Aldiriko Trenetik – Jokin Bergara

2026-03-03 Egunen gurpilean

LotunEH

Beti da gozagarri trenez bidaiatzea. Lagun batek behin eman zidan sententzia, autobusaren, autoaren eta hegazkinaren abantailak eta desabantailak aztertzen aritu ginen eztabaida luze baten ondotik: trena da garraiobiderik onena. Ordutik, aukera dudan orotan saiatzen naiz burdinazko bidearen aldeko hautua egiten. Asko dira horretarako arrazoiak, batzuk jakinak eta begi bistakoak (jasangarriena da, erosoa, segurua, puntuala, errepideak baino espazio gutxiago okupatzen du, demokratikoa da…), baina badira gutxiago aipatzen diren arrazoiak ere. Hasteko, garraiobiderik literarioena da. Agian are gehiago esan liteke, eta azpigenero literario bezala har genezake trena eta berori inguratzen duen oro: geltokiak, bidaiak, maletak, agurrak, bidegurutzeak, lehen ezagupenak, liburuak, toki exotikoak, paisaiak, nazio orotako bidaiariak, makinista arriskutsuak, espiak… Edozein elementu misteriotsu erraz besarkatzen du tren bidaia baten istorioak, seguraski horregatik topa ditzakegu bertan kokatutako hamaika lan literario. Edozein publikorentzako istorioak daude, gainera, historia sozial eta politikoak zeharkatzen dituzten saiakera liburuetatik hasi, bidaia literaturatik pasa eta gaztetxoentzako nobeletaraino. Horregatik, Agatha Christieren Orient-Expresseko hilketa edo Harry Potterren Hogwarts Expresseko bidaiekin hazi ginenontzat, magia berezi bat dauka lokomotor batek bultzatzen duen tramankulu luzeak. Izan Londres, Paris edo Istanbuleko tren geltoki dotoreei begira edo izan edozein hiritako geltokitan 9 3/4 nasaren bila, fantasiarako ate aparta da trenaren mundua.

Baina trena literarioa izan daitekeen bezala, politikoa ere bada. Hamaika dira metafora politiko gisa trena erabili duten kanta edo poemak. Federico Guccini kantari italiar anarkistaren La locomotiva kanta da horietako bat. Bertan, tren-gidari anarkista batek, abiada bizian, Bolognako tren geltokiaren aurka birrindu nahi du gizon trajedun eta errespetagarriz betetako trena. Horra, dio Guccinik, La locomotiva injustiziaren aurka jaurtitako lehergailua izan zela, anarkiaren sua pizteko gai:

e che ci giunga un giorno ancora la notizia
di una locomotiva, come una cosa viva,
lanciata a bomba contro l’ingiustizia!

Metafora gaurkotuagoa eskaintzen zaigu Snowpiercer (2013) Boon Joon-Ho zuzendari korearraren pelikulan. Bertan planteatzen denez, 2014an klima larrialdia konpontzeko erabili den teknosoluzio frustratu baten ondotik, Snowpiercer (elur-apurtzaile) trenean doazenak dira biziraun duten gizaki bakarrak, motor berezi eta agorrezin batek bultzatuta. Kontua da 2031rako treneko eliteak aurreko luxuzko bagoien jabe egin direla, eta herri xehea atzealdeko bagoi pobreetan metatua dagoela, baldintza penagarrietan, ondorengo dilemarekin: inora ez daraman tren baten gidaritza hartzeko iraultza egin, alegia, aurreko bagoiak konkistatu, edo trenetik jaitsi eta ezerezaren erdian bizirauten saiatu? Raul Zelikek, Zombis del capital. Sobre monstruos políticos y un socialismo verde (2023) liburuan, tren metafora hori baliatzen du XXI. mendeko dilema politiko nagusira ekartzeko: kapitalismoaren gidaritza berdeago baten aldeko saiakera egin ala osotasun alternatibo bat eraikitzen saiatu? Azeleragailua sakatu ala balaztari eman?

Klase sozialen arteko gatazkarekin eta luxuarekin lotzen den eran, tren-sareak ere oso politikoak dira nazioak irudikatzerakoan: estatuak planifikatzen ditu eta publikotasuna darie. Espainiako trenbide-sareari gainetik begiratzea nahikoa da guztia Madril ardatzetik pasatzen den egitura erradial bat dela ikusteko. Era berean ohartuko gara zergatik dagoen horren konexio ahula EAE eta Nafarroa Garaiaren artean, edo Iruñetik Baionara zergatik ez den sekula trenbide erregionalik eraiki. Ezaguna da ere espainiar presidente bibotedun batek Aragoiko Pirinioetan berrogei km-ko tunel erraldoia eraikitzeko egin zuen proposamena, segurtasun nazionalaren izenean, euskaldunek eta katalanek ez zezaten inoiz Espainiak Europarekin dituen garraio-konexioak kontrolatzeko aukerarik izan. Pentsatu beharko genuke, badaezpada, fantasiaren ateak gurutzatu ditugun honetan, Euskal Herria inoiz artikulatu ahalko lukeen tren konpainiaren izena, LotunEH?

Eta bai, publikotasuna darie; Tony Judt historialari sozialdemokratak zioen trenak zirela munduaren ikuspegi sozialdemokrataren zutabe nagusietako bat, posta-zerbitzuarekin eta eskola publikoarekin batera. Trenaren bilakaerarekin batera eraiki zela europar modernitatea, eta herritar guztientzako zerbitzu publiko unibertsala izateko bulkada zeukala oinarrian. Trenbide sare modernoak ahalbidetu zuen jende eta talde ezberdinak gerturatu, nahasi, elkarren artean komunikatu eta ezagutzea, pareko identitate berritu bat eraikitzeko baldintzak ipiniz (gehienetan, esan dezagun, estatu zentralak nahi zuen nazio-identitatea). Ez da gutxiestekoa, beraz, trenaren botere eta indar soziala, lurraldeak ardaztu eta sistema politiko bat zein identitate zehatz batzuk sustatzeko orduan.

Gehi liteke, oro har, langile kontzientzia handia izan dela burdinbideetako langileen artean. Esaterako, Italiako hiri gehienetan dago DLF (Dopo Lavoro Ferroviario) aisialdirako espazioren bat, trenbide-langileek lan jardunaldiaren ostean elkartzeko eta antolatzeko erabiltzen zituzten tokiak, non sindikatuek eta ezkerreko alderdiek presentzia handia izan zuten. Gogora dezagun, fantasia are gehiago elikatze aldera, iraultza boltxebikearen baldintza izan zela Leninek 1917an Zurichetik San Petersburgora hartu zuen ‘tren zigilatu’ misteriotsua. Trena, bidaia, abentura, politika, gerra, komunismoa. Trena estatua da, eta estatua da trena.

Haize korronte ekonomiko eta politikoek eragiten diote, bada, trenaren gorputz sendo edo argalagoari. Hain urrun geratzen den 1917 hartaz geroztik, aipa liteke azken urteotan neoliberalismoak nola degradatu dituen trenbide sareak, inbertsio faltaren, pribatizazioaren edo geltoki ez-errentagarrien abandonuaren bidez. Alegia, zerbitzu publikoa izatetik merkatuko zerbitzu errentagarri izatera emaniko jauzian nola areagotu diren atzerapenak, landa eremuaren eta hiriaren arteko urruntzeak edo trenbide degradatu eta zaharkituak, Europa osoan.

Herrenbidea

Merkatua eta estatua gurutzatzen ez diren lekuan beti geratzen da herri-ekimenaren nasa. Merkatu jokalariek tren negozioaren esplotazioan aukera ikusi zuten bezala, egon da trena birdemokratizatzeko ekimenak abiarazi dituen jendea ere. Helburu jarririk komunitateari zerbitzu ematea, Frantziako Railcoop kooperatibak, 9.000 bazkiderekin, lortu zuen Bordele eta Lyon arteko linea berreskuratzea, kudeaketa kooperatiboaren eskutik. Argudiatzen zutenez, SNCF Frantziako tren enpresa publikoak, abiadura handiaren alde eginiko apustuaren ondorioz, landa eremuko geltoki asko zerbitzu barik laga zituen. Ekimen kooperatiboaren bidetik linea zaharrak martxan jartzeko lizentziak lortu zituzten, herri txiki askotako biztanleak sarera birkonektatuz. Tamalez, lizentziak eskuratzeko zailtasunak (estatua), batetik, eta material ibiltaria lortzeko zein finantzatzeko kostu altuak (merkatua), bestetik, 2024an haien jarduna etetera eraman zituen. Oztopo burokratikoek eta merkatu-lehia basatiak herrenbide bihurtutako beste ekimen eder bat. Dena den, nago antzeko ereduen jaiotza eta bultzada beharko dugula krisi ekologikoaren mende honetan.

André Gorzek, automobilaren ideologia soziala aztertu zuenean, aipu berezi bat egin zuen trenaren inguruan. Trena ez da soilik garraiobide kolektiboagoa, berdinzaleagoa eta jabetza pribaturik gabea, geure artean harremantzeko modu bat ahalbidetzen du. Bidaia luzeko hitz-aspertuarekin, lasaitasunarekin, paisaiaren kontenplazioarekin edo inguruko bidaiarien bizitza zein izan den imajinatzearekin zerikusia daukana. Alegia, gizakiaren alde sortzaile, jolasti eta ez-produktiboarekin. Ongizate modu bat, munduarekin erresonantzian egoteko aukera bat, adibidez, udako arratsalde batez hondartzara liburu on bat irakurriz edo lagunekin kontzertu bat ikustera zoazenean ager daitekeena. Azken finean, gogoeta apur bat bihurrituz, esan liteke, auto pribatuak eskuindarrak diren bezala, trenak sozialistagoak direla. Trena da, Gorzen esanetan, askatasun unibertsalaren baldintza materiala.

AHT

Baina trena modernitatearen alaba da, haren luxu, haren alde praktiko, haren ikuspegi sozial eta baita haren horrore ere. Trena oporraldiarekin eta bidaia egitasmo erromantikoekin lot dezakegun moduan lot dezakegu amesgaizto kafkar batekin. Sekula iristen ez diren trenak, matxurak, blokeo eternalak edo istripu ‘izugarri arraroak’. Sistema aurreratu eta izugarri konplexuen zaurgarritasuna, pieza txiki bat ukitzean. Aurretik ikusia genuen, eta berriro gogorarazi digu Adamuzeko istripuak.

Aisialdia eta bidaia antolatzeko balio izan duen bezala, balio izan du trenbide sistemak heriotzaren industria oso bat antolatzeko. Lehen Mundu Gerlan trenek balio izan zuten material belikoa eta soldaduak inoiz baino azkarrago mugitzeko, eta, ondorioz, ordura arteko sarraski odoltsu bezain zentzugabeenari bide emateko. Holokaustoarekin berdintsu, kalkulagarritasunari, piezen osagarritasunari, efizientziari eta antolaketari esker izan zen posible genozidio industrial bat planifikatzea. Alemaniako trenbide sarearen funtzionamendu egokiak ahalbidetu zuen sei milioi pertsona kontzentrazio esparruetan erailtzea. Izan ere, pentsamendu sozialak aspaldi identifikatu bezala, teknika ez da neutroa, ez dago prozesu sozialetatik salbu. Hain eder, hain basati, hain moderno, hain garaikide. CAFek Ekialdeko Jerusalemen, Palestinako lurralde okupatuetan, egin asmo duen tranbia proiektura ere iristen dira heriotza industriaren oihartzun odoltsuak, garraiobide inozente baten mozorropean.

Teknika ez da neutroa, beraz, eta jaiotzen den gizartearen egiak eta keriak kutsatzen zaizkio, trenaren kasuan, Abiadura Handian. Alferrik aipatuko nituzke haren energia-kontsumo erraldoia, azpiegiturak eraikitzeko biodibertsitatean eta lurraldean eragiten duen txikizioa, edo erakunde publikoentzako dakarren kostu neurrigabea. Horietan guztietan pentsatzen dut Angiozarko AHTaren zubiaren azpitik bizikletan pasatzen naizen aldiro. Hormigoizko egiturak hamar urte daramatza zutik jadanik, tren bakar bat ere ez da pasa oraindik. Ez zait nobela bat kokatzeko atrezzo hoberik okurritzen.

Ikusteko dago ere Bilbon, Donostian eta Gasteizen AHTarentzat propio eraikiko diren geltokiek eta operazio immobiliario erraldoiek zein modutan berrantolatuko duten espazioa, eta zein diren haien ondorio sozialak. Tamalez, pentsatzekoa da eliteen onurarako izaten jarraituko duela diru publikoaren xahutzeak, gainontzeko tren sozialen, arruntagoen eta gertukoagoen kaltetan.

Bitartean, proposatzen dizut herriko trena hartu eta hondartzara bidean liburu on bat irakurtzearen plazerarekin jarraitzea. Edozer gerta liteke, edonora irits zintezke, azken geltokian esnatuko zaituzten arte.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan