak trukea errazten du. Neurri bat gaindituta, eta oso gaindituta dago mundu zabalean, kultura nagusietan disolbatzen ditu kultura txikiak.

Masa-turismoaren kalte horien guztien jakitun, turismo alternatiboaren eskaintza ugaritu egin da; baina oso bazterrekoa da, eta, orokortuko balitz ere, masa-turismo bihurtuko litzateke, bere ondorio guztiekin. Turismo alternatibo eskaintzak, beraz, ez du masa-turismoa ordezkatzen, osatu baizik. Bestalde, autoukapen ariketa batean, beren burua bidaiaritzat duten turistek ihes egiten diete masifikatutako guneei, eta askotan, oharkabean, lurralde berriak konkistatzen dituzte etorkizuneko turistentzat. Peregrino modernoen oporrak dokumentalak umorez dioen bezala:

Turismo-gune masifikatuetatik ihes egiten duten bidaiari horiek turista guztien abangoardia dira. Beraiek dira lehenak toki autentikoak bisitatzen, eta beroriei esker hasten dira irekitzen gero eta turista gehiago erakarriko dituzten merkatu berriak. Abangoardia leninistaren kontrara, lehen lerroan daudenak kexatu egiten dira ondoren doazen masak beraien atzetik joan izanagatik. Ezkerreko turisten turismo-leninismoa, beraz, bere horretan kontraesankorra da.

Horrela, gero eta gutxiago dira turistifikatu gabeko lekuak. Lurraldeak erabili eta botatzeko produktu bihurtzen ari dira, gehiegik erabili ondoren interes oro galtzeraino. Bere etxeari su ematen dion piromano baten antzera, turismoak higatu egiten ditu leku bat erakargarri bihurtzen duten ezaugarri natural eta kulturalak. Prozesu horren ardura ez da, inolaz ere, oporretan joatea erabakitzen duten norbanakoena bakarrik. Kontua da jende gehiegik konpartitzen dugula interes hori, ez dagoela modurik urtean 1.500 milioi turista kalterik gabe ibiltzeko –2019ko nazioarteko bidaiarien datua–, eta parke tematiko bihurtutako mundu batek tarte txikia uzten digula kolono izan gabe bidaiatzeko. Honaino helduta, gutxitzea da bide bakarra, eta, horretarako, ez da nahikoa masifikatutako lekuetan kuotak ezartzea, masifikazioa beste leku batzuetara mugiaraziz eta lekurik desiragarrienak eliteen opor-leku esklusibo bihurtuz.

 

Ihes ederra zilegi balitz

Eta zuek nora joan zarete oporretan uda honetan? Ni, agorafobia-krisi betean, etxetik urrunen hamazortzi kilometrora egon naiz. Oker ez banago, zehazki, Bilbo Zaharreko Txondorra tabernako terrazan. Ez dut aipatzen turismofobo koherentearen plantak egiteko. Ni ere munduan itzulinguru asko emandakoa naiz eta aspaldi gainditu nuen bizitza batean egin beharko nukeen bidaia kuota. Kontua da, hurbil egonik, etxe inguruko bidexkak eta Bilboko kaleak bizilagunez hustuta aurkitu ditudala, eta turistez beteta.

Horrek lubakiaren beste aldean jarri nau eta zer pentsatua eman dit. Gure herria beste batzuentzat horren erakargarria bada, zerk bultzatzen gaitu oporrak dauzkagun bakoitzean oporretan joatera? Egia da beste lurralde eta kultura batzuk ezagutzea aberasgarria dela, oso, baina batez besteko turistak nekez ikasten du bere bidaietan ezer herriko liburutegi publikoan edo etxe inguruko migratzaileekin harremana izanda hobeto ikasiko ez lukeena. Gehienek saltzaile-bezero harremanak baino ez dituzte lekuko herritarrekin. Harreman gehienak beste turista batzuekin dauzkate, haientzat beren-beregi eraikitako ez-lekuetan. Hortaz, zeren bila goaz, edo zerengandik ihesi?

Badakit, ondo bizitzeko nahikoa baldintza material izanda ere, ez zaigula iheserako arrazoirik falta: lan alienatu baten estresak itota eta ezertarako denborarik gabe bizi garela, zentzuz hustutako bizitza erakutsiz betetzen dugula bizitza zentzuz, ahuldu egin zaigula komunitatearekiko lotura, edo ingurukoak kanpora joateak gauza bera egitera bultzatzen gaituela. Eta, ondorioz, gure mundutik ateratzeko erabili nahi izaten ditugula atseden egunak. Denok dugu atsedenerako eta deskonexiorako eskubidea, noski, baina ez beste batzuen lurraldeak eta bizimoduak modu atzeraezinean eraldatzeko. Horren ordez, hobe genuke gure egunerokoaz atsegin hartzen ikasi, eta atseginagoa izan dadin borrokatu.

 

Ez dugu denborarik denbora galtzen ibiltzeko

Hamarkadetako langile borrokaren konkista izan ziren opor ordainduak. Denborarekin, ekoizpen eta kontsumoaren gurpila elikatzeko helburuz, turismoaren industriak moduak fabrikatu ditu jardun osoko ekoizle ez garen sasoian jardun osoko kontsumitzaile izan gaitezen. Horrela, bidaiatzeak aberatsen eta esploratzaileen pribilegio huts izateari utzi dio, bidaiarako aukera merkeak klase ertain pribilegiatuen esku jarrita. Testuinguruan ikusita, oporretan joateko ohitura kontsumo-gizartearen garapenaren baitan ulertu beharko genuke, aisialdia kontsumoz eta entretenimenduz betetzera bultzatzen gaituena. Kontsumoa handitzeak ongizate handiagoa dakarkigula saldu digute, eta behar baino gehiagok erosi egin dugu zoriontasuna eskuratzeko formula faltsu hori.

Lanaren eta aisiaren arteko harremanaren ikuspegitik ere azter genezake auzi hori. Industriaurreko garaietan, ekoizpena handitzean, lan gutxiago egitea izaten zen gizaki gehienen hautua, ez gehiago kontsumitzea. Beharrak egonkor mantentzen ziren eta gutxiago eginda ase zitezkeen. Esaterako, Marshall Sahlins antropologoaren lanek frogatzen dute herri biltzaileetan ohikoak direla 40 eta 45 ordu arteko lan asteak, lan produktibo eta erreproduktibo guztiak barne hartuta. Alderatu ezazue batez beste mendebaldarrok etxean eta etxetik kanpo egiten ditugun lan orduekin, batez ere emakumeek. Europako Erdi Aroan ere, klima mesedegarri batek eta errotek lurraren ekoizkortasuna handitu zutenean, urteko jai egunak handituz joan ziren, egunen erdia baino gehiago izan arte, 189, hain zuzen ere, Lewis Mumforden arabera. Horrekin ez dut defendatu nahi gizarte biltzaileen edo Erdi Aroko gizartearen ekoizpen eta kontsumo ereduetara itzuli behar dugunik, baina bi adibideok hiru ikaspen interesgarri dakarzkigute:

  • Giza beharrak mugatuak eta ondo definituak dira, behar horiek betetzeko moduak askotarikoak izan arren. Gutxieneko maila bat lortuta, kontsumoa handitzeak ez dakar ongizate handiagorik.
  • Beharrizan bat betetzeko bitartekoak etengabe handitzeak ez bagaitu asetzen, hobe genuke beste bitarteko bat erabili, kopurua handitzen jarraitu beharrean.
  • Kontsumoa etengabe handitzeko beharra sozialki eraikia da, ez da giza naturaren parte edo norbanakoen hautu askea.

 

Lurralde bizigarriak eraiki

Artikulu honen hasieran nioen bezala, giza harremanak merkantilizatuz hazi da kapitalismoa. Hedapen hori beharrizan oinarrizkoenetatik hasi eta maila altuagokoetara zabalduz gertatu da, eta zentzuzkoa da autonomia berreskuratzeko prozesua kontrako norabidean egitea. Hasteko, gure aisia etengabeko kontsumoaren gurpil zorotik askatzetik has gintezke, eskaintza prefabrikatuei eta denbora aprobetxatzeko mandatu produktibistari bizkarra emanda. Denbora aprobetxatzetik, denbora gozatzera.

Horretarako, gutako bakoitzaren desirak birpentsatu beharko ditugu, baina hori ere ez da nahikoa. Kontsumo-gizartea sozialki eraiki bada, sozialki eraitsi beharko dugu. Bide horretan, etorkizunerako ispilu interesgarria izan daitezke gure herrietako aisialdi-talde, kultur elkarte eta espazio autogestionatuak, aisialdi autoantolaturako guneak, kontsumitzaile-hornitzaile dikotomia apurtzeko saiakera partzialak. Maila instituzionalean ere, turismo- eta aisialdi-industrien aldeko politikak irauli beharko lirateke, espazioen erabilera publikoa sustatuz, kontsumoa sustatzen duen publizitatea ezabatuz eta inbertsio publikoak aisialdi autoantolatura bideratuz, helburutzat hartuz herri eta eskualde bakoitzean ingurune bizigarriak eraikitzea eta komunitatea ehuntzea, inora ihes egiteko beharrik senti ez dezagun.

Planetaren muga materialek baldintzatutako etorkizun hurbilean, masa-turismoa amaituko da, erabili eta botatzeko kontsumo-gizartea amaituko da, baina, hori galera bezala bizi badugu, askoz zailagoa eta gatazkatsuagoa izango da eraldaketa. Hobe genuke kontsumo-gizarteak lapurtu digun autonomiaren eta denboraren kontzientzia hartu, eta inguruko lurralde eta pertsonekin gozatzeko moduak amestu. Kontsumo-gizartetik askatuta, turismo-industria bidaiaren artisautza izan liteke, aurkikuntzarako gogoz bizitako esperientzia ez-ohikoa. Horrela, Rodolphe Christin frantsesaren hitzetan:

Bidaia mundura hurbiltzeko modu bat izango litzateke, naturarekin eta bertako izakiekin ahalik eta harreman kontziente eta sortzaileenak ezartzeko modu bat. Non? Inguratzen gaituzten gertuko bideetan, eta baita urrunekoetan ere, denbora hartzen badugu, baina batez ere benetan hurbil dauden bideetan, lurraldearen konplexutasuna gogoratuz […], aniztasuna jaso eta biltzen duena.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan