2025-07-02 Artikuluak
Ate ondoan daukagu zure esaldia: «Aldizkari bat ez da noizean behin eskuan hartzen dugun orri sorta soilik. Askoz gehiago da. Asmo bat eta historia bat, oinarri ekonomiko bat, giza harremanak: gizarte bat da aldizkaria». Egunero ematen digu ongi etorria, Jakinen eta Jakineko kide izan zaretenon liburuen apalategitik. Ohitu ere egin gara honezkero emari hura guztia ikusten, eta hala ere askotan jotzen dugu horra.
Auskalo zenbat esaldi, gomendio eta argi-izpi utzi dizkiguzun guztira. Ikasi dizugu mundua eginez egiten dugula gure burua, eta, alderantziz, gure burua eginez, mundua. Obligazio bat dela mundua gure esperientziatik pentsatzea. Euskaldunon problemak gureak direla, baina modernitateak txikitutako gainerako herrien antz handia dutela, eta eurekin aritu behar dugula.
Jakinek bere betiko espiritu behin eta berriz berrastekoa zuela ere utzi zenigun idatzita, 50. urteurrenean. Eta pixkanaka erretiroa hartuko zenuela aurreratu. Jakin Talde historikoko kide egin zintugun gero, urrutiegira joan ez zintezen, eta orduz geroztiko berrasmatze guztietan eman diguzu bultzada. Zuen belaunaldiari ikasi genion sintesi inposibleak bilatzen, eta horretan ari gara gaur ere.
Pentsamendu itzela utzi diguzu horretarako. Hura lantzen jarraituko dugu, beti eskatu izan diguzun bezala, zu (eta inor) jainkotu gabe, baina maisu-maistrak aitortuz. Ematen zenigun askatasunarekin eta bizkarreratzen ez zenigun ardurarekin, biekin.