HamaikaTB

‘Xabiertxo’-ren irakaspenetatik etorkizuna irudikatzen

'Xabiertxoren mendeurrena: atzera begira, aurrera egiteko' mahai ingurua egin du 1545 argitaletxeak, Durangoko Azokan, Jakinen partaidetzarekin.

2025-12-09 Albisteak

Durangoko Azoka 60 urtez izan da euskal kulturaren erakusleiho, Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera emateko plaza, eta euskaldunen eta kulturzaleen topaleku. Kulturgileentzat, lan berriak aurkezteko eta ezagutzeko modua izaten da.

Baina ez lan berriak bakarrik, iraganeko obrek eta auziek gaur egungoekin egiten dute topo erakusmahai eta aretoetan. Horren adibide da, esate baterako, Xabiertxo ikasliburua. Duela 100 urte argitaratu zen lehenengoz Ixaka Lopez-Mendizabalen Xabiertxo liburua, eta mendeurrenaren harira, 1545 argitaletxeak ikasliburua berrargitaratu du. 12. edizio honetan, Iratxe Retolazak eta Koldo Ordozgoitik idatzi dituzte hitzosteak, eta Kepa Etxeberria Lopez-Mendizabalek egin ditu ilustrazio berriak.

1545 argitaletxearentzat «berezia» da ikasliburua berrargitaratzea, garaiak aldatu diren arren, «oraindik ere asmo nagusi bat eta elkarrekin aurrera egiteko gogoa» partekatzen dituelako.

Izan ere, orduko behar, erronka eta amets ugari ikus daitezke gaur egungo auzietan islatuta. Horiek horrela, iragana eta orainaldia elkarrizketan jarri eta etorkizun berriak irudikatzeko asmoz, Xabiertxoren mendeurrena: atzera begira, aurrera egiteko mahai ingurua antolatu zuen 1545 argitaletxeak abenduaren 7an, Durangoko Azokan, Olatz Mitxelena, Koldo Ordozgoiti, eta Jakineko kide diren Haritz Azurmendi eta Iratxe Retolazaren parte hartzearekin.

Xabiertxo, mundua euskaratik eraikitzen

Testuinguru jakin batean argitaratu zen lehenengoz Xabiertxo ikaslibura: hezkuntza mugimendua nazio mailan egituratzen hasten den momentuan, hain zuzen. Hasiera horretan zegoen euskarazko material didaktikoaren hutsuneari erantzun zion Xabiertxo-k. Gaur egungo egoerarekin alderatuta, antzekotasunak ere aurki ditzakegu aspektu horretan. Azurmendik azaldu du «kanpo-logika horri ihes egin dioten egitasmoak» dauden arren, XX. mende hasierako dinamika sozial hori falta dela: «Gaur egun ere badaude kulturaren eta hezkuntzaren ikuspegi integral hori, eta kultur burujabetzaren ikuspegi hori elikatzen duten eragileak; baina ikuspegi errotua indartu eta epe luzera mantenduko duen egitura sendoa eraikitzeko daukagu».

1920ko hamarkadan bazegoen proiektu kultural integral bat oinarri zuen sare bat, norabide jakin baterantz lan egiten zuena; «mundua euskaratik eta euskal kulturatik eraikitzeko norabide partekatu bat» zuena. Eta Xabiertxo proiektu kultural horren baitan txertatzen zen. Gaur egun, aldiz, adosteko dago oraindik «zer motatako euskalduntasunak eta herritartasunak elikatu nahi ditugun, zer gizarte-eredu nahi dugun euskararentzat, eta ze gizarte-eredu nahi dugun euskaltzaletasunarekin».

Sarearen beharra

Proiektu kultural hori eraginkorra izan zedin, zabaldu egin behar zen, eta Xabiertxo-rekin Emakume Abertzale Batzako kideei, maistrei eta ikastolen mugimenduari esker gertatu zen hori; besteak beste, euskal hezkuntzagintza jarri zutelako erronken lehen lerroan eta hezkuntza-funtzio hori politizatu egin zutelako. Retolazaren arabera, sare hori «oso-oso ondo egituratuta zuten, ez ziren modu autonomoan egituratutako esparruak», eta hori ere izan zen Xabiertxo ikasliburuaren arrakastaren eragileetako bat. Hala, «Xabiertxo tresna bat da hezkuntzan, ikasmateriala eta liburuak diren modura, baina garrantzitsuena da nola gorpuzten dugun hezkuntza sare hori eta hezkuntza dinamika hori egunero».

Gaur egun, ordea, aspektu horretan «erren handiagoa» dugu. Egia da badaudela irakasle-sare eta hezkuntza-egitura interesgarri batzuk euskal hezkuntzagintzan, baina, oraindik, horien arteko koordinazioan sakontzea falta da.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan