HamaikaTB

Kepa Enbeita: «Ezer egin ez bahu bezala, beti irriño gozoa ezpainetan»

2025-07-04 Joxe Azurmendiren heriotzean

Kaixo, Joxe, langile porrokatua bezain isila.

Ezer egin ez bahu bezala, beti irriño gozoa ezpainetan.

Bizitzan hi bezala heriotzan ere, ezer gertatuko ez balitz bezala, isila.

Apalategietan isilean zagok, hamaika mila orduan isilean landu duan ekarpen erraldoia. Hemen utzi gaituanoi zagokiguk zabaltzea. Ez zakiat gai garen, baina ahaleginduko gaituk. Zin egiten diagu.

Aurreko batean esan hidan lasai hagoela eta irakurri ere gutxi egiten duala. Hala ere, nik eskabide bat egin nian, eta baietza eman hidan, nire bizitzaren gorabeherak idazten hasi nintzela gure Jakini emateko, baina, aurretik, hik irakurtzea nahi nuela.

Bizitzaren kasualitateak, horixe bera idazten nenbilean, Arantxak ihes egin duala esateko deitu didanean. Aho bete utzi nauk, eta bihotza ere gelditu egin zaidak.

Hirukotearen lehen hanka Josebak hautsi zian, orain hik bigarrena, hirugarrena erdi hautsita hemen utzi nauzue. Biok J, Joseba eta Joxe, eta ni hemen utzi nauzue, jota.

Josebari esan nioan aldamenean toki bat gordetzeko. Hik, Donostian, azkenengoz elkar ikusi genuenean: «Kepa, gero ez zagok ezer», esan hidan, eta nik erantzun, «hala izango duk, baina nik egotea nahi diat». Ez zakiat erratuko hintzen edo hala den. Zerbait aurkitu baduk, bilatu ezak Joseba eta gorde zerbait, hirukotea berriz osatzeko. Ez baduk ezer aurkitu, herriaren zuztarrak ongarrituko ditiagu, fruitu berriak eman ditzan.

Besarkada bat, Joxe, eta esker anitz utzi diguan ondareagatik. Eta laster arte.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan