2026-03-03 Egunen gurpilean
Zeinuak
Hau izango da Jakinen sail honetan idatziko dudan azken testua. Nola amaitu? Aurreko artikuluan, Italiarako gure bidaiari buruz hitz egin nuen. Bada, hari berari helduko diot, ibilaldi hartaz esan gabe utzitako gauza bat komentatu nahi baitizuet.
Egun batean, Bergamoko museo batera joan ginen, Academia Carrara izenekora. Irakurrita geneukan nahiko museo txikia eta txukuna zela. Horrelako museoak umeekin joateko aproposak dira, ez baitira nekatzen, eta gauza batzuei buruz hitz egiteko aukera ematen dute. Museoan sartzearekin batera, bideo txiki bat erakusten zuten, eta hari esker jakin genuen museoaren funts edo ondare nagusia Giovanni Morellik bildutakoa zela. Giovanni Morelli hori zein ote zen, bideo hartan ikasi genuen pixkaren bat.
Antza, Morelli XIX. mendeko italiar intelektual bat izan zen, artearen historiaren ikerketaren oinarriak irauli zituena. Nola? Metodo bat garatu zuen artelanen egiletza ziurtatzeko. Dirudienez, margolanei bere osotasunean begiratu baino, xehetasun txikiei begiratzen zien; egile bakoitzak xehetasunak (belarriak, hatzak…) margotzeko modu partikularra zuela ohartu zen. Zeinu txiki haiek argi eta garbi erakusten zuten nork egin zuen pintura bakoitza. Izatez, metodo deduktiboan oinarrituriko teorizazio bat eskaini zuen, arte ederrei aplikatua.
Ez nion kontuari garrantzi handiagorik eman, harik eta Bergamon liburu azoka hura aurkitu genuen arte… Kontua da, museoarekin bukatu ostean, hiria ezagutzera joan ginela. Plaza batean karpapeko liburu azoka handi bat aurkitu genuen, eta denboratxo bat eman genuen bertan. Oso pozik atera nintzen, italiar historialari kuttunenaren, Carlo Ginzburgen liburu bat aurkitu bainuen. Asko maite dut Carlo Ginzburg historialaria –nahiz eta askotan berarekin eztabaida isilean aritu nire gogoan–, darabilen idazkeragatik, hautatzen dituen gaiengatik, italieraz irakurtzeko ematen didan aukeragatik.
Liburu horrek, zehazki, Miti emblemi spie (Mitoak, ikurrak, espioiak) zuen izena, eta azalean belarri batzuk zeuzkan margotuta, eta belarrien azpian margolari ezagun batzuen izenak. Eta zer den kasualitatea (edo zeinu harrigarria), liburuaren azalean agertzen ziren belarri horiek nondik eta Giovanni Morelliren apunteetatik ateratakoak izan! Antza denez, liburu azokan aurkituriko liburu horrek egun hartan ezagutu berri genuen Morelliren metodo deduktiboari buruz apur bat gehiago nahi zidan erakutsi, Morelli jauna zein garrantzitsua izan den historialarientzako.
Ginzburgek dioenez, Morelliren dedukzio-bideak jarraituz gero, hau da, diskurtsoaren erdigunean ez dauden gauzei erreparatzen hasiz gero, beste gauza batzuk azaltzeko modua irekitzen da. Margolanen osotasunari begiratuta, ebidentea dena ulertuko dugu; baina, ziurrenik, ez gara begi bistatik kanpo dagoen horretaz ohartuko. Agian, begi bistatik kanpokorik dagoenik ere ez dugu susmatuko. Ordea, erreparatu arretaz sudur formei, belarrien tolesdurei, eta hasiko gara beste gauza batzuk ulertzen.
Ez al da hori, funtsean, Arthur Conan Doylek Sherlock Holmesi eginarazten ziona? Ez al du, argi eta garbi, metodo deduktiboa erabiltzen gure detektibe kuttunenak? «Elementary, my dear Watson».
Zeinuak aurkitu, jokoz kanpo dauden datuak aztertuz, begi bistakoa ez denaz kezkatuz… Eta, hara, hori ametsekin egingo bagenu, zer? Ez al zen hori Freud jaunaren metodoaren funtsa? Atzean dagoenari begiratuz ‘benetako’ esanahiak bilatzea… Bada, bai, antza denez, Freud ere Morelliren metodoari jarraiki abiatu zen subkontzienteak benetan esan nahi digun horren bila.
Horri guztiari buruz hausnartzen du Ginzburgek liburuan. Honako beste hau ere esaten du:
Ebidentzia edo igarpen paradigma honetan, gizateriaren historia intelektualeko keinurik zaharrena ikus dezakegu: lokatzetan makurtuta, bere harrapakinaren arrastoak aztertzen dituen ehiztariarena.
Arrastoz arrasto joaten naiz ni ere, ehiztari baten antzera, fruitu biltzaile baten antzera, zer garen idazten saiatzen naizenean. Hori da historialariaren lanaren muina, hor atzean zer ezkutatzen den jakin eta adierazi nahia.
Ideiak karakteretan
Euskarazko nire lehen testuak euskaltegian idatzi nituen. Testuak hitzetan zenbatzen ikasten duzu. B2 azterketa ateratzeko 200 hitz idatzi behar duzu. C1 ateratzeko, 300. Behin, euskaltegira joateko aukerarik gabe geratu nintzen, eta nire kasa hasi nintzen testu txiki batzuk sortzen, 200 hitzekoak. Ez zeuden gaizki, eta Alea aldizkarian argitaratzen hasi zitzaizkidan, duela 5-6 urte. Hura izan zen nire lehen aldia aldizkari batean euskaraz argitaratzen nuena. Hasiera hari, hau da, Alea-koek aukera hori emateari esker etorri zen gainerako beste guztia.
Gero, Argia-n eta Berria-n ere hasi nintzen idazten. Ikasi nuen profesionalek ez dituztela testuak hitzetan zenbatzen, karakteretan baizik. Eta halaxe ikasi nuen 3.500 karakteretan idazten, 4.000 karakteretan… Eta, hori ere bai, eskaintza luzeena, Jakinen egin zidatena, 10-11.000 karaktereko idazlanak egiteko proposamena.
Horrek hausnarketa gehiago eskatzen du, aztertzeko zeinu gehiago, hitzen esanahi gehiago jakin behar dituzu. Ideia ezberdinak lerrotu, antolatu, eta behin hori eginda… Zenbat eta gehiago pentsatu eta gehiago idatzi, zantzuak jarraituz eta ideietan hausnartuz, orduan eta karaktere gehiago behar! Jakinekin egindako ibilbideak 10.000 karaktereko ideiak lotzen lagundu dit, eta orain gehiago beharrean ez ote naizen…
Kobazuloetan bezala, sartu eta aurrera egin ahala, galeria batera iristen zara, eta handik aurrerago beste galeria bat agertzen da, eta beste bat eta beste bat ondoren.
Pentsamendu telurikoak
Ni ez naiz filosofoa, baina, beste jende askok bezala, ezagutzen dut Platonen haitzuloaren mitoa. Beno, egia esan, alegoria horren inguruan dakidana institutuan ikasi nuen hori da: Platonek metafora gisa erabiltzen zuela, alegia, kontatzeko haren iritziz gizakiek nola ikasten genuen.
Platonen mitoa dela-eta, batzuetan, zera galdetu izan diot neure buruari –agian azaleko galderak dira mito horiek ondo ezagutzen dituztenentzat–: zer interes daukate kanpoan dabiltzan txotxongilo horiek? Zergatik ez dute hitz egiten kobazulo horiei buruz? Zergatik sartu zituzten gizon horiek kobazulo hartan? Zergatik daude preso? Zer dago haitzuloaren atzean? Ez al daukate jakin-minik? Nik bai; izan ere, batzuetan, leizeak oso sakonak dira, galeria ezkutuak dauzkate, txoko arraroak, eta han jatorrizko gauzak gertatu ohi dira, oinarrizkoak. Ez da kasualitatea Joxemiel Barandiaran Euskal Herriko kobazulo guztietan sartu izana. Ez da kasualitatea ere hor aurkitzea mito askoren sorrera eta gordelekua, berak ondo zekien bezala.
Grekoek ere bazekiten. Platonek ondotxo zekien kobazuloetan sekretuak daudela, kontatzen ez diren zenbait gauza garrantzitsu. Eskilok ere bazekien zerbait. Eskilo antzerkigile atenastar bat zen, eta autore misteriotsua, zentzu guztietan. Raül Garrigasaitek dioenez, «haren tragediak dira haren garaiko politikaz eta instituzioez zuzenen hitz egin zutenak; ahaleginik nabarmenena egiten dutenak sen atabikoa zehazteko, munduaren itsutasun kaotikoaren gainean eutsiko dion ordena ulergarria emateko».
Besteak beste, Orestiada trilogia idatzi zuen, non Orestesen dinastiako mitoak kontatzen diren. Hain zuzen, honako hiru lanok osatzen dute Orestiada: Agamenon, Koeforak eta Eumenideak. Trilogia, jatorriz, Atenasko Dionisiar jaialdietan antzeztu zen K.a. 458. urtean, eta lehen saria irabazi zuen. 458. urtean… Gertakizuna noiz eta non izan zen badakigu. Ez al da ikaragarria?
Duela gutxi irakurri dut trilogia, eta zeharo pizgarria izan da niretzat; batez ere azken antzerkia, Eumenideak –katalanez Les benignes (Onberak) izenburuarekin itzuli dute–: txundituta utzi nau. Honako argumentu hau du, gutxi gorabehera:
Orestesek bere ama hil du, eta epaitu egin behar dute Atenasen, Areopagoa izeneko atenastarren epaimahai batean. Epaile Apolo, Furiak (ezin dira izendatu, eta horregatik ‘onberak’ deitzen die) eta Atenea agertzen dira. Azkenean, zer eta Orestes errugabetzat jotzen da, Apoloren eta Atenearen laguntzari esker. Erinia jainkosak nahigabetuta daude, amarentzat justizia nahi baitute. Baina kontua da obrako elkarrizketa guztiek nahiko argi hitz egiten digutela epaiketa berezi baten aurrean gaudela. Hain zuzen ere, hilketa baten inguruko epaiketa baino, beste zerbait deskribatzen zaigu: deskribatzen zaigu greziar gizartean emakumeak politikoki baztertzeko eramandako prozesua, justizia patriarkal bati bide emateko. Orestesek hartu du amari zegokion tokia. Benetan liluragarria da prozesu hori hain modu garbi eta gordinean agertzea. Oholtzan ikusiz gero, uste dut zaila dela bestelako interpretaziorik ematea.
Azkenean, epaian galtzaile irten diren jainkosek, hirian presentzia mantentzearen truke, porrota onartzen dute. Eta utziko diete bizitzen jainkosoi Atenas inguruan, baina ez edonon, kobazuloan baizik. Horrela diote Atenasko hiritarrek:
Lurraren hondoko antzinako kobazuloen barruan, izan zaitezte beti sakrifizio ederrez ohoratuak. (Eumenideak, 1037-1038)
Eta berriro kobazuloak. Sakrifizioa, sakralizazioa, misterioa. Zer dago kobazuloaren hondoan? Zer aurkituko genuke ondo begiratuz gero?
Uda honetan, beste liburu txiki batean irakurri dut, teoria batzuen arabera, arte figuratiboa, eta horrekin batera gizakien kontzientzia sinbolikoa, Homo sapiens-ak Europara iritsi zirenean agertu zela. Hain zuzen, kobazuloak –Afrikan ez bezalako leizeak, askoz sakonagoak, ilunak eta labirintikoak… O, labirintoak…– aurkitu, onartu, deskubritu eta, eraren batean, menderatu zituztenean. Hau da, haitzuloaren deskubrimenduarekin batera jaio zen gizakien kontzientzia sinbolikoa.
Niretzat ez da harritzekoa. Duela urte batzuk Altamirara joan ginen. Ezinezkoa da horma horietan ageri diren transzendentziaren zantzuez ez ohartzea; ezinezkoa, sapiens horiek kobazulora sartu ziren lehenengo aldi hura gogoan, inarrosaldi bat ez izatea.
Altamiratik itzultzean, testutxo bat idatzi nuen. Hor nonbait, ordenagailuaren txoko batean neukan testua:
Kobazuloa hasieran uste izandakoa baino handiagoa zen. Toles, zoko, bazter eta bihurgune asko zituen. Ez hori bakarrik, hitz egin egiten zien. Nola argia ez zen zoko-moko horietara guztietara iristen, argia egingo zuen zerbait erabiltzen zuten. Argi horrek leku zehatzak argitzen zituen, eta itzalak sortzen ziren hormetan. Beldurra ere nabaritzen zitzaien. Beste izakien presentzia. Eta hala ere egin egin behar zuten. Bultzada hori. Beti aurrerago joan behar hori. Makurtuta ibiltzea ez zen eragozpena. Arnasa hartzeko arazoak izatea ere ez.
Ezinezkoa zen ez jarraitzea. Egunero zerbait berria deskubritzen baitzuten. Egunero. Irudi berri bat. Pentsatzeko arrazoiak. Harrigarria zen leku hura. Margo gorriak, zeinuak, hitzak bezalakoak. Haztatzen zuten hormaren hezetasuna. Antzematen zituzten han margotuta zeuden animalien ingeradak. Eta, jakina, batzuetan beraiek ere kanpotik margo gorri edo beltzak hartzen zituzten eta zuloek eta zimurrek eta ingeradek iradokitzen zizkieten ideiak margotzen zituzten. Ez zen erraza, ez zen garbia, baina bai betegarria, asegarria eta kanpoaldea baino beroagoa, abegitsuagoa.
Altamirari buruzko dokumental batean margo horien xehetasunen berri izan genuen duela egun batzuk. Hizkuntza akademikoa erabiliz, adituak nabarmentzen zuen margo horien guztien atzean egon zen transzendentzia. Baina bazen han aipatzen ez zen beste gauza bat ere: pasioa.
Ni pasioz idaztearen defendatzaile sutsua naiz, giza gertakarian dagoen grina azaltzen saiatzearena, baita historia idazten dugunean ere. Ondo, zintzoki, iturriak erabiliz, zientzia humanistikoa eginez, baina pasioz. March Blochek esaten zuenean «ez kendu historiari bere poesia zatiak», horri buruz ari zela pentsatzen dut.
Gilles Deleuzek eta Félix Guattarik zioten: «Idatzi zakur batek bere zuloa arakatzen duen bezala, bere gordelekua egiten duen sagu batek bezala». Nik gehituko nioke: «Idatzi kobazulo sakon batean sartu ginen lehenengo aldi hartan bezala».
Hondoraino sartu.
Eta horrela amaituko dudala uste dut.
Asko ikasi dut hemen, zuekin; erruz hazi naiz. Eskerrik asko aukera emateagatik.
