2012-09-01 Artikuluak
Joan Mari Torrealdaik 2011. urtean euskaraz argitaratutako liburuen azterketa aurkezten du, hainbat datu eta zifrarekin batera analisia eta balorazioa ere erantsiz. Honako alderdi hauek lantzen ditu Torrealdaik: lehenik, liburu produkzioaren zifren eta iturrien inguruko zenbait ohar; bigarrenik, tituluen eta orrialde kopuruen arteko erlazioari buruzko datuak; hirugarrenik, argitalgintzari dagokionez, liburu ekoizleen izaera eta aniztasuna, argitaletxe emankorrenen aipamena, eta argitalpen digitalaren datuak; laugarrenik, argitalpenaren zenbakien inguruan, argitaratutako tituluen zifrak, nobedadeak eta berrargitalpenak, jatorrizko eta itzulitako liburuak; eta, azkenik, gai multzoen sailkapenari buruzko datuak eta azterketa. Kopuru nagusiak aipatzearren, 2011n 2.237 liburu argitaratu ziren, 2010ean baino 214 gehiago. Urtero legez —2010ean izan ezik—, gehienak hezkuntza eta irakaskuntza arlokoak izan ziren: 721 (produkzio osoaren %32); ondoren, 2010ean lehen aldiz ugarienak izandako haur eta gazte literaturako liburuak (643, %29), giza eta gizarte zientziei buruzkoak (359, %16) eta helduen literaturakoak (303, %13,5).