miren artetxe

Asortatibitatea

2015-11-09 Bloga

Bada sare sozialen azterketan, ez Interneteko sare sozialetan soilik, baizik eta pertsonen arteko harremanak definitzen dituzten sareetan, propietate berezi bat: asortatibitatea. Sare sozialetan agertzen da bereziki; sare teknologiko edota biologikoetan, aldiz, ez da ohikoa.

Sare sozialen analisia askotariko diziplinek osatzen duten ikerketa eremu berrienetako bat da. Eremu horretan, sistemak aztertzeko sareak eta horien ezaugarriak aztertzen dira. Laburpen moduan oso interesgarria da, adibidez, José Ignacio García-Valdecasas-en ‘La estructura compleja de las redes sociales’ artikulua (www.fes-sociologia.com/files/res/24/04.pdf).

Artikulu horretan, asortatibitatea sare sozialetan gertatzen den berezko fenomeno bezala azaltzen du. Asortatibitateak nodoen artean ezaugarri antzekoen araberako bateratzea suposatzen du. Ezaugarri hori, normalean, nodo horrek –pertsona horrek– dituen lotura kopurua izan ohi da. Konexio asko dituen nodo batek konexio kopuru altua duten besteekin lotzeko joera izango du, eta alderantziz.

Hori ez da edozein saretan gertatzen den fenomenoa; sare biologikoetan, adibidez, konexio kopuru altuko nodoek konexio gutxiago dituztenekin lotzeko joera ere egon ohi da.

Sare sozialen asortatibitatea ezagutuz, gauza oso interesgarriak ondoriozta daitezke. Epidemiologia gaietan aplika daiteke, adibidez, eta informazio hori propagazio saiakerak mugatzeko erabili. Propagazioa ezaugarri antzekoak dituztenen artean gertatuko bada, horiek mugatzearekin batera arazoa konpondu edo murriztu daiteke.

Zergatik gara ezberdinak? Zergatik dirudite ezberdinak pertsonen arteko harremanek osatutako sare egiturek? Sareek eta horien egiturek gu egiten gaituzte edo guk erabakitzen ditugu gure sareen egiturak? Bizi garen jendarte ereduak markatzen du sare egitura edo naturalki gure izaeragatik definitzen da hori? Egitura horiek aldatzea erabaki dezakegu edo automatikoki agertzen diren egiturak dira?

Galdera asko, eta horien atzean, gure jendarteak behin eta berriz egiten dituen galdera askoren erantzuna ere. Jendartea sistematikoki aztertzea zaila da, lupa edo ikuspuntu batetik egiten baita. Kasu honetan, sare egituren begirada, askotarikoagoa bada ere, ereduak erabiltzen ditu konplexutasuna murrizteko. Hori ere mugatua da, baina behintzat tresna batzuk eskaintzen dizkigu gure harremanak –gure bizitza, azken finean– ulertzen laguntzeko; gizakia, azken buruan, izaki soziala delako.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan