2024-09-10 Aldizkaria
Bertsolaritzari buruzko gogoeta dakar zenbaki monografikoak, baina bertsolaritza gizartearen isla izanik, bertsoaz haragoko hausnarketa du muinean. Bertsolaritzari begiratzeko kultur ikasketak eta pentsamendu feminista baliatuta, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak zenbakiaren sarreran dioen gisan: «araua, normatibitatea, hegemonia, subalternitatea, botere harreman eta hierarkiak, neutraltasun eza, feminizazioa, generoa, sinesgarritasuna, egiantzekotasuna, markoa, muga, arrakala, eraldaketa, iraulketa» dira lantzen diren gaiak, bertsotik abiatuta. Bertso munduko lau kideren artikuluak biltzen ditu monografikoak, bertsotan jarduten diren Miren Artetxe, Irati Majuelo eta Oihana Arana batetik, eta Ainhoa Urien gai-jartzailea bestetik. Era berean, artikuluetan Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabalen ahotsak presente daude, Maite Berriozabal gai-jartzailearenak bezalaxe.
Ohi bezala, Egunen gurpilean saileko artikuluek eta kontrazalak osatzen dute zenbakia.