1960ko eta 1970eko hamarkadetan klero nazionalista eta progresistako zenbait sektorek erregimen frankistari egindako oposizioa aztertzen du Martin Orbek. Urte haietako testuinguru soziopolitikoa eta apaiz haien erresistentziaren gertakari eta gako nagusiak argitzen ditu, batetik. Horrekin batera, diktadura frankistaren errepresio gogorraren nondik norakoak azaltzen ditu; Zamorako apaiz kartzelaren esperientzia, batik bat, Estatu frankistak Eliz hierarkia euskaldun eta espainolaren bat etortze edo isiltasunaz lagunduta sortu zuena.
Karmele Artetxek XX. mende erdiko hamarkadetan orduko kultur aldizkari nagusietan (Euskera, Euzko-Gogoa, Egan eta Jakin) hizkuntz ereduari buruz garatutako eztabaidaren mamia jorratzen du. Horrekin lotuta, euskararen inguruko eztabaida horiek eta aldizkari horien ekarpenari esker euskara kultur hizkuntza bilakatzeak komunitate zientifiko euskaldunaren lehenengo trinkotzean izan zuten berebiziko eragina ere aztertzen du Artetxek.
Pruden Gartziak Joseba Agirreazkuenagaren Euskal herritarren burujabetza. Euskal herritarren autogobernu auziaren bilakaera (1793-1919) (Alberdania, 2012) saiakeraren azterketa kritikoa eskaintzen du. Gartziaren arabera, liburu garrantzitsu baten aurrean gaude: batetik, Euskal Herriko historiaren ikuskera desberdin bat paratzen duelako diskurtso historiografiko hegemonikoaren aurrean; eta, bestetik, zehaztasun nabarmenez idatzitako ikerketa delako, baieztapen orokorrak beti datu zehatz ugariz lagunduz.