Euskal kultura 2022

2023-01-10 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/1tULHaHGNiI

Euskal kulturaren inguruko hausnarketa «eztanda» edo «itzulera» giroan dator aurten, kaleetan, jaietan eta kultur ekimenetan biltzeko aukera eskaini baitu berriz. Kulturgintzako alor desberdinei begira jarri ditu Jakinek.

Elkarri lotzen zaizkion zenbait kezka azaleratu dituzte urteak emandakoaren errepasoan, kulturgintza eredu beregain baten premian bil litezkeenak. Eta baita pozerako arrazoi diren bizipenak ere, tartean; Lorea Agirre zuzendariak hitzaurrean dioen bezala, «guztiak, herrigintzaren artefaktu politikoak».
Pandemiaren ostean normaltasunera itzuli diren aforo, ospakizun eta ekitaldien paisaian, euskal kulturak aurrez zekartzan erronkek bistan jarraitzen dute 253. zenbakian. Kultur arloko hamaika lagunen gogoetak biltzen ditu idatziz aldizkariak, izurriak bistan utzi eta geroztik landu diren zenbait gaiz, urteak emandako bizipenez eta zerumugan sumatzen diren aldaketez.
Aurten zortzi irudigile ipini ditu gogoetan Jakinek, Dom Campistron kontrazal egileaz gain: Txakur Gorria, Patxi Gallego, Dani Fano, Axpi, Nerea Unanua Otxoantezana, Josevisky, Adur eta Maddi Zumalabe Irastorza.

Azkenik, 2021eko euskal liburugintzaren azterketa ere jasotzen du aldizkariak, Xabier Eizagirre Jakin -eko erredakzio buruaren eskutik.

‘Jalgi hadi dantzara! Jalgi hadi plazara!’
Aritz Ibañez Lusarreta
Euskal dantzak euskalgintzari eta kulturgintzari egiten dion ekarpena hartu du gogoetagai Ibañezek, gizarte artikulaziorako duen gaitasuna agerian jarriz eta herrigintzarako tresna gisa balioetsiz: «ezagutzan, sentsibilitatean eta gure herriarekiko ardura sozialean oinarritutako amets dantzatu berriak sortu eta birsortzeko modu oso bat».

‘Euskal bolloen intersekzioetan barrena’
Amaia Alvarez Uria
«Ura eta olioa bezala» bizi izan diren euskaldun eta lesbiana kategoriak gurutzatzen diren puntuaren bueltan ondu du Alvarezek gogoeta, Hego Euskal Herriko mugimenduetan egindako elkarrizketak eta Ipar Euskal Herriko literaturako Amaia Ezpeldoi pertsonaiaren gogoetak uztartuz. Bere elkarrizketatu bati jaso gisan, oinazefrente zaizkion kategoria horiek «sistemaren aurkako potentzia ere» badirelako.

 

Euskal kultura 2022
Askoren artean
Urtean zehar kulturaren hainbat alorretan gertatutakoaren balantzea idatzi dute bederatzi egilek. Itziar Ugarte Irizarrek euskarazko kulturak nahi lukeen jauziaren eta gertatzen den jausiaren arteko hesia arakatu du; Maialen Akizu Bidegainek bertsolaritzan sumatzen diren joeretara zabaldu du begirada, urtebeteko atzerapenez jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusitik abiatuta; Andoni Imaz Pozuetak euskal zinemagintzak aurten emandakoa xehetu du batetik, eta horren zabalkundeari lotutako mugimenduei egin die tartea bestetik, «pantailak ezkaratz» hitz jokoa baliatuz; Ane Zabala, Amets Aranguren Arrieta, Irati Elorrieta Agirre, Mikel Onandia Garate eta Libe Mimenza Castillok arte eszeniko, musika, literatura, arte eta adimen artifizialaren eremuak jorratu dituzte, hurrenez hurren. Txakur Gorria, Patxi Gallego, Dani Fano, Axpi, Nerea Unanua Otxoantezana, Josevisky, Adur eta Maddi Zumalabe Irastorzaren begiradak biribildu du urtearen balantzea.

‘Euskal liburugintza 2021’
Xabier Eizagirre Gesalaga
2021eko liburu ekoizpenaren emaitzak aztertu ditu Eizagirrek, Torrealdaik 1976an abiatutako ikerketari segida emanez. Sarean osorik irakur daitekeen azterketaren laburpena dakar aldizkarira, hainbat joera azpimarratuz. Esaterako, «ekoizleen atomizazioa» produkzioaren ahulezia gisa agertzen da 2021eko datuetan, eta beste behin testuliburuen ekoizpen eta erabakigunea estatu mailako argitaletxeek dutela berretsi da, ondorio zehatzekin: «Hegoaldeko eskoletan curriculum espainiarra dela zabalduena».
Dena den, produkzio mailan aurten haur eta gazte literaturak gainditu egin du hezkuntzarako liburuen kopurua, ekoizpen nagusi bilakatuz. Eta pandemia osteko liburu emariaren hazkundetik bueltan, urak bere onera itzuli dira, 2021eko produkzioa aurreko
urteetako batezbestekoaren pare baitago berriz.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan