miren artetxe

Argazkiak eta iragazkiak

Kultura

2023-05-30 Bloga

Patata!

Espainian patata esaten da; Frantzian, Ouistiti (tximinoa); Mexiko, Argentina edo Hondurasen, Whisky; Estatu Batuetan, Cheese (gazta); Armenian, Tsitiky Trav (atera da txoritxoa). Lerro hauek hemen idazten ari naiz eta hor nonbait Orion bikotekide ohiak eraildako emakumearen gorpuaren argazkia dabil bolo-bolo. Niri ez zait iritsi, eta ez dut bilatu. Baina bitxia da argazkiak egon badaudela dakidanetik burura eszena horren irudi posibleak heldu zaizkidala, sortu ditudala irudi horiek.

Bitartean kaleak argazkiz bete dira. Gure herrian Eider Mendoza, Maddalen Iriarte, Mikel Lezama, Jose Ignacio Asensio, Miren Etxebeste eta beste ageri dira erakusleiho bihurtutako paretetan. Denak daude galai. Photoshopa erabiliko al zuten? Nola ba. Nola ez ba. Zergatik aukeratuko zuten ateratako dozenaka erretraturen artean horixe? Bai, transmititzen dute zerbait. Hasierako koloreak, baina, ari zaizkie joaten. Zer esango zien transmititzeko aho-keinuan? Gertutik ateratako argazkia izango al da? Eta nork erabakiko zuen orain begiratzen ari naizen modua dela argazkiak harrapatu behar zuena?

Frantzia sareetako irudiak erregulatzeko lege bat onartzear da. Influencer-ek jakinarazi egin beharko dute filtroak darabiltzaten edo ez, eta ezingo dute apusturik edo kirurgia estetikorik sustatu, besteak beste. Bien bitartean, adimen artifizialaren azken magiak eta ChatGPTk egin ditzakeen marabillen bila dabiltza gure algoritmoak. Datozen urteetan, itxuraz, etengabea izango da sokaren alde bateko erregulazioa eta mugatu ezin denaren hedapena.

Argazkiek errealitatearen ilusioa sortzeko gaitasuna dute, eta gizarte modernoa irudiarekin obsesionatuta dago. Argazkiek errealitatea dokumentatu bezain manipulatzeko gaitasuna dute. 60 urteren bueltako gizon bati entzuten nion, ispilura begiratuta, bere burua antzeko ikusten zuela, denboraren joanetik salbuetsita-edo; eta, aldiz, argazki bat ikusita, derrepentean zenbat zahartu zen ohartzen zela, eta derrepentean izutu.

XIX. mendera arte, argazkilariek teknika landu eta neketsuekin jarduten zuten. Begiratzea lan bat zen, eta argazkilariak istant bateko mundua eta egia jasotzea zuen helburu. Ordura arteko margolanak ez bezala, bazirudien argazkiak gardentasuna eta objektibotasuna ezinbestean egiten zituela bere; baina, pixkanaka ohartu ziren kamerak begiaren baino pintzelaren antz handiagoa zuela. Argazkian islatu nahi zena ez zetorren bat errealitatearekin. Kamera analogiko eta gorpuzdunen garaian saihetsezina zen jardunak suposatzen zuen lana itxuraldatzea; baina, digitalizazioarekin, artistaren eta turistaren arteko aldea desitxuratuz joan da: bizitza turismo obsesibo bihurtu da ia. Bisita turistikoa ohera, gosarira, lagunarteko kafera. Kasik, zertarako egin bizitzeko ahalegina, bizitza bera zalapartarik gabe jaso badezaket? Zeri ari gara argazkia ateratzen, ordea, soilik argazkiak ateratzen ari bagara?

Identitatea kontu konplexua da. Ispiluak lasaitu egiten gaitu; argazkiak izutu. Gaur egun, filtro eta abarrak medio, ispiluaren aurrean makilatzetik ispilua bera makilatzera igaro gara. Adimen artifizial deitzen ari garen horrek areagotu egin du kontua. Duela gutxi irakurri nuen, baina albistea orain bi urtekoa zen, adimen artifizialak sortzen dituen pertsonen erretratuak, batez ere, pornografiarako erabiltzen ari direla. Bizirik zein hilda dauden pertsonaia ezagunen simulakroak dira bideo horietan agerikoenak; baina 100.000 emakumek baino gehiagok salatu dute, baimenik eskatu gabe, euren sareetako irudiekin izaera pornografikoko bideoak egin dituztela. Beldurgarria da kontua. Eta ezin da ezer egin. Zuk «hori ez naiz ni» esaten baduzu ere, gorputza erabat desitxuratu eta irudia bihurtu da identitate.

Errealitatea berretsi eta esperientzia argazkien bidez luzatzeko beharra kontsumismo estetiko mota da, eta, egun, ia gehienok dugun mendekotasuna. Ez naiz teknofoboa. Ez dut uste. Onartzen dut teknologiak asko kezkatzen nauela, mesfidantza diodala eta sare sozialetan ez naizela batere eroso sentitzen. Teknologia, baina, egunerokoan behar-beharrezkoa dut, izugarri laguntzen dit, plazera ere sortzen. Baina ez gaitezen engaina. Apenas dago zerbait onuragarria mundua eta egia kentzen badizkigu. Teknologiak errealitatea bere egin eta mundua zein egia alboratzeak larritzen nau. Berrikuntzak eta harridurarik gabeko gizarte batek kezkatzen nau, eta Orioko eszenak errepikatzen diren batek.

Hiru flash

Hilabete honetan argazkiari lotutako hiru eszena izan ditut begitan. Lehenengoa Mikel Ibarluzea Barruetabeña argazkilari bilbotarraren azken lana izan da. ETB unoko programa ikusgarrienetako bat da parez pare harrapatzen kosta egiten den EITB Kultura, eta bertan izan nuen Ibarluzearen lanaren berri. Ibarluzearen ibilbide oparoan argazkilaritza ulertzeko modua aldatzen joan da: lehen gehiago erreparatzen zion irudiari; orain, irudiaren kanpokoari.

Kameraren erabilera orok agresioa dakar. Talaia horretatik Bilboko Solokoetxe auzoan du begia jarrita Ibarluzeak. Solokoetxe auzoa Solokoetxe izeneko baserri baten ingurumaria zen XIX. mendean. Izenetik izanerako tarte motzean solo eta belardi ederreko lekua zela pentsa daiteke. Industrializazioa medio, biztanleriaren gorakadak patata eta azak zeuden lekuan etxebizitzak egitea beste biderik ez zuen ikusi. Egun, Bilboko biztanle dentsitate handiena duen barrutia da.

Bada, Solokoetxen badira bere garaian kartzela funtzioa ere izan zuten etxebizitza bloke irmo batzuk. Arkitekturaz ezer gutxi dakigunok lego piezekin konparatuko genituzke. Hormaren parte diren leihoak, balkoirik gabeko pisuak, eta teilatua ez den gainaldeak ez du terraza bihur daitekeen itxurarik. Aterpea dute etxeok, aterpe zabala, eta ur galeriaduna, bere garaian auzokideek erabil zezaten jarria. Bestelako baliabideen faltan, Bilboko etxegabe ugarik bertan hartu izan dute aterpe, eta hori ez da segurtasuna eta ordena ahoz gora darabiltzaten horien gustukoa. Horregatik erabaki dute ‘garbitzea’. Ur galeriak aktibatzen dituzte bertaratutakoen ondasunak bustitzeko, eta, modu baketsuan, espazio publikotik kanporatzeko.

Izugarria iruditu zait eszena. Judutarren gasezko dutxen parekoa. Ibarluzeak hormei erreparatu die. Nola dituzten hormek bizitza arrastoak inorentzat leku ez den etxebizitzaren eremu horretan. Zuri-beltzera eraman ditu argazkirik gehienak, nolabait, adierazpen askatasun falta irudiak berak ere izango balu lez. Eta galdera egiten du nola heldu garen horraino, zer eta nola erantzuten dien arkitekturak hirigintzak konpondu ezin izan dituen arazoei.

Bigarren eszena herritik gertuko autokarabana batean kokatzen da. Eli Garmendia tolosarra eta bere bikotekide Carlos Pericas herriz herri dabiltza Bitxa deitu dioten autokarabanarekin dabiltza. Bizi aldaketa baten menturaz, autokarabanaren aukerei erreparatu zien bikoteak. Leku ezberdin askotan egon, eta pertsona ugari ezagutu dituzte bidean, eta bizimodu hori euren jardun artistikoarekin nola uztartu pentsatzen hasi ziren. Erretratu nomada proiektua sortu dute hortik. Proiektuaren ardatza da herrira iritsi, plazan kokatu eta astebetez herriko ahalik eta biztanle gehienei erretratu bana egitea. Gero, erretratua jasotzeko aukera dute biztanleek, eta, modu horretan, argazkilariek artxibo gisako bat sortzen dute, herri hartan izan ziren unearen erradiografia bat. Kamerak aurpegiak maskara sozial gisa erakusten baititu ezinbestean.

Lan artistikoa eremu publikora eraman, eremu publikoarekin nahastu, eta nolabait herriari itzulpen bat egin. Kultura zerbitzu bat da, besteak beste. Izango da esango duenik argitaratzen denak beti duela xede publikoa argitaratzea erabakitzen den momentutik, ez dela ezinbestekoa berariazko itzulpenik egitea; edo izango da esango duenik arteak ez duela behar xederik izateko. Argazki oro, aldi berean, sasi-presentzia eta ausentzia zeinu bat da. Nik espazio publikoaren eta kulturgintzaren arteko harremanaz eta funtzioaz gehiago pentsatu behar dugula besterik ez dut esaten, edo, gaur eta hemen, horraino esango dut.

John Szarkowski argazkilari estatubatuarrak bi argazki mota bereizten ditu: leiho diren argazkiak, eta ispilu direnak. Garmendiak dio berak barrutik kanpora begiratzeko erabiltzen duela argazkia. Leihoa litzateke berea, munduari begiratzeko modu bat. Baina argazkilariaren sentimendu, iritzi edo asmoak islatzen dituen argazkiak ere badira, eta horiek ispiluak dira. Nago Nomad Studiok bi-biak dituela, eta, selfie-ak, aldiz, ez bata eta ez bestea.

Hirugarren eszena gure herrian izan da, Urretxun. Garaje batean, maleta baten barruan, album bat eta ehundik gora negatibo zeudela abisatu zioten Andoni Lubakiri. Lubaki Rifen zegoen mezua jaso zuenean. Sorpresarako, argazkilari ezezagun hura bere birraitona zen, Eustakio Berriotxoa Elgarresta, eta argazkiak Rifeko gerrakoak ziren. Gora magia. Gehienean, argazkiak ez dira artistaren asmoen araberakoak: argazkilariaren eta gaiaren arteko ia ustekabeko elkartearen ondorio dira.

Rifeko soldaduek debekatua zuten gerra kolonial haren zantzuak gorde zitzakeen edozein material sortzea, argazkiek begiratzea merezi duenaren eta behatzeko eskubidea dugunaren gure nozioak aldatzen eta zabaltzen dituztelako. Apenas dago bertako herritarrek kolono espainiar eta frantziarrak garaitu zituzten gerra hartako dokumentaziorik. Espainiarrak eta frantziarrak parez pare. Horregatik dio Sarrionandiak, besteak beste, ordukoak baduela gurearen antza, moroak garela behelaino artean.

Andoni Lubakik birraitonaren argazkiak errebelatu eta erakusketa osatu du Antton Valverde, Eñaut eta Unai Agirre, Asya Zayzaoui eta Joseba Sarrionandiari gonbita pasatuta. Valverdek Afrikako gerraren jirako kantak bilduta ditu, eta horietako bat agirretarrek kantatzen dute. Paulo Iantzi bertsolariarena da sorta, 1922an semea Afrikan zuen ama baten eskaera medio idatzia. Kultura zerbitzu berriz ere. Iantziren bertsoak militarren jo-puntuan egon ziren, baina, hala ere, bost bider argitaratu dira ordutik, eta jende aurrean ez baina isilka eta ostatuetan sona handia izan dute. Gordina eta ederra da dozenatik gorako sorta. Hauxe bat: «Bete besuak galoiez/ zillar ta urre kolorez/ agindu modu gogorrez;/ artu ta eraman gure semiak, azitakoak dolorez;/ ez dute eskatzen faborez/ batek nai badu edo ez/ lur bustitzera odolez».

Asya Zayzaoui riftarra da, eta Garabideko kideak zioen gerraren kontakizuneko kantak etxeetan kantatzea ohikoa dela Rifen. Kantua isildu nahi izan zuten ahotsaren memoria. Eta jabetza. Aspaldian, memoriaz baino gehiago gustatzen zait jabetzaz mintzatzea. Ez baikara ari oroitzeaz, edo islatzeaz, edo historia duintzeaz, bakarrik. Argazkiak ateratzea argazkian ateratzen den horretaz jabetzea da, eta, argazkiekin, Wittgensteinek hitzekin esandakoa gertatzen da: erabilerak ematen die esanahia.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan