2021-02-22 Bloga
Galdera batzuek ez daukate epemugarik
Zer da pentsamendua? Zein da pentsamenduaren eta galderen arteko lotura? Galderek pentsamenduaren hutsuneen aurrean jartzen gaituzte, erantzunen faltan, ezjakintasunari begira. Asmatu beharrean gaude nondik joan, zein hari jarraitu. Pentsamenduaren bidea ez baita eginda dagoen autopistatik bidaiatzea; ibilbidea eraiki eta berreraiki egin behar da. Hala zioen poetak: ez dago biderik, ibilian egiten da. Pausoz pauso joan behar dugu, bizi-bizirik, galderen eta erantzunen arteko dantzan.
Galderen erresuman, ordea, haurrak dira nagusi. Zergatik hau, zergatik hori, zergatik hura? Gure alabaren galdera nekaezinak, tematiak, jolas bilakatu genituen, bost urte zeuzkanean. ‘Zergatik’ deituriko jolasa. Hutsuneetara hurbiltzeko modu ludikoa? Autobusa hartzera gindoazela galdezka hasi zitzaidan: «Aita, zergatik joan behar dugu autobusez?». Eta nik: «Distantzia luzea egin behar dugulako, bestela asko luzatuko ginateke». Berriro berak: «Eta zergatik distantzia luzea?». Eta nik: «Ba… gaur egungo hiriak oso handiak direlako». Alabak: «Eta zergatik dira hiriak hain handiak?»… Horrela jarraitu genuen, ez nekiela esan nion arte: «Ez dakit, zuk zer uste duzu?». Eta erantzunak ematetik galderak egitera pasa nintzen, rolak aldatuz. Egia esan, barrezka amaitzen genuen.
Galderak, dena den, ez dira galdera ikurrarekin soilik idazten, ez dira beti zuzenean adierazten. Batzuetan antzeztu ere egiten dira. Psikoanalisiaren arabera, adibidez, galdera gisa interpretatu behar dira umeen hainbat jolas. Ezkutaketan jostatzean, helduari galdetzen diote: gal nazakezu? Ni bilatzeko adina maite nauzu? Haurren ikerketa sexualetan ere hainbat galdera jartzen dira martxan. Haien teoriek unibertsoaren jatorriaren inguruan presokratikoek sortutako teorien antza daukate, Freuden ustez. Non nengoen ni jaio baino lehen? Zein da mundura ekarri nauen desira? Desira ez baita sekula anonimoa izaten, eta horren aztarnaren bila arituko dira umeak buru-belarri, jakintza propio bat eskuratu nahian. Ikerketen abiapuntu izan ohi dira gizakion jaiotza, sexualitatea, heriotza. Bizitza zulo existentzialez beterik dago, eta sormena martxan jartzen dugu ezjakintasun sakonak eragindako dardararen aurrean. Harridura hori da, Aristotelesen hitzetan, filosofia abiarazteko motorra.
Batzuetan, harridurak eragindako galderak albo batera utzi nahi izaten ditugu, ahaztu, baina galdera horiek giza bizitza zeharkatzen dute, hasiera-hasieratik.
Haur Filosofia eta Jakinmin Elkartea
Gure lurraldean Haur Filosofia sustatzen du Jakinmin Elkarteak, eta horren inguruko jardunaldiak antolatu ditu 2021eko urtarrilean, Donostiako Tabakaleran. 2018tik hona egindako saioek egundoko interesa piztu dute, eta horrek egun osoko jardunaldi bat antolatzera eraman ditu. Haur Filosofiak metodologia propioa dauka, elkarrizketa filosofikoa ez baita elkarrizketa arrunta (elkarrizketa arrunta deituriko zerbait baldin badago). Talde elkarrizketa horietan, koherentzia, razionaltasuna edota logikotasuna lantzen dira: zergatik esaten duzu diozun hori? Zer ondoriotara eraman gaitzake esandakoak? Nola definituko zenuke aipatutako hitza? Zer adibide jar genezake esan duzuna irudikatzeko? Kontrakoa pentsatuko bazenu, zein izango lirateke argudioak?
Saioetan pentsamendu kritikoa (norbere sinesmenak zalantzan jartzeko), pentsamendu sortzailea (ideia berriak proposatzeko) eta jarrera arretatsua (besteen pentsamenduak kontuan izateko eta esandakoa serio hartzeko) bultzatzen dira. Hitzek pisua eta gorputza hartzen dute. Baina, batez ere, taldean egindako zerbait dela azpimarratuko nuke; ideien gaineko ikerketa horretan, pentsamendu autonomoa bai, baina era komunitarioan lantzen dela. Kontua ez da eureka batera heltzea, aparteko ideia jenialera edo originalera. Gakoa ez da pentsamenduaren ikuspegi enprendedorista edo ekintzailetsua bultzatzea, neoliberalismoak haurtzaroaren horrelako ikuspegia hedatu nahi badu ere. Ez al dute jolas-parke itxura Googleko bulegoek, txirrista, hamaka, billar eta futbolinez beterik? Haurtzaroa eta sormen enpresariala parekatu nahi dituzte?
Bestela irudikatzen dut nik Haur Filosofia, elkarbizitza helburu. Garrantzitsuena galderak eta erantzun posibleak partekatzea da, ikerketa komunitate bat sortzea, asanblada giroa eraikitzea. Eta, horrelako esparruek, ikuspuntu pedagogikoaz gain, zentzu politiko bat daukate, polisa ulertzeko modu bat. Elkarri entzutea eta norberaren kontraesanez ohartzea ez da kontu txikia, adin txikikoekin egiteko aukera baldin badago ere. Baina ezin da helduekin ere estilo bera landu? Ez du ematen ziurtasunen eta zalantzen inguruko talde elkarrizketa horretarako adin tarte zehatz bat dagoenik. Zer dela eta Haur Filosofia deitu orduan? Matthew Lipman pentsalari estatubatuarrak horrela izendatu bazuen ere, badira korronte pedagogiko hori izendatzeko bestelako proposamenak; Maieutika, besteak beste, sortutako elkarrizketek estilo sokratikoa daukatelako. Edo agian plantea genezake, Lacan psikoanalistarekin batera, haurtzaroa ez dela adin tarte jakin bat bakarrik, denbora kronologiko bat, baizik eta denbora logiko bat ere badela: harritzeko, emozionatzeko, ikusmiratzeko denbora. Galdetzeko eta ulertzen ahalegintzeko unea. Horretarako arnasgunea eskaintzen du Jakinmin Elkarteak, pentsamendua taldean indartzeko eta argudioetan sakontzeko espazioak eraikiz.
Egun, berriz, egia-ostearen garaian, pentsamendua ahulduta dagoela eta pentsamenduaren krisia bizi dugula entzuten dugu sarritan. Horrela ote da? Pentsamenduaren erabateko krisia pairatzen al dugu xxi. mendean? Ez al dago, alderantziz, pentsamenduaren eta krisiaren arteko berezko harreman bat?
Pentsamendua eta krisia, irudiak eta datuak
Krisi hitzaren jatorri etimologikoa kontuan hartuta, zatiketarekin eta erabakitzearekin harremana daukala azpimarragarria da: grezierazko krinein aditzetik dator. Erabakiak eta zatiak mahai gainean. Egia esan, bizitza ere osotasunik gabe aurkezten zaigu: gure bidaia existentzialean erabakiak hartu behar izaten ditugu eta aukera anitzen artean zatiturik egoten gara (ez erabakitzea erabakitzen badugu ere). Bizitza bera krisi gisa irudika genezake? Erabaki guztiak ez dira kritikoak, baina zein ote da erabakitzeko irizpiderik edo kriteriorik egokiena? Krisi hitza eta kriterio hitza ere erro beretik datoz; krisia eta pentsamendua sendo lotzen zaizkigu, beraz. Zerk gidatzen nau? Desirek, balio moralek, maitasunak, gorrotoak, betebeharrak, sakrifizioak… Gure erabakietan irizpideren bat jarraitzen dugu, bermerik gabeko apustua eginez eta hamaika ondorio eraginez. Horregatik, bizitzaren eta krisiaren arteko antzekotasuna azpimarratuko nuke; ez bereziki zentzu tragiko edo patetikoan, baizik eta zentzu logikoan. Krisiak gizakion berezko ezjakintasunarekin, zaurgarritasunarekin eta ziurgabetasunarekin bat egiten du; zuloen aurrean kokatzen gaitu, galderetan zatituta. Eta zatiketa onartzeak badu bere balio politikoa erantzun dogmatikoen harrokeriaren kontra.
Beraz, ez dut uste XXI. mendean pentsamenduaren krisia bereziki pairatzen dugunik, krisia pentsamenduari berezkoa baitzaio. Garai bakoitzak, aldiz, krisia ukatzeko hainbat estrategia garatzen ditu; galdera desorosoek eragindako zatiketak eta estropezuak tapatzeko, alegia. Pentsamenduaren alde subertsiboa neutralizatzeko moduak? Oinarrien edo fundamentuen inguruko galderak ez ohi dira ongi etorriak izaten.
Eta, zein dira zuloak tapatzeko xxi. mendean erabiltzen diren modu nagusiak? Bi ardatz aipatuko nituzke: irudien prestigioa eta etorkizunaren aurreikuspen algoritmikoa.
Irudien prestigioak hitzekiko gutxiespena eta mespretxua ekarri du. Ikusten dena soilik omen da erreala: horra hor gure garaiko mantra nagusi bat. Zer-nolako lotura dauka horrek pentsamenduarekin? Besteak beste, pentsamendua garden ikusteko ikerketa hipergarestiak bultzatu dira. Baina ikusgarria ote da pentsamendua? NeuroSpin deituriko Frantziako ikerketa gune erraldoian, adibidez, pentsamenduaren argazkia lortu nahi dute burmuinaren mapa eginez. Ondoren, erresonantzia magnetikoak emandako irudiekin estrapolazio asko egiten dira, besteak beste, neuroteologia edo neuromarketin moduko ikerketa arloak sortuz. Neuro aurrizkiak gure mundua kolonizatu du. Nola mugitzen dira neuronak otoitz egiten dugunean? Zelan aldatzen da garuneko odol-fluxua erosketak egiten ditugunean? Fededunari edo erosleari galdetu beharrean (hitzekin erantzungo baitigu: onartezina!), goazen bere burmuina begiztatzera. Burmuinaren irudiek isilduko gaituzte. Azken erantzuna bertan omen dago, burminaren mugimendu neuronaletan. Baina erabaki eta funtzio subjektibo guztiak burmuinean jaiotzen al dira? Bera ote da ororen causa sui teologikoa? Nerbio sistema zentrala beharrezkoa izan daiteke, baina ez nahikoa eta ezta kausala ere. Haur Filosofían aritutako pentsalari txiki batzuen arabera, pentsamenduaren kokagunea ez dago burmuinean, baizik eta ahoan, hori delako hitzen tokia. (Haur Filosofiaren esperientzia konkretu bat Ce n’est qu’un debut dokumental ederrean ikus daiteke. Frantziako Jacques Prévert eskolan Pascaline Dogliani irakasleak lau urteko umeekin gidatutako tailerra deskribatzen da bertan.) Egia esan, beste pertsona batek ez badigu hitz egiten, hizkuntza ez dugu garatzen, eta erlazioen errealitate hori ezin da burmuinera sinplifikatu. Harremanetan dago, hortaz, hizkuntzaren ‘kokagunea’? Ramon Llullek, XIV. mendeko filosofoak, biriketan kokatzen zuen. Zergatik ez? Behin irudikatzen hasita, hori ere izan zitekeen hitzen jatorria. Lacanek, burmuinarekin beharrean, oinekin pentsatzen zuela zioen, lurra zapaltzerakoan zerbaiten kontra egiten dutelako. Egun, burmuinak gure ordez pentsatzen eta erabakiak hartzen dituela uste badugu, krisiaren zuloak tapatuko ditugu. Burmuinaren autopistak zuzenduko gaitu.
Horrez gain, estrategia algoritmikoaren ardatza aipatu dut, gure mendearen seinale. Algoritmoen bidez sortutako big data delakoek gure portaera aurreikusi nahi dute, hartuko ditugun erabakiak gidatzeko eta erosketak, irakurgaiak edo harremanak proposatzeko, besteak beste. Éric Sadinen arabera, bizitza datuetara eta informaziora murriztu nahi du Silicon Valleytik datorren ideologiak, gure erabakitzeko gaitasuna inteligentzia artifizialaren esku jarriz. Pentsamendua kalkuluarekin parekatze horrek etikaren eta politikaren amaiera ekarriko luke.
Baina ez du ematen pentsamendua neuronen argazki batekin edo kalkulu algoritmiko batekin pareka daitekeenik. Krisiak gainditzeko bidea krisia bera baino okerragoa dela ematen du! Pentsamenduak honekin dauka zerikusia: aukeratzeko, ukatzeko, hanka sartzeko, kritikatzeko, konpromisoak hartzeko eta galdetzen jarraitzeko gaitasunarekin. Galdera batzuen aurrean, ume sentitzen gara behin eta berriz. Presokratikoek unibertsoaren jatorriaren inguruan egindako galderek, adibidez, haurtzarora eramaten naute. Aspaldiko dardara berriztuz, zorabioa. Mozkorraldi filosofikoa sentitzen dut, etengabe jausten ariko bagina bezala.
Filosofiaren haurtzaroa
Hori bera galdetu zidan gau batean lau urteko semeak: zer dela eta ez da ari lurra une oro jausten? Zeren gainean ari gara flotatzen? Semearekin berbetan, presokratikoen testuak datozkit burura, erantzun anitzekin. Uni-bertsotik pluri-bertsora salto egiten dugu, presokratikoen laguntzaz helduleku baten bila. Ura, sua, lurra, haizea, zenbakiak, maitasuna, gorrotoa, atomoak… Zein ote da gauzen oinarria? Zer ote da aldaketa guztien atzean irauten duena? Filosofiaren jaiotzan (edo behintzat Mendebaldeko filosofia irudikatzeko eran) egindako oinarri-oinarrizko galderek modu basatian harrapatzen naute.
Progresatu al dugu? Zertan bai, zertan ez? Pentsamenduaren bidaian galdera unibertsalen ondarea jasotzen dugu, baina modu singularrean formulatu eta ahots propioarekin aurre egin behar diegu. Marina Garcések unibertsaltasunaren eta singulartasunaren arteko muga arazotsuan kokatzen du filosofia. Mugalaria omen da. Pentsalari presokratikoen hausnarketetan, adibidez, ez dago jakintzagaien arteko muga edo bereizketa akademiko zehatzik. Mugen artean mugitzen dira: poesia, fisika, kosmologia, matematika zein mitologia nahastuta daude. Gu ere galduta aurkitzen gara erantzunen eta galderen mugetan, baina kezkak parteka ditzakegu, hitzen haria elkarrekin jarraitu. Ez gaude hutsuneetan bakar-bakarrik. Zentzu horretan, Jakinmin Elkarteak antolatutako jardunaldiek sapere-aren zaporea elkarrekin dastatzeko gonbita luzatzen digute, eta eskertzekoa da zergatiak piztuta mantentzea. Primo Levik, Hau gizon bat bada liburu biografikoan, Auschwitzen bizi izandako esperientzia dramatikoaren inguruan idazten du. Neka-neka eginda kontzentrazio esparrura gosez eta egarriz ailegatutakoan, izotzezko burruntzi bat hartu zuen, egarria kentzeko. Orduan, soldadu nazi batek eskutik bortizki kendu eta lurrera bota zion, inprobisatutako izozkia txikituz. «Zergatik?», galdetu zuen Levik harrituta. «Hemen ez dago zergatia galdetzerik, zergatiak ez dira existitzen», erantzun zion soldaduak. Ez dago galderak ukatzea baino erantzun politiko krudelagorik.