2022-10-03 Bloga
Begiz beteriko hiriak
Bideozaintza ohiko bilakatu da; gure hirietako bazter guztiak begiz beterik daude. Betazalik gabeko begiak, beti esna. Baina, zer dago begirada horien atzean? Segurtasuna? Kontrola? Gardentasuna? Merkatu teknologikoa puzteko beharra? Edozein x.0 berrikuntzaren ideologia aurrera eramateko apustu itsua?
Foucaultek aipatutako diziplinaren gizartetik kontrolaren gizartera igaro gara. […] Paradoxikoki, bideozaintzak ez du delitu kopurua jaitsarazi. […] Hauxe da inspektoreak adierazitako emaitza: bideozaintzaren bidez delituen %3 baino ez da ebatzi.
Londresko kaleetan zehar, besteak beste, bostehun mila kamera baino gehiagoko telebista zirkuitu itxi bat dago, ibiltariei begira. Ongi etorri munduko hiririk zainduenera! Hamalau biztanleko kamera bana. Egunero, gutxi gorabehera, hirurehun aldiz filmatuko zaituzte bertatik paseoan zoazela. Eta horixe dugu hiri zein herri guztien joera orokorra, toki batzuetan begien kopurua arinago hazten ari bada ere. Egun, oro har, Txinako hiriak dira kameren erosle nagusiak munduan. Erresuma Batuak, berriz, munduko biztanleriaren %1 baino ez dauka eta bideozaintzarako kameren %20 kontsumitzen ditu. Parisek gertutik jarraitzen du Londres, eta Pekin ere asko hurbildu zitzaien 2008ko Olinpiar Jokoen antolakuntzarekin batera. Ospakizuna zaintzeko jarritako kamerak ez ziren, ondoren, kendu.
Foucaultek aipatutako diziplinaren gizartetik kontrolaren gizartera igaro gara. Ez dezagun inortxo ere bistatik galdu! Ustezko errudun gisa begiratzen al gaitu begi grabatzaileak? Delitugile potentzialak ote gara hirietako paseatzaileak?
Paradoxikoki, bideozaintzak ez du delitu kopurua jaitsarazi. Hala adierazi zuen, argi eta garbi, Mick Nevill inspektoreak, Scotland Yardeko bideozaintzarako arduradun nagusiak: inbertsio milioidunak ez du kriminalitatea gutxitu. Zer dela eta? Batetik, kamerak eguneko 24 orduetan ari dira grabatzen eta ez dago bideo-datuen uholde hori aztertzeko nahikoa polizia. Bestetik, jendea kamera aurrean txanoarekin edo eguzkitako betaurrekoekin agertzen da sarritan, eta ez dira identifikatzeko batere errazak. Beraz, milioika libera gastatu dira ekipamendu teknikoetan, baina ez da minutu bat bera ere eman irudi horiek nola aztertu eta auzitegietan nola erabili pentsatzeko. Hauxe da inspektoreak adierazitako emaitza: bideozaintzaren bidez delituen %3 baino ez da ebatzi. Eta zifra horiek ez datoz bat, inolaz ere, gastatutako diru kopuruarekin. Aspaldikoak ditugu datu polizial horiek, baina, hala ere, ez du inork begi mekanikoen ugalketa etengabea geldiarazi.
Kamerak ez dira, beraz, uste bezain eraginkorrak ikerketa-tresna gisa. Ados. Baina kontua da disuasio-tresna gisa ere arazoak sortzen dituztela! Gero eta beldur gutxiago eragiten dute. Badira funtzionatzen ez dutela pentsatzen dutenak, eta badira orobat (hauxe bai kezkagarria) delituak kameraren begiradak bultzaturik egiten dituztenak. Kontrako efektua! Beren burua agertoki baten aurrean sumatzeak estimulu gisa funtzionatzen die. Ez al dira mugikorretan eraso asko grabatzen, irudiak partekatzeko eta zabaltzeko asmoz? Lapurtu eta kameraren aurrean mingaina atera, keinu bat egin, aurpegi berezi bat jarri…, hori da joera berria. Badirudi bideozaintzaren eta ikuskizunaren arteko muga uste baino askoz lausoagoa dela. Horrenbeste ohitu gara kamera aurrean egotera? Begiradak ez gaitu jada lotsarazten; amaitu da lotsa. Hala dio Jacques Alain Miller psikoanalistak, telebistaren eta ikuslego masiboaren kultura aztertuta. Reality show-ak eta Love Story-ak ditugu lotsa amaitu izanaren adibide. Beti gaude exhibizionismorako prest. Beraz, bideokameraren begirada anonimoa autoritaterik gabeko begirada bilakatu da, lotsatzen ez gaituena. Egoera bitxia, geurea: intimitatea babestu nahian, batetik; ikusiak izateko gogoz, bestetik. Biak batera. Paranoia eta nartzisismoa elikatzen ditugu aldi berean. Edo biek bat egiten dute? Begiratu egiten naute, pertsegitu egiten naute, beraz, garrantzitsua naiz!
Begiz beteriko lanpostuak
Lan munduan, aldiz, jagolearen asmoa argia dela ematen du: errendimendua areagotzea. Egia esan, langileen gaineko bijilantzia zurruna ez da gauza berria. Henry Ford bera ibiltzen zen, pasa den mendean, kronometroa eskuan zuela paseatzen eta bere langileei begira, produkzioaren abiadura areagotzeko asmoz. Berritasuna bideozaintzaren eta teknologia digitalaren bidez zelatatzeko eskalan dago, langileengan jarritako arreta mailan, eragindako presioan: gehiegizkoa da. Zaintzaren kapitalismo berria pairatzen dugu, Shoshanna Zuboffen hitzetan. Eta kapitalismo berri horren adibide deigarri asko daude: «Atera ezazu selfie bat zure lanpostuan eta bidal iezaguzu!». Horixe eskatu zien Away ekipajeen enpresako arduradunak bere langileei gaueko ordu bietan, lanean ari zirela egiaztatzeko. Oso kritikatua izan zen, baina gero eta enpresa gehiagotan ari dira gertatzen horrelakoak. Gure etengabeko konexioak eskainitako aukera?
Tamalez, nagusiaren begirada etxera sartu zaigu; desagertu egin da etxearen eta lanaren arteko muga, esparru pribatu eta publikoaren artekoa.
Telelanak, modu berean, kontrol mota berriak eragin ditu. 2020ko pandemiak eragindako itxialdiak jende asko etxetik lan egitera behartu zuen, baina, gerora ere, gorantza egin duen joera izan da. Bulegotik kanpo lan egiteak, hala ere, ez zuen inor kontrol zurrunetik libratu: WorkSmart bezalako aplikazioak sortu ziren, langileen ordenagailuetako pantailetan hamar minutuan behin argazkiak egiteko prest, gailuetan proiektatutakoa ziurtatzeko. Atsedenik ez! Aplikazio horren salmenta %300 handitu zen 2020an, eta bankuak zein aseguru-etxeak izan ziren zelatatzeko softwarearen erosle nagusiak. Desinstalatuko ote zituzten pandemia eta gero? Ez dut uste. Tamalez, nagusiaren begirada etxera sartu zaigu; desagertu egin da etxearen eta lanaren arteko muga, esparru pribatu eta publikoaren artekoa.
Gehiegizko bijilantziak salaketa ugari eragin ditu azkenaldian, baina ondorio gutxi, oraingoz. Deigarri egin zait, besteak beste, paketeak entregatzeko FedNex enpresaren bijilantzia mota. Biltegiko langileek une oro eskaner bat eraman behar dute besoan itsatsita, paketeak egiteko erritmoa neurtzeko gailua. Begidun besokoak daramatzate? Nagusiek ez zioten ezer galdetu Reynalda Cruz langileari, eskumuturra handitu zitzaionean pisu handiko paketeak altxatzeagatik, mugimendu errepikakorregiak egiteagatik eta eskanerrak besoan eragindako minagatik. Datuak ikusi eta erritmoa areagotu behar zuela agindu baino ez. Mina ez omen da ikusten. Egoerak eta testuinguruak ez omen dira aztertzen. Langileak, lur jota, roboten antzera tratatzen zituztela adierazi zuen. Eta okerragoa ere izan daiteke: horra hor Amazonek patentatuko eskumuturreko berria. Komunetik bueltan edo buruari hazka uste baino denbora gehiago emanez gero, eskumuturrekoak bibrazioak egingo ditu, eta nagusiei abisua eman.
UAM edo «erabiltzaileen jarduera gainbegiratzea» deitu diote langileei egindako espioitza etengabe horri. Produktibitaterako baliorik ez duena ez da ikusten. Non sartzen dira, ordea, bestelako balioak? Lanean giro ona sortzea, egun txarra izan duen lankidearekiko adeitasuna, lankide berri bati emandako laguntza… Bulego panoptikoak neurtzen duena neurtzen du, horretan datza gardentasuna. Bitartean, baina, lanean etengabe begiratuak eta ebaluatuak izateak bakardadera bultzatzen gaitu, besteekin gero eta harreman gutxiago izatera. Eskumuturrekoak bibrazioak eragingo ditu ustezko denbora galtze horretan: burnout ospetsuaren eragileetako bat? Gizatasunaren urraketa nabaria bada, behintzat.
Begiz beteriko objektuak
Egia esan, egun, edozein objektuk eraman dezake begi bat. Espioitzaren inguruko nanoteknologia izugarri garatu da eta begidun gauzen merkatua askotarikoa egin zaigu. Eguneroko objektuetan daude kamuflatutako kamerak, edozerk begira gaitzake: erlojuek, etxeko bonbillek, kotxeko giltzek, iratzargailuek, betaurrekoek, boligrafoek… Hamaika aukera daude, Amazonen gainbegirada soil eta arin bat emanez gero.
Gurasoek seme-alaben pauso guztien berri izan dezakete gardentasun teknologikoa dela medio. Jacques Lacanek esan bezala, ordea, besteak egiten duena jakiteak ez du zertan maitasunaren adierazgarri izan.
Guztien artean, azkenaldian, begidun ateak nagusitu dira merkatu horretan. Arrakasta, batez ere, Ring deituriko aplikazioari esker etorri da, 2018an Amazonek erositakoari esker. Horren bidez, smart txirrinak instalatzen dira etxeko ateetan eta, norbaitek atea jotzen badu, etxean inor ez badago ere, mugikorrean ikus daiteke nor dabilen ate joka. Txirrinak egunean zehar egindako grabazio guztiak ikusteko eta beste bizilagunekin partekatzeko aukera ematen die Ringen erabiltzaileei, Neighbors deituriko app-aren bidez. Beraz, norbaitek bere etxeko kameran zerbait susmagarria ikusten badu, bizilagunak ohartaraz ditzake. Horra hor hogeita lau orduz elkarri konektatutako txirrinen sistema, une oro aktibatuta dagoen zaintza-sarea. Bi motatako bideoak parteka daitezke bertan: segurtasunarekin lotura daukatenak edo dibertigarriak direnak; ateko etxean dagoen pertsona susmagarriaren bideoa edo zure etxe aurretik paseatzen irristatu eta jausi denarena. Biak daude RingTVn ikusgai. Aldi berean, beren auzoko gorabeheren alertak jasotzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Zorionez, badira horren inguruko ahots kritikoak: Chris Gilliard pedagogoaren arabera, hiperzaintza horrek segurtasun ezaren antsietatea elikatzen du eta espazio publikoak militarizatzen ditu. Mike Caulfield alfabetizazio digitaleko arduradunaren ustez ere, Ring bideo-sareak sentsazionalismo kutsua ematen die auzoko gorabehera txikiei. «Segurtasun eza» etiketa partekatzeko eduki bihurtzen du, eta jendea gertaera horiek aurkitzera bultzatzen, RingTVra igotzeko.
Modu berean, segurtasun ezaren ideologiak haurtzaroa kolonizatu du: bideozaintzaren gehiegikeria umeek pairatzen dute, bereziki. Babysitter-ak zaintzen du haurra, eta gurasoek umezaina, eguneroko bizitzan erabilitako objektuetan kamerak txertatuz. Logelako peluxeetan edo biberoietan daude, disimulaturik. Umearen gelako objektuek begiratu egiten zaituzte… Ez al du ematen beldurrezko film bat?
Horrelako jarraipenak egiteko aukera ematen dute arropan jarritako txipek ere. RFID deituriko teknologiaren bidez, seme-alaben jarraipena egiten dute hainbat gurasok. Amaitu da ezkutaketan jolasteko garaia! Lagunekin ibili eta gurasoei liburutegian egon naizela esan? Ezinezkoa! Gurasoek seme-alaben pauso guztien berri izan dezakete gardentasun teknologikoa dela medio. Jacques Lacanek esan bezala, ordea, besteak egiten duena jakiteak ez du zertan maitasunaren adierazgarri izan. Bitartean, hiriak, lanpostuak eta giza harremanak begirada etengabearen mende ari gara jartzen. Aipatutako konfiantza faltaren seinale?
Konfiantzaren krisia
Badirudi gardentasuna zalantzan jartzeak susmagarri bilakatzen zaituela. Ez al zaude erabateko gardentasunaren alde? Zer duzu, bada, ezkutatzeko? Ikusia ez izatea erruduna izatearekin lotu zaigu! Errudun/errugabearen dikotomiatik ezkutatzeko, zerbait/ezer ez izatearen dikotomiara pasatu gara. Logika berri horrek ondorio faltsu batzuetara garamatza, aurreiritzi arriskutsu batzuk elikatzen baititu. Horra hor: 1) errugabea izatea ezkutatzeko ezer ez izatea da; 2) ezkutatzeko ezer ez daukanak ikusia izatea onartu beharko luke; 3) ikusia izatea onartzea errugabea izatea da.
Nola berreraiki, ordea, elkarrekiko konfiantza apur bat? Iluntasuna ere beharrezkoa baita. Izan dezagun konfiantza, datuetatik eta pantailetatik at, ikusezina den horretan.
Ikusia izatea, gainera, aurreiritziz beterik egon daiteke: begiratzen duenaren aurreiritziz, alegia. Argi sumatzen da hori bideozaintzaren irudien trataeran, aurpegi-ezagutzaren inguruko tekniketan. Adibidez, Evan Selingerrek eta Woodrow Hartzogek egindako ikerketaren arabera, erabat neurriz kanpokoa da aurpegia ezagutzeko teknikek biztanleria beltzarengan duten eragina. Horren berri ematen dute Obscurity and Privacy saiakeran: azal iluneko jendea detektatzerakoan positibo faltsuen kopurua askoz handiagoa da, ohikoa baita argazkiaren eta identitate okerraren arteko lotura. Aurpegiak ezagutzen egindako akatsak, gainera, emakumeen kasuan areagotu egiten dira. Emakume beltzak dira, bideozaintzaren aurrean, egoerarik okerrenean daudenak.
Egungo boterea, finean, ez da gutaz fidatzen. Baina konfiantza ezinbesteko balioa dugu elkarbizitzan: agortutako sinesmena? Konfiantza galtzearen sintoma garaikidea paranoia litzateke, egungo nagusiaren ezaugarria: horregatik ebaluatzen gaitu etengabe. Gugan konfiantza balu, agindu eta atseden hartuko luke. Baina ez, ebaluazioaren hizkuntza elebakarrean hitz egitea eskatzen digu denoi, gaizki-ulerturik ez egoteko. Edo kontabilitatearen eta estatistikaren hizkuntzan berba egin, edo isildu. Eta, badaezpada, ez hitz egin gehiegi zuen artean! Susmo txarra hartzen die bestelako elkarrizketei: denbora galtzeaz aparte, konplot posibleak ere aurreikusten ditu, mesfidati. Kontrolatzea eta hizkuntza garbitzea ditu helburu. Teknozientziaren jabe paranoikoak kalte egiten ari gatzaizkiola sumatzen du. Eta geuk ere, giro horren parte garen heinean, zentzu bikoitzeko paranoia bizi dugu: erakundeek ez daukate jendearengan konfiantzarik eta jendea ez da fio instituzioekin. Susmoaren aroa. Nola berreraiki, ordea, elkarrekiko konfiantza apur bat? Iluntasuna ere beharrezkoa baita. Izan dezagun konfiantza, datuetatik eta pantailetatik at, ikusezina den horretan.