Ezjakinaren miniaturak

2025-03-24 Artikuluak

Arrazoi baduzu, ez izan presarik.

Marko Aureliok esan zuen hori? Ez nago ziur.

Ederra da esaldia, baina agian Marko Aurelio izan behar duzu praktikara eramateko, ala?

Edo Marko Aurelio, edo Erroman jaiotako marmolista bat, sikiera. Edo estatu ziztrin bat, besterik gabe.

Arrazoi baduzu, ez izan presarik?

Guk arrazoiak baditugu presa izateko.

Presaka bizi gara, bizi bagara.

Batzuetan arrazoia ematen diogu norbaiti, baina ez hark eduki dezan, noizbait bueltan ekar diezagun baizik, aspaldi ikasi genion hori Antton Olariagari.

Bada arrazoia gordetzen duenik, arrazoiak bankuan etekinak emango dizkiolakoan, %1,5eko interes ziur, apal eta epe luzeko batekin, demagun.

Arrazoi gordeak dira gure lanaren parte bat.

Errealitatea ez delako agian errealitatea, desio bat baizik.

Nortasuna, egoaren haluzinazio bat ote?

Haluzinazioak gaixotasuntzat har daitezke?

«Gaixotasunek duten onena da sustraien inguruko lurra askatu egiten dela, samurtu. Aldaketak sortzen dira. Jendeak bere afektuak azaleratzen ditu gaixorik denean», dio Virginia Woolfek.

Izurria nobelako elkarrizketa batean, berriz, honela mintzo da Albert Camus:

 

– Beraz berorrek uste du […] izurriak baduela eragin onuragarririk, begiak zabaltzen dizkigula, pentsarazi egiten digula!

– Bai, munduko beste gaixotasun guztiek bezalaxe.

 

Norbere mina: egia bat. Besteen mina: susmo bat.

Osasuntsu gaude?

«Osasuntsu zaudenean fikzio amable bati eutsi behar diozu, zure ahaleginari: komunikatu, zibilizatu, partekatu, basamortua kultibatu behar duzu osasuntsu zaudenean […], elkarlana sustatu gau eta egun, plazer handiz. Gaixotasunarekin, fikzio hori eten egiten da», dio Virginia Woolfek.

Laranja bat zurituz bezala, Virginia Woolfen hitz horien mamia bere ironiatik askatzen saiatzen naizenean, Virginia Woolf bizirik eta osasuntsu dagoela sentitzen dut.

Virginia Woolf laranja bat da.

«Zaintzea zaindu gaitzaten eskatzeko modu bihurri bat izan daiteke», dio Mónica Ojedak.

«Gaixorik dagoenaren irudimenak ez du mugarik», dio Julia Stephenek.

Gaixorik gaudelako dugu irudimen handia?

Julia Stephen, besteak beste, erizaina izan zen. Eta Virginia Woolfen ama.

Virginia Woolfen inizialak V eta W direla ohartu naiz, Volkswagenen laburdura bezala: VW.

Virginia Woolfi esker gidatzeko baimena ateratzeko gogoa piztu zait eta Volkswagen hitzak alemanieraz ‘herriaren autoa’ esan nahi duela erabat ahaztu dut derrepente.

Hizkuntzak zer lezakeen gure azturetan eta bizitzan, ikaragarria ez al da?

«Hala ere, maitasun honek zugan dirudi… Errota zaharra, gaua festa bukatzean. Ez nazazu utzi. Abesten dizut jauna: oraindik orain, aita nuen saltzaile. Ez zaitut ikusi nahi. Tiriki tauki tauki, nahi zuia jin, Peru gurea? Hitzak dira. Hilko naiz. Isiltasuna. Hala ere». (Lourdes Iriondoren Antologia diskoko zenbait kanturen izenburuak segidan jarrita egindako collagea zen hori).

Ez al dira izenburuak aski esanguratsuak?

Badakizu? Batzuetan iruditzen zait kantuen eta liburuen izenburuek jada nahikoa esaten dutela… Ez dagoela kantuak entzun edo liburuak osorik irakurri beharrik, turismo arina egin dezakegula izenburuetan barrena, sartu-irten azkarrak. Total. Hiri guztiak berdinak dira orain, ala?

Agian, presa daukagu, arrazoia ez daukagulako.

Lourdes Iriondoren Hala ere kantuak 7.125 erreprodukzio ditu Spotifyn.

Txikiak gara.

Zenbaki batzuk:

Azken datuen arabera, 557 idazle ari dira lanean une honetan euskal literaturan. Gutxi iruditzen zaizkizue? Asko? Gehiegi?

Egin kontu: hipopotamoek 500 pertsona hiltzen dituzte Afrikan, batez beste, urtero.

Marcello Mastroiannik 10 lira kobratu zituen zineman egin zuen lehen figurazio lanagatik.

Qatar da Londresko burtsaren %20aren jabe.

Zertara dator hori? Ezertara ez. Ezertarako balio ez duten gauzak dakizkit eta ezin nahita ere burutik atera.

Ezertarako balio ez duten gauzek nola kotizatzen dute gaur Erromako burtsan?

Inork ulertzen ez zaituen leku batean bazaude, barbaroa zara bertan.

Barbaro bat zara bertan, arrazoia duzula uste duzun arren, Marko Aurelio.

Hala ere, uste dut Marko Aurelio ez zela sekula izan inork latinik hitz egiten ez zuen paraje batean bera bakar-bakarrik. Egon zinen, Marko Aurelio?

Walter Benjaminek miniaturak maite zituen. Miniaturak eramangarriak dira, modurik onena bidaiari edo errefuxiatu batentzat gauzak aldean eramateko.

Gu, e-re, mi-nia-tu-ra, ga-ra!

Iragana iraungita dago eta orainak gauza zaharkituak sortzen ditu etengabe.

«Eta poeta, eta poeta, etxean geratu da, ateak itxita…», dio Xabier Letek. Xabier Leteren inizialak XL direla ohartu naiz. Eta jada ezingo dut trixerta jantzi Gizon arruntaren koplak gogoratu gabe.

Batzuetan nobela beltzetan aurkitzen dira arrazoirik gordeenak: «Ez zait gustatzen pentsatzea muxu ematen dudan bitartean», dio Don Carpenterrek.

Eta, hala ere, Byung-Chul Hanen arabera… pentsamendua, benetako pentsamendu ñabartua, eros-aren bulkadatik abiatzen da. «Laguna eta maitalea izan ez denak nekez pentsatuko du ongi. Eros-ik ezean, pentsamenduak bizitasuna galtzen du eta errepresibo bihurtzen da…».

Jende askok ez daki Rodinek bere pentsalari ospetsuari jarri zion lehen izena ‘poeta’ izan zela eta ez ‘pentsalaria’.

Nik beti pentsatu izan dut Rodinen pentsalari hori muskulatuegia dagoela behar bezala pentsatzeko.

Vienako Leopold Museoan ikus liteke Anton Faistauer artistaren Kathi Ederren erretratu apala: olio xume bat, Rodinena baino arinagoa askoz: emakume bat ageri da eskua kokotsean duela pentsatzen. Salbuespen gutxietako bat, artearen historian.

Emakumea, jantzita dago. Rodinen pentsalaria, erdi biluzik. Ikusten da pentsatzeak beroa ematen diola Rodinen gizonkote gihartsu horri. Emakumeak, aldiz, artilezko jertse bat darama: hotzikara eragiten dio pentsatzeak?

Larrua hotz eleberrian, Sánchez Piñolek dio: «Profetez eta iruzurgilez betetako plaza publikoa zirudien nire garunak. Ideia argiak eta huskeria harrigarriak nahasten zitzaizkidan buruan, inolako hierarkiarik gabe, eta ezin nituen elkarrengandik bereizi».

Eta nik diot: «Badakizu? Eskerrak, profeta eta iruzurgileen artean, norbaitek lana errazten digun…».

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan