2011-03-01 Artikuluak
Lorea Agirre eta Sorguneak ikertegiak (Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatea) Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailarekin elkarlanean egindako bi ikerketaren emaitza nagusiak aurkezten dituzte, luze eta zabal. Ikerketa horietarako, euskal kulturgintza osoa eta bertako agente guztiak hartu dituzte kontuan. Lehen ikerketak («Euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak») aurrera begirako ikuspegia lantzen du, kulturgintzaren oinarriak jarri asmoz: nondik abiatu eta nora jo beharko litzatekeen argitzeko ahalegin bat da. Bigarrenak («Kultur bizitzaren diagnostiko kualitatiboa Gipuzkoan») kultur bizitzaren egoera kualitatiboa ikertzea du helburu. Bi ikerketak, nolabait, txanponaren alde biak dira: bisioa eta diagnosia. Oinarri teoriko-ideologiko berberetik abiatzen dira, metodologia kualitatibo eta informatzaile multzo bera partekatzen dute. Biek elikatzen dute elkar, batak bestearen zentzua osatzen baitu. Hain zuzen, euskaraz sortu, hedatu eta transmititzen den kulturaren egoera politikoa aztertzea dute xede bi ikerketa horiek.