Ocho apellidos vascos:
zuria ez da hain zuri

2015-09-30 Artikuluak

 

Ocho apellidos vascos aspaldian zinemaren munduan ikusi den fenomenorik handiena eta goraipatuena izan da, ezbairik gabe. Asteak joan, asteak etorri, zinema aretoak erruz bete dira, eta, ahoz aho aipatu izanaren ondorioz, lerro hauek idazten ari diren garaian, hau da, 2014ko uztailaren hasieran, oraindik ere Vaya semanita-ren tankerako komedia hau zinema aretoetan dago.

 

Istorioan zehar andaluziarren eta euskaldunen arteko aurreiritziak jorratzen dituenez gero, hainbat aldeko eta kontrako iritziak jaso ditu. Laudorioen artean, besteak beste, gure buruaz barre egin beharra, Espainia elkartu baten irudia zabaltzea eta ‘euskal gatazka’ era komikoan aztertzeko garaia bazela aipatzen dira. Kritiken artean, berriz, aurreiritzien gehiegizko erabilera, pelikularen kalitate eskasa eta euskaldunak bigarren maila batean irudikatzea izan dira nabarmenenak. Kritika horiek, ordea, erantzun irmo bat izan dute: «erradikalei soilik ez zaie gustatu, ez da dramatizatu behar eta minik ez egiteko sortu den film bat da hau».

Ezaguna da euskaldunok (eta Espainiako Estatuko beste hainbat ‘minoriek’) urteetan Espainiako komunikabide eta ekoizpen kulturaletatik jaso dugun gutxiespena, begi bistakoa edo ezkutuagoa. Beste kasu baten aurrean al gaude? Nola erantzun dugu guk? Onuragarria izan al da pelikula hau euskara eta euskal kulturarentzako? Eta Euskal Herriarentzako?

Hori da, hain zuzen ere, ikerketa lan honen nahia: pelikula hau modu hotzean aztertzea eta guregan izan duen eragina behatzea, hainbat adierazle tarteko.

Bukatu baino lehen, egileak euskal gatazka era guztietan jorratu behar dela uste du, baita umorean ere. Izan ere, guk urteak daramatzagu geure buruarekin barre egiten. Ikasi al dute besteek? Ez al da zalantzagarria etengabe gu izatea umore horren jomuga?

Hori da, hain zuzen ere, ikerketa lan honen nahia: pelikula hau modu hotzean aztertzea eta guregan izan duen eragina behatzea, hainbat adierazle tarteko.

Bidea argitzeko, Dabid Anauten (2013) hitz batzuk gogoan hartuko ditugu hasi baino lehen:

Zapalkuntzaren eta jazarpenaren arrastoak eta aztarnak, ahal izan duten heinean, kontakizunetik desagerrarazi nahi izan dituzte. Zapalkuntza eta jazarpena, ordea, gure ibilbidearen zati dira, eta gure egitekotzat hartu dugu horren oroimena berreskuratzea.
Helburua

Ikerketa sasi-esperimental honen bidez, lehenik eta behin, pelikularen arrakasta aztertuko da, prentsan izan duen oihartzuna behatuz. Ondoren, Espainiako minoria batean oinarritutako komedia-adierazpen aitzindariak aztertuko dira, baita ikuspuntu zientifiko eta soziolinguistiko batetik minoria horiek izan beharko luketen trataera zein den ere.

Emaitzak pelikularen beraren, EITBk osatu zuen El fenómeno de ‘Ocho apellidos vascos’ dokumentalaren eta prentsan agertu diren iritzi ezberdinen azterketa kritiko eta zehatza dira, zeintzuk ondorio batzuk zehaztu aurreko pausoak izango diren.

Testuinguraketa
Pelikularen arrakasta

El País-en esanetan (Costa, 2014), pelikula honek 404.020 ikusle izan zituen lehenengo asteburuan, 2,72 milioi euroko irabaziekin. Hori horrela, Espainiako ekoizpen baten 15 estreinaldi hoberenen artean sartu zen (Batlle, 2014). Hala ere, ikusleak oldeka joan ziren hortik aurrera, eta bigarren astebururako 4,4 milioi pertsonak ikusi zuten filma, Lo imposible eta Avatar filmek soilik gainditua (Hermoso, 2014).

Apirilaren erdialderako Espainian bertan ikusitako espainiar filmik ikusiena bilakatu zen, 6,5 milioi ikusle lortu baitzituen garai horretarako (Martínez, 2014). Era berean, irabaziei begira, Espainian gehien irabazi dutenen artean bigarrena da Ocho apellidos vascos, 38 milioi euro irabazita.

EITBren El fenómeno de ‘Ocho apellidos vascos’ dokumentalean dioten bezala, dagoeneko 56 milioi euroko irabaziak izan ditu (aurrekontua 8 milioikoa zen). Joan bedi ohar gisa, inor gutxiri ordaindu diotela grabaketak jabeen eraikinetan (jatetxe, gune kultural…) egin ahal izateko.

Azkenerako, 9 milioi ikusle izan ditu eta Espainiako biztanleriaren %18k ikusi du, betiere dokumentala grabatu zen garaian.

ABC-k (Pazos, 2014) nabarmentzen du Espainia osoan zehar ikusi dela pelikula masiboki (Ceutan eta Melillan izan ezik); horrela, Madril, Andaluzia eta Katalunia izan dira ikusle eta diru-bilketa gehien izan duten autonomia erkidegoak. Kopuru erlatiboetan, ordea, eta Rentrak etxeak egindako neurketei jarraituz, Nafarroa, EAE eta Errioxa izan dira filma gehien ikusi dutenak, bereziki nabarmentzekoak diren %30, 28 eta 26rekin, hurrenez hurren.

Bukatzeko, Cabellok (2014) esaten du Ocho apellidos vascos filmak turismoa sustatzeko hainbat iragarki-kanpainek baino turista gehiago erakarri dituela, eta EITBk ere ‘Ocho apellidos vascos turismoa’ sortu dela dio.

Aurrekariak eta beste eredu batzuk

Herrialde baten barruan dauden talde etniko, nazional edo kultural ezberdinak beti izan dira txisteen eta komedien jomuga, edozein herrialdetan. Guk geuk Txomin del Regato izan genuen, Jesús Prados nafar-bilbotarrak frankismo garaian ezagun egin zuen baserritar arlotea (Zarzalejos, 2014). Erdaraz euskal azentuarekin hitz egiten zuen eta euskaldunei buruzko txisteak kontatzen zituen. Euskal publikoaren artean izugarrizko arrakasta lortu zuen (Cinemanía, 2014), baserritarraren aurreiritziak parodiatzen, edo, iritzi ezberdinen arabera, omentzen. Hala ere, eta nahiz eta hori ez omen zen bere helburua izan, frankismo garaian euskal elebakarren aurkako umore hori frankismoak berak oso ondo ikusi zuen; eta euskaldunek, berriz, beraien aurkako erasotzat (Xamar, 2006).

Espainian zehar, Marianico el Corto eta Gila izan ziren antzeko adierazpen molde bat erabili zuten umoregileak (Cinemanía, 2014).

Vaya semanita izan da, hain zuzen ere, azkenaldian umore lanketa antzekoa jorratu duen telebista-saioa (Pazos, 2014). Ocho apellidos vascos filmeko eta Vaya semanita-ren hasierako gidoilariak, hain juxtu, berberak dira: Borja Cobeaga eta Diego San Jose.

Oro har, andaluziarrak, kataluniarrak eta galiziarrak izan dira Espainiako aurreiritzien eta umorearen inspirazio, baina euskaldunen neurri berean izan den pentsatzea zalantzagarria da. Izan ere, 2005ean EITBk, bere udazkeneko programazioa iragartzeko, andaluziar soso baten anuntzioa kaleratu zuen (EFE, 2005), ondoko edukiarekin:

Nací soso, pero soso, soso, maldita sea mi estampa, ¡un andaluz soso! […] Salí a buscar la gracia por todo el mundo, pero ná. […] Hasta que un día recalé en Euskadi, eso sí fue un golpe de suerte.

Bada, garai horretan, izugarrizko iskanbila sortu zen Espainian, esanez gertakari larria zela andaluziar eta espainiarrentzat, gogoratuz euskaldun abertzaleen ideologia etnizista eta baztergarria. Era berean, Andaluziako Juntak eta Televisión de Andalucía (RTVA) kateak iragarkia kentzeko eskatu zuten (Vertele, 2005), argudiatuz oso gertaera zoritxarrekoa zela eta adierazpen iraingarri eta estereotipatuen erabileraren inguruan denok kontu handia izan beharko genukeela.

Juntak adierazpen instituzional bat onartu zuen aurretik «contra la ridiculización de los andaluces en las series de televisión», eta zalaparta sortu eta gutxira, EITBk iragarkia kendu behar izan zuen.
Espainiatik kanpora, ezaugarri bertsuko pelikula andana (baina askoz adeitsuagoak eta orekatuagoak, edukiei eta trataerari begiratuz gero) egin dira azken urte hauetan, esaterako, Frantziako portugaldar etorkinen bizitzan oinarritutako La cage dorée eta oso famatua egin zen Bienvenue chez les Ch’tis (Pazos, 2014).
Azken horren zuzendariak, Dany Boon-ek, pelikula hau egitea erabaki zuen frantziarrek bretainiarren inguruan zituzten aurreiritziak zeinen okerrak ziren ohartzean. Irudi hori eraldatzeko, komedia eta film kostunbrista baten arteko maisulana egin zuen (20minutos, 2009). Urte horretan Frantzian izandako pelikula arrakastatsuena izan zen, 20 milioi ikusle lortuta; baina, kritikari askoren harridurarako, ez zuen Cesar sarietan izendapen bakarra ere lortu (Feo, 2009).
Minoria nazionalak

1948ko abenduaren 10eko Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak dio munduko askatasun, justizia eta bakearen oinarrian giza familiaren kide guztien duintasun intrintsekoa eta eskubide parekideak eta alienaezinak daudela (Solé, 2009). Era berean, Zuzenbide erregimen batek minoriak babestearen beharra dauka balizko urraketaren bat gertatzerakoan, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, iritzi, jatorri, posizio ekonomiko edo beste edozein baldintzen salbuespenik gabe.

Dena den, hizkuntzaren erabileraren bazterketa ezaren printzipioa, dauden kontzeptuen artean, lortzeko konplexuenetarikoa da (Palermo, 2009). Hori horrela, nahiz eta herrialde askotako konstituzioetan gutxiengo nazionalen hizkuntza eskubideak bermatu, praktikan bazterketa forma ezberdinak gauzatzen dira. Izan ere, bazterketa ez da berez existitzen, helburu zilegiak bilatu baititzake tratamendu kaltegarri horrek; baina jokabide eta arau batzuek gizabanako edo taldeen eskubideetan eragina izaten dutenean gertatzen da, hain juxtu, bazterketa. Edonola ere, zein dira aipatu helburu zilegi horiek lortzeko irizpideak, eta zeren arabera ezartzen dira?

Adibidez, estatu batek hizkuntza bat hautatzerakoan hizkuntza ofizial gisa, erabaki horrek herrialdeko beste hizkuntzak dakizkitenak kaltetzen ditu eta pertsona horiek desabantailan daude. Estatuak, beraz, diskriminazio mota bat bultzatu dezake erabaki horiekin.

Minoriei buruz dauden aurreiritziak ere ez dira arazo hutsala, hiritarren konplexuak, gatazkak eta inbidiak presente baitaude (Zallo, 2014). Edozein kasutan, estereotipoak alaitasunez eta zuhurtziaz hartu behar dira: beste norbaitek egiten dituenean, arrazoirik gabe bere egindako aurreiritzi eta topikoen nahasketa izan baitaitezke; eta norberak egiten duenean, berriz, autoestimua modu babesgarrian antolatzeko modua.

Estatu batek hizkuntza bat hautatzerakoan hizkuntza ofizial gisa, erabaki horrek herrialdeko beste hizkuntzak dakizkitenak kaltetzen ditu eta pertsona horiek desabantailan daude. Estatuak, beraz, diskriminazio mota bat bultzatu dezake erabaki horiekin.

Espainiari gagozkionez, CISek 1994an aurreiritzien inguruko ikerketa bat kaleratu zuen (gehiagorik ez da egin), eta euskaldun eta katalanak azkenak ziren «buena gente» galderan; eta hori gutxi balitz, euskalduna, ordena honetan, separatista, indartsua, kankailua, bortitza eta prestua zen. Beste erkidegoetakoekin alderatuz, andaluziarra alaia, dibertigarria, hiztuna eta abegitsua zen, eta gaztelaua, berriz (euren eta ingurukoen aburuz), serioa, prestua, apala, xumea, zintzoa eta abegitsua. Horrekin zalantzan jar daiteke estatuaren eraikuntza nazionaleko edukiek ez dutela hiritarren mentalitatean eraginik (Zallo, 2014). Edozein delarik errealitatea, 90eko hamarkadan «abertzaletasun berekoi eta primitiboen» aurka antolatu zen herritarren arteko borrokak min handia egin zien euskaldunei.

Minoria nazionalak eta bazterketa sakon jorratu ditu Moreno Cabrerak (2000), bereziki hizkuntzei dagokienez. Bere aburuz, asko aurreratu dugun arren, oraindik giza-talde batzuek besteak baino kultura maila eskasagoa dutela pentsatzen jarraitzen dugu. Edozein kasutan, munduan ez dago hizkuntza primitiborik, hizkuntza irizpideak kontuan hartuz gero.

Horren harira, hizkuntza-diskriminazioa hizkuntzekiko edo hizkuntzen aldaerekiko jarrera da, zeinek hizkuntzak motetan sailka daitezkeela eta mota horien artean desberdintasunak daudela pentsarazten digun. Sailkapen horren ondorioz, behe edo goi mailako hizkuntzak daudela ebazten dugu. Hizkuntza-aniztasuna, beraz, zigor dibino bat da, bestea gorrotatzera eramaten gaituena.

Halaber, hizkuntza nazionalaren gorazarre hori munduko txoko guztietan egiten da, eta Espainia ez da salbuespena, bai agian aitzindaria. Horrela, Espainiak urte luzetan zehar Estatuko beste hizkuntzekiko izan duen jarrera gutxiesgarriaz eta zanpatzaileaz gain, beste hizkuntzak (batik bat euskara) zailak direlako aurreiritziak zabaldu dira eta gaztelaniari mesede egin diote (Moreno Cabrera, 2000). Era berean, espainiarren artean hizkuntzetan txarrak direlako ustea eta ikasteko eta moldatzeko behar eza zabaldu dira, arrazismotzat har daitekeena.

Zentzu berean, Torrealdaik (1998) zioen espainiar elebakartasuna ez dela ez garai jakin baten ez partidu jakin baten monopolioa, baizik eta konstantea dela.

Euskararen egoerari buelta emateko, hainbat saiakera eta memoria kontakizun zintzo egin dira egiten saiatu da, tartean El libro negro del euskara eta Euskararen kate hautsiak liburuak. Baina Espainiatik jasotako erantzuna hauxe izan da: «Hay que desdramatizar, no hay que producir más crispación». Gainera, azken hamarkada hauetan euskaldunek ateratako urguilua berriro ere isekarako arrazoia da, eta fanatismo etiketa jarri izan diote biziberritze saiakera horri (Torrealdai, 1998).

Hori gutxi balitz, euskal herritar askok euskararekiko duten axolagabekeria gogoratzen dute, baina autoreak berak dioenez, «la desidia, antes de ser causa, ha sido la consecuencia». Izan ere, Moreno Cabrerara (2000) itzuliz, zure hizkuntza etengabe mespretxatzen dutenean, zure hizkuntzarekiko gorrotoa sortzen zaizu.

Metodologia

Ikerketa hau burutu ahal izateko, ikerketa zientifikorako metodologia askoren arteko nahasketa bat erabili da. Edonola ere, jorratutako bidea induktiboa da (Kristell, 2010), xehetasun batetik (Ocho apellidos vascos filma) ideia orokor batera (Espainiako ‘minoria nazionalekiko’ jarrera) jo delako.

Zehazki, esan genezake ikerketa mota sistematikoa (UCV, s.d.) eta bibliografiko-dokumentala (Guía de tesis, 2013) dela.

Sistematikoari dagokionez, itxuraz isolatuta dauden gertaerak lotzen dira eta elementu horiek elkartzen dituen teoria formulatzen da (Tipos de métodos, 2012). Ikerketa mota hori aproposa da arau, patroi serie batzuk eta gertaera batzuk hobeto ulertzeko, baita etorkizunerako hobeto prestatzeko ere.

Bestalde, gai jakin bati buruz modu analitiko batean datu eta informazioak aztertu, interpretatu, bildu eta erkatzen dituen metodoa da bibliografiko-dokumentala (Guía de tesis, 2013), iturri teoriko, kontzeptual edo metodologiko gisa erabil daitekeena. Metodo aproposa da errealitate (teoriko edo ez teoriko) ezberdinei buruz hausnartzeko.

Emaitzak aztertu ahal izateko, Interneteko bilatzaile baten bidez Ocho apellidos vascos bilaketarekin ateratako eta hortik bideratutako albiste guztiak aztertu ziren. Ondoren, eta erregistro-orri baten laguntzarekin, filma bera eta El fenómeno de ‘Ocho apellidos vascos’ dokumentala ikusi ziren, bertan topatutako aurreiritziak eta urraketak jasoz. Bukatzeko, marko teorikoa eta emaitzak uztartuz, ondorio batzuk atera ziren.

Emaitzak
Filma

Jarraian, pelikulan zehar aipagarriak izan diren bazterketa adibideak idatziko dira. Bazterketa hauek euskaldunekin, andaluziarrekin, gure hizkuntzarekin edo egoera politikoarekin izan dezakete zerikusia.

Lehenik eta behin, Euskal Herriarekiko aurreiritziak:

• «¡Vete a levantar piedras!».

• Hasierako monologoan euskaldunei buruzko txisteak kontatzen ditu Rafak.

• «Para ellos, haberse acostado es como tener sexo».

• «… es de la ETA!!», Amaiari buruz.

• «No le hables de Franco, que se enervan».

• Amaiaren boltsa miatzerakoan, bertan «artefacto explosivo» bat dagoela esaten dute.

• «Las vascas no se maquillan».

• «No hay de eso [Miss Euskadi] por allí».

• «Me rayaron el coche, vamos, que es típico allí».

• «¿Tú también te has creído lo de la tregua trampa?».

• «Lo aprenden en primero de sus ‘eskaiolas’».

• «No quieren ver a un andaluz ni en pintura».

• Ileari buruzko bost puntada egiten ditu pelikulan zehar.

• «Poca gracia tenéis».

• Arropari buruzko puntada bat.

• «Incomunicar es muy típico de los vascos».

• «Los andaluces nos roban nuestros impuestos y las mujeres».

• Sentimenduak adierazteko baldar agertzen dira euskaldun guztiak.

• «Nosotros somos así», euskaldunak geure burua deskribatzerakoan.

• «Si vosotros os ponéis…».

• «Sevillanas en Argoitia, no puede ser».

• «Estaba buscando setas», Rafak Koldori aitzakiak jartzerakoan.

• «Me voy a ir a cortar troncos».

• «La cara de bestia del Koldo ese».

• «Me va a secuestrar».

• «Los vascos no damos abrazos».

• Zortzi abizen euskaldunak izendatzen ditu Antxonek, arraza purua omen.

• Asko jaten dute Amaia, Antxon eta Koldo elkartzen diren otorduan.

• «Y eso sí que no son ni matéforas ni esas hostias vuestras», Koldoren kultura urria.

• «El puto cura», Koldok esana.

• He tirado la bolsa al mar del arrebato».

• Andaluzen aurkako txisteak kontatzen dituzte.

• «Hemos venido a desarticular un comando», andaluziar lagunek esana Euskal Herrira iristerakoan.

• «¿Te has dejado comer por los nacionalistas?».

• «Vamos a pagar el rescate», andaluziar lagunak Rafaren bila joaterakoan.

• «Que se vayan a Rocío a tocar los huevos», Koldo andaluziarrei buruz

• «Los vascos mucha independencia, mucha independencia, pero les encantan los españoles», Ane Igartiburuk (Carmen Machi) esana.

• «Los vascos son así».

• ¿Te han lavado la cabeza o qué?», andaluziar lagunek.

• «¡Que no es lo mismo que Irak!», Rafak esana, lagunen kezken ondoren.

Ondoren, andaluziarrekiko aurreiritziak:

• «La incultura que tenéis».

• «Panda de vagos».

• «Mucho decir, mucho decir y luego… ¡típico de los andaluces!».

• «Mi arma, Viva España y la Constitución», Ane Igartibururen etxean sartzean, identifikatzeko.

• «No me acosté con ella, nos dimos tres morreos… pero porque somos primos…».

• Ezkondu aurretik aitortzerakoan, apaizari era askotako bekatuak aitortzen dizkio (adulterioa, lagunak gaizki tratatu…).

• «Sois muy horteras», Amaiak andaluziarrei buruz.

Aipatzekoa da, pelikularen amaieran, emakume euskalduna andaluziar mutilaren atzetik doala eta Los del Río eta zalgurdi bat kontratatzen dituela Rafa konkistatzeko.

Pelikulan zehar, euskarak ez du toki handirik, eta hizkuntza aldetik ere aipagarriak diren hainbat pasarte daude:

• Zailtasun aurpegia jartzen du Rafak autobusean euskara ikasten ari denean.

• «Abertxandal».

• «Barkatu», «eskerrik asko por la cena», «agur», «gabon» eta «ose ondo» dira Rafak erabilitako formulak.

• Leitzan «Ba suhiltzaileei deitxu!» (Mendebaldeko euskara Leitzan?) esaten diote Rafari eta horrek ez ulertuaren aurpegia jartzen du.

• «Perfektoa».

• «Soy arrantzale», «y yo Ane!».

• «Pon una de Kortatu», eta Rafak dio «yo con unas aceitunas estoy bien».

• Koldoren kasuan, esaldien bukaeran «pero» gehitzearen formula, erdaraz hitz egiterakoan.

• «Es un poco raro, sí, por qué no le echas en euskera», mitin batean.

• «Apurtxu bat mareatute, baina…» da euskaraz modu naturalean esaten den esaldi oso bakarra (apaizak esaten du).

• «Esan beldurrik gabe euskaraz, Antxon!».

• «Erretzea debekatuta dago», Antxonen aldarrikapena, zer esan jakin ez eta kartel bat ikusterakoan.

• «¿A quién le estamos pidiendo la independentzia? A los españoles. Pues se lo vamos a decir en español, ¡que se jodan!».

• Koldo erdalduna da, baina azentu euskaldun oso nabarmena du.

• Pelikulako abestia David de Maríaren eta Leire Martinezen No te marches jamás da, eta gehiengo osoa erdaraz du. Leirek euskaraz eta erdaraz abesten du dena eta David de Maríak, berriz, dena erdaraz. Alta, Interneten ez dago euskarazko hitzen arrastorik eta YouTuben eta Sonymusicen webgunean euskarazko bertsioa (lehenengo estrofa soilik da euskaraz) ez dago, baizik eta erabiltzaile anonimo batek igotakoa. Azken horren bideoak (abesti elebidun eta originala), 2.500 bisita ditu bakarrik, ‘ofizialak’ dituen 400.000 bisitekin alderatuta. Bitxia da zer esaten den abestiari buruz: «La canción contiene letras tanto en euskera y castellano, cantadas por Leire y David respectivamente como reflejo del argumento de la misma película».

Euskal Herriko egoera politikoari dagokionez, era honetara interpretatu da pelikulan:

• Ziegako elkarrizketa oso aipagarria da, bat-batean kale borrokako liderra bilakatzen baita Antxon.

• «La cúpula me protege».

Metralletas ezizena hartzen du, eta «Hay que ir un paso más allá» esaten du, Euskal Herriko egoera politikoa aldatu den arren.

• Manifestazioan ere, Koldok lidertza hartzen du, eslogan txatxuak oihukatzen ditu, Ertzaintza bat-batean agertzen da eta erasotzen hasten da…

• «¡Si me he convertido en el nuevo líder de la kale borroka!».

• «Lo que tú digas, lo hacemos», kale borrokako lagunek Antxoni esaten diotena.

El fenómeno de ‘Ocho apellidos vascos’

Izen bereko dokumentala EITBk emititu zuen, pelikulak izandako arrakasta ulertu eta azaldu nahirik. Bertan, aktore eta gidoilariei iritzia eskatzen zaie, baita herritar anonimoei, umoregileei eta pelikulan azaldu diren tokietako jabe eta arduradunei ere.

Lehenik eta behin, herritar batzuei pelikulari buruz duten iritzia galdetzen diete, eta gehienei pelikula asko gustatu zaie. Batek bakarrik esaten du: «Bah, es entretenida…». Ez dago erantzun horietaz haragoko kontzientziarik.

Herritar batzuei zerbaitek min egin al dien galdetzen dietenean, hauexek dira erantzunak:

• «No, nada, todo está en clave de humor».

• «Me lo he tomado a risa».

• «Las escenas del mítin y de la cárcel han creado más revuelo, pero son puntos reales».

Egon daitezkeen iskanbilen inguruan, Karra Elejaldek esaten du topikoez nazkatuta dagoela eta ez dutela ezer berezirik jorratu. Aipatzen du «los de la kale borroka» eta Biktimen Aldeko Elkartekoak haserretu zirela eta ez ziola garrantzirik eman. Bukatzen du esanez umorea tresna bikaina dela onera bihurtzeko.

Era berean, Dani Rovirak dio pelikula hau ez dela min egiteko egin, baizik eta «para limar asperezas». Horretaz gain, esaten du behingoagatik Espainia osoa gauza batean elkartu dela, pelikula honetan, alegia. Honen argi ondorioztatzen du, gainera: «si utilizas el tópico con buen rollo, guay; si va a mala hostia, por ahí no paso».

Félix Linares zinema kritikaria hasten da pelikularen arrakasta azaltzen eta esaten du krisi garaietan beldurrezko eta umorezko pelikulak izaten direla arrakasta gehien dutenak. Gainera, azken horiek herrialde bat batzeko balio dutela esaten du. Ocho apellidos vascos-en kasuan, pelikula terapeutikoa dela ondorioztatzen du, «benefactora de la población».

Borja Cobeagak, zehazki, ez zuen arrakasta espero, baina «boca a oreja» onaren ondorioz izugarrizko arrakasta izan duela argudiatzen du. Aitortzen du izenburua ezin erabaki aritu zirela, izan ere, La gran familia española filmean arazoak izan zituzten «española» horrekin, Katalunian porrot itzela izan baitzuten. Hori ikusirik, España edo Vascos jartzen zuen izenburu baten oso aldekoak ez ziren.

Halaber, pelikula osatzerako orduan, gidoilariak ETAren su etenaren beharrezkotasuna azpimarratzen du. Ondoren, Vaya semanita-ren arrakasta azaltzen du, esanez beldurra zutela ea iskanbilarik sortuko zuten, baina gero eta arrakasta handiagoa zutenez, pausoak emanez joan zirela.

Orduan, off-eko ahotsak esaten du «hace muchos años que EITB apuesta por el humor», eta bien bitartean baserritarren esketx baten eta Batasunnis-en irudiak jartzen ditu.

Pelikula osatzerako orduan, Borja Cobeaga gidoilariak ETAren su etenaren beharrezkotasuna azpimarratzen du. Ondoren, Vaya semanita-ren arrakasta azaltzen du, esanez beldurra zutela ea iskanbilarik sortuko zuten, baina gero eta arrakasta handiagoa zutenez, pausoak emanez joan zirela.

Horren ostean, Iker Galartza eta Andoni Agirregomezkorta Vaya semanita-ko aktoreek diote Ocho apellidos vascos pelikulako umorea Vaya semanita-n urte askotan jorratzen ari diren umorea dela.

Horretaz gain, Euskal Herrian gertatutako andaluziar eta euskaldunen arteko maitasun istorio batzuk aipatzen ditu, esaterako, Aretxabaletako andre baten eta andaluziar baten artekoa. «Para ellos, nunca fue un problema ni el idioma ni el origen», dio narratzaileak, «Juana hasta los 12 años casi no hablaba castellano».

Bukaeran, hainbat elkarrizketaturen zortzi abizenak galdetzen dituzte.

Iritziak bilduz

Komunikabideek, bizi izandako fenomenoari jarraiki, sakon eta etengabe jaso dute filmaren arrakasta; gainera, askotan pelikularen inguruko jarraipen zehatzari analisia gehitu izan diote. Ondorengo lerroetan, aldeko eta kontrako iritziak jaso dira, baita beste hainbat xehetasun aipagarri ere.

Lehenik eta behin, hiru izenburu kontuan hartzeko modukoak dira. Hala, El País egunkariaren albisteari ‘España/Euskadi: la película’ izenburua jarri zioten (Hermoso, 2014), El Mundo-koari ‘Por fin unas risas con el País Vasco’ (Martínez, 2014), eta ABC-k, azpititulu gisa, ‘No se sienten ofendidos’ jarri zuen (ABC Secilla, 2014).

Aldeko iritziei dagokienez, horrela dio Eldiario.es ezkerreko egunkariak (Albaina, 2014): «Una eficaz comedia que puede resultar ofensiva para quienes se alimentan de levantar barreras antinaturales y ridículas entre seres humanos».

Era berean, Libertad Digital atari eskuindar unionistak dio (CHIC, 2014) euskal eta andaluziarren arketipoen arteko talkan oinarritzen den komedia zuria dela, ezberdinen arteko erakarpenaren baliabide ezagun eta eraginkorrarekin nahastuta. Marketinarekin egin duten lana txalotzen du, gainera.

ABC-k, berriz, lehen aipatutako azpititulu horretaz gain, honako hau esaten du (ABC Sevilla, 2014): «Lejos de sentirse ofendidos por una historia que les invitaba a reírse de sí mismos, los vascos han contribuido decisivamente al éxito de la comedia».

Horren harira, Emilio Martínez-Lázaro zuzendariaren hitzak jasotzen ditu, zeinek hasiera batean Telecincoko zuzendaritzako kide baten baikortasuna («diferentes pueblos entendiéndose entre sí sin ningún problema») ez zuen partekatzen. Bere ustez, gizartea oso polarizatua dago hainbat alorretan, baina barrera horiek ez dira benetakoak, jendeak baztertu egiten ditu. Martínez-Lázarok berak azpimarratzen du politika bigarren mailakoa dela filmean, eta tratatzen duen gutxian asko tratatzen duela. «Que apareciera la kale borroka y fueran tan tontos no se había visto nunca».

El Mundo-ren beste artikulu batean (Lázaro, 2014), pelikula Bilduren herri batean grabatu izana jotzen du Leitzako alkate izandakoaren dimisioaren arrazoitzat; izan ere, pelikula horrek izugarrizko ezinegona sortu du ezker abertzale osoan («en los que arropaban y aplaudían a ETA»).

Baina pelikularen aurkako iritziak ere egon dira, eta beheko lerroetan horren berri izango da.

Hasteko, Libertad Digital-ek, beste behin (esRadio, 2014), Gara-ren eta ezker abertzalearen kritikak gutxiesten ditu, esanez, espero zen bezala, pelikularen aurka egiteko arrazoiek ez dutela zerikusirik filmarekin berarekin. Hain zuzen ere, Gara-ko Mikel Telleriak esaten du pelikula honen atzean «España involucionista gobernada por la derecha más rancia» dagoela, aurreiritzien tratamendua kritikatzeaz gain.

Kritika horien aurrean, espainiar hedabideak Martínez-Lázaroren erantzuna dakar, zeinek esaten duen «burua joan zitzaiola tontakeria horiek esaterakoan». Zuzendariaren ustez, inor ez da pelikularekin molestatu, eta esaten du, azkenean, Euskal Herrian ere arrakastatsua izan dela filma. Zentzu honetan, kontziente omen ziren sor zezakeen zalapartaz, eta, horren aurrean, gauza batzuk desdramatizatzen eta pelikula zuri bat egiten ahalegindu omen dira.

ABC-k, bestalde, zera dio (ABC Sevilla, 2014), Euskal Herriak, edo bere alde abertzaleenak gutxienez, ez duela pelikula honekiko entusiasmoa partekatzen.

El Confidencial-etik datoz Espainia aldean jasotako kritikarik zorrotzenak (Zarzalejos, 2014); izan ere, beraien ustetan, ulergarria da abertzale pro-etarrei eta terrorismoaren biktimei gustatu ez izana, ETAren eta bere ingurunearen banalizazio traketsa dela medio. Aholku batekin amaitzen du: «Ohartarazi nahi zaituztet Ocho apellidos vascos brometan har ez dezazuen. Hartzekotan, jakin gabe, akats larria egingo zenukete».

Noticias de Gipuzkoa-n artikulu luze eta sakon batean aztertu eta kritikatzen da pelikula hau (Zallo, 2014). Lehenik, topiko mardul eta kolektiboen gehiegizko erabilpena kritikatzen du, xenofoboak eta etsaiak baikara espainiarren ikusmirapean. Gogoratzen du Rafa ondo hartzen dugula zortzi abizen euskaldunak baldin baditu. Halaber, lehen aipatu dugun aurreiritzien txosten horretatik tiraka, euskalduna burugogorra, harroa, echado palante, jale eta edale ona, sexuaren aurkakoa, eskuzabala, fidagarria, prestua… da. Aipatzekoa da aurreiritzi gehienen atzean euskaldunen nekazari irudia dagoela, ez gaur egungo modernoa. Horren harira, gure aisialdia frontoian edota independentziaren alde borrokatzen pasatzen omen dugu.

Bestalde, hizkuntza kontuetan euskara ikusezina bilakatzen da film honetan, merkatua Espainia delako, eta ez euskaldunen erdara txarra behin eta berriro azaltzen da.

Bukaeran, egileak esaten du noizean behin begirunez egindako txistearekin barre egin dezakegula, baina bestela nekagarria eta doktrinarioa bilakatzen dela. Ondorio honekin amaitzen du kazetariak:

Podemos reírnos de nosotros mismos y otros con nosotros cuando no se hiera o insulte. Tengo para mí que a más confianza colectiva más distancia e impermeabilidad ante los prejuicios. En esto llevamos la delantera. ¿Aprenderán otros?

Rebelión-en kritikak askoz zorrotzagoak dira (González Ayestarán, 2014). Ezer baino lehen, esaten du Ocho apellidos vascos filma konnotazio ideologikorik gabeko eta barre egiteko komedia zuri bezala saldu dutela espainiar establishment delakotik. Gainera, ezkutuko asmoren bat aurkitzen duena edo iraindua sentitzen dena zoro bat da, «un pro-etarra ofuscado y paranoico». Izan ere, establishment-ak bere propaganda eta limurtze tresnak ezkutatu behar dituela gaineratzen du, gogoratuz Telecinco Cinemaren atzean zenbat multinazional dauden, beraien boterea eta bizimodu-estiloa herritarrengan betikotu nahian.

Testuinguru soziopolitiko horretan, espainolismo chauvinista, arrazista, etnozentrista eta tradizionaletik abiatuta, pelikula honek euskal gatazkaren eta identitate nazionalen inguruko irakurketa eskaintzen du. Horren adibide dira, adibidez: «Los vascos mucho independentismo y tal, pero luego les encanta España», esaten du Carmen Machik; euskaldun neska abertzalea, independentismoaren ordezkaria, Hollywoodeko erara eta ikuspegi matxista batetik abiatuta, andaluziar mutil katolikoarekin maitemindu eta bere atzetik doa, euskaldunak alde ahularekin eta espainiarrak gizonarekin lerrokatuta; Rafak «Soy yo, ¡viva España! y ¡viva la Constitución!» formula «errugabe eta despolitizatua» erabiltzen du Carmen Machik ezagutu dezan; «No le hables de Franco, ¡que se enervan!» esaldia, euskaldunak etengabe arrazoirik gabe gorrotatzen duten herratsu batzuk baikara eta Espainian ez baita hori gertatzen; manifestazioan Euskal Herriko errepresioa justifikatzen da eta torturak eta preso politikoak ahazten…

Testuinguru soziopolitiko horretan, espainolismo chauvinista, arrazista, etnozentrista eta tradizionaletik abiatuta, pelikula honek euskal gatazkaren eta identitate nazionalen inguruko irakurketa eskaintzen du.

Artikulu horrek amaitzen du esanez Ocho apellidos vascos filma, edozein ekoizpen kulturalen moduan, ez dela genero eta ideologia aldetik produktu hutsa, eta gaitzesgarria dela, bizi dugun krisi sakonaren erdian, 78ko erregimenaren zilegitasunaren alde egiten duen pelikula bat egitea, «Espainiaren batasun hautsezina» oinarritzat duena.

Ondorioak

Pelikulan zehar, euskaldunen inguruko 44 aurreiritzi nabarmen jaso dira, andaluziarrekiko 7 aurkitu direnean. Begi bistakoa da pelikulak arrakasta itzela izan duela, baina pelikula zuria al da? Emaitzak ikusita, eta Euskal Herriko egoera politikoak, eta batik bat euskarak, euskaldun jendeak eta ezkerreko independentismoak jasaten duten karikaturizazioa ikusita, ez dirudi fede guztiz onez egin denik, behintzat geure eskema mentaletan trinkotuta dauden ideia inkontzienteetatik.

Ikusi da euskalduna ohitua dagoela bere buruaz barre egitera, baita ingurukoak euretaz barre egitera ere. Baina pelikula honen, Txomin del Regatoren eta beste hainbat kasuren argitan, modu orekatuan egiten al da barre Espainiako txoko guztietan?

Soilik kataluniar, galiziar, euskaldun eta andaluziarrak dira txiste erregional horien jomuga, baina EITBren ‘La sal de la vida’ kanpainarekin gertatutakotik (Andaluziako Juntak eskatuta eta zalaparta handi samarra sortuta, iragarkia kendu behar izan zuten) ondoriozta daiteke batzuek beste batzuek baino babes handiagoa dutela.

Gainera, herritarren eta komunikabideen artean pelikula honekiko iritzi kritikoa ez da batere zabaldu, eta desadostasunak azaltzen direnean pro-etarra edo paranoikotzat sailkatu izan dituzte. Horrekin, ebatz genezake establishment-aren irudikapen kolektiboa guztiz trinkotuta dagoela, eta euskaldunak, behintzat, bigarren mailan gaudela; hori gutxi balitz, ohituta gaudela hor egotera.

Horrelako filmak Espainia batzeko eta desadostasunak limurtzeko egin omen dira, baina Bienvenue chez les Ch’tis eta La cage dorée bezalako filmetan, gutxiengo nazionalak beste xamurtasun eta ikuspegi baikor batekin tratatzen dira.

Bestalde, aipagarria da minoria nazionalen bazterketa unibertsal horretan, Espainia ere aitzindaria izan dela, eta pelikula honek bere ekarpena egiten dio espainiar monolinguismoari, etnizismoari, euskararen inguruko aurreiritziak zabaltzeari… Nola ez dugu ba erdaraz hitz egiten jarraituko eta nola ez dira ba euskararen aldeko saiakerak gaitzetsiko? Pelikula honetan euskara eta euskal mundua guztiz baztertuta daude, beste behin.

Bukatzeko, salagarria da EITBk pelikula honen sustapenean hartzen duen jarrera. El fenómeno de ‘Ocho apellidos vascos’ izeneko dokumentalak goiko lerroetan azalduriko urraketak eta bazterketa zolia indartu besterik ez ditu egiten, nork eta Euskal Herriko telebista publikoak!

Ondorio gisa, errepika dezagun giza-talde eta herrialde guztien arteko harremana hobetu behar dela eta horretarako, umorea ezinbesteko tresna dela. Bitxia da herri honek, nahiz eta bere izaera, kultura eta hizkuntza era errepikakorrean baztertu eta zapaldu dioten, inolako kontzientziarik ez izatea pelikula hau ikusi ostean. Baina Noticias de Gipuzkoa-ko Ramon Zallok (2014) esaten duen bezala, gu prest gaude geure buruaz barre egiteko (euskaldunontzat pelikula dibertigarria izan daiteke Ocho apellidos vascos, zergatik ez), baina besteak prest al daude?

Bibliografia
20 minutos (2010-09-29). Bienvenidos al norte. 20 minutos. Azken kontsulta: 2014-06-30
(www.20minutos.es/cine/cartelera/pelicula/29910/bienvenidos-al-norte).
ABC Sevilla (2014-03-18). ‘Ocho apellidos vascos’: la película con la que los abertzales se sienten ofendidos. ABC Sevilla. Azken kontsulta: 2014-06-30
(http://sevilla.abc.es/cultura/cine/20140317/sevi-ocho-apellidos-vascos-201403171415.html).
Albaina, José (2014-03-27). Sobre el fenómeno ‘8 apellidos vascos’. El Diario. Azken kontsulta: 2014-06-30
(www.eldiario.es/norte/cultura/fenomeno-apellidos-vascos_0_243225905.html).
Anaut, Dabid (2013). Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria. Andoain: Euskal Memoria Fundazioa, Aise Liburuak.
Batlle, Jordi (2014-03-14). ‘8 apellidos vascos’: Bienvenidos al norte. La Vanguardia. Azken kontsulta: 2014-06-30 (www.lavanguardia.com/cine/20140314/54403629811/8-apellidos-vascos-critica-de-cine.html).
Cabello, A. (2014-04-22). No es otro estúpido post sobre ‘8 apellidos vascos’ (o sí). Diario de un píxel. Azken kontsulta: 2014-06-30 (www.diariodeunpixel.com/2014/04/8-apellidos-vascos).
CHIC (2014-03-17). ‘Gara’ critica ‘8 apellidos vascos’: «Los vascos no están interpretados por vascos». Libertad Digital. Azken kontsulta: 2014-06-30
(www.libertaddigital.com/chic/entretenimiento/2014-03-17/gara-arremete-contra-8-apellidos-vascos-no-esta-interpretada-por-vascos-1276513305).
Cinemanía (2014-03-21). Triunfo y polémica de ‘Ocho apellidos vascos’. Cinemanía. Azken kontsulta: 2014-06-30 (http://cinemania.es/noticias-de-cine/triunfo-y-polemica-de-ocho-apellidos-vascos).
Costa, Jordi (2014-03-14). Amor y hecho diferencial. El País. Azken kontsulta: 2014-06-30
(http://cultura.elpais.com/cultura/2014/03/13/actualidad/1394738075_270755.html).
EFE (2005-10-24). El PP pide a EiTB la retirada de un ‘spot’ que ‘ridiculiza’ a los andaluces. El Mundo. Azken kontsulta: 2014-06-30 (www.elmundo.es/elmundo/2005/10/24/comunicacion/1130170641.html).
esRadio (2014-04-24). El director de ‘8 apellidos vascos’, sobre la crítica de ‘Gara’: «Se le fue la olla». Libertad Digital. Azken kontsulta: 2014-06-30
(www.libertaddigital.com/cultura/cine/2014-04-24/el-director-de-8-apellidos-vascos-sobre-la-critica-de-gara-se-le-fue-la-olla-1276516674).
Etxegoien Xamar, Juan Carlos (2006). Euskara jendea. Iruñea: Pamiela.
Feo, Julio (2009-02-27). Polémica en torno a los Cesar del cine francés. RFI. Azken kontsulta: 2014-06-30
(www1.rfi.fr/actues/articles/110/article_10978.asp).
González Ayestarán, Manuel (2014-05-16). La ‘inocua’ defensa de la unidad de España en ‘Ocho apellidos vascos’. Rebelión. Azken kontsulta: 2014-07-02 (www.rebelion.org/noticia.php?id=184721).
Guía de tésis (2013-08-19). Acerca de la investigación bibliográfica y documental. Sarean. Kontsulta: 2014-07-01 (http://guiadetesis.wordpress.com/2013/08/19/acerca-de-la-investigacion-bibliografica-y-documental).
Hermoso, Borja (2014-03-24). España/Euskadi: la película. El País. Azken kontsulta: 2014-06-30
(http://cultura.elpais.com/cultura/2014/03/24/actualidad/1395667742_278430.html).
Kristell, Ana (2010-03-30). Tipos de métodos de investigación. Sarean. Kontsulta: 2014-07-01
(http://es.slideshare.net/kriss2505/tipos-de-metodos-de-investigacion).
Lázaro, Fernando (2014-04-05). Leiza: ‘Ocho apellidos vascos’ y un alcalde menos. El Mundo. Azken kontsulta: 2014-06-30
(www.elmundo.es/blogs/elmundo/bajosfondos/2014/04/05/leiza-ocho-apellidos-vascos-y-un-alcalde.html).
Martínez, Luis (2014-03-23). Por fin unas risas con el País Vasco. El Mundo. Azken kontsulta: 2014-06-30
(www.elmundo.es/cronica/2014/03/23/532d537722601d57208b4570.html).
Moreno Cabrera, Juan Carlos (2000). La dignidad e igualdad de las lenguas. Crítica de la discriminación lingüística. Madril: Alianza.
Palermo, Francesco (2009). Discriminación y minorías nacionales. Instrumentos y formas de avanzar, con especial atención a los derechos lingüísticos. In G. Urrutia (arg.). Derechos humanos y discriminación. Irun: Alberdania, 41-61.
Pazos, Pablo (2014-05-06). ‘Ocho apellidos vascos’: radiografía de un fenómeno sociológico. ABC. Azken kontsulta: 2014-06-30 (www.elmundo.es/cronica/2014/03/23/532d537722601d57208b4570.html).
Solé, Carlota (2009). Discriminación y derechos humanos. ¿Qué entendemos por discriminación y cuáles son sus principales ámbitos de expresión?. In G. Urrutia (arg.). Derechos humanos y discriminación. Irun: Alberdania, 23-39.
Tipos de métodos (2012-09-26). 1. Método sistemático. Sarean. Kontsulta: 2014-07-01
(http://tiposdemetodosdeinstigacion.blogspot.com.es/2012/09/metodo-sistematico.html).
Torrealdai, Joan Mari (1998). El Libro negro del euskera. Donostia: Ttarttalo.
Universidad Pontificia Católica de Valparaiso (UCV) (s.d.). Métodos de técnicas de investigación. Sarean. Kontsulta: 2014-07-01 (http://biblioteca.ucv.cl/site/servicios/metodos_tecnicas_investigacion.php).
Vertele (2005-10-25). Retiran el polémico anuncio ‘Un andaluz soso en Euskadi’. Vertele. Azken kontsulta: 2014-06-30 (www.vertele.com/noticias/retiran-el-polemico-anuncio-un-andaluz-soso-en-euskadi).
Zallo, Ramon (2014-05-22). Ocho tópicos vascos. Noticias de Gipuzkoa. Azken kontsulta: 2014-06-30
(www.noticiasdegipuzkoa.com/2014/05/22/opinion/tribuna-abierta/ocho-topicos-vascos).
Zarzalejos, José Antonio (2014-04-01). ‘Ocho apellidos vascos’: un bodrio. El Confidencial. Azken kontsulta: 2014-06-30
(http://blogs.elconfidencial.com/espana/notebook/2014-04-01/ocho-apellidos-vascos-un-bodrio_110271).

Irakurri pdf-a

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan