2025-12-16 Albisteak
Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearekin elkarlanean, HEFAn Dabilen Pentsamendua zikloari hasiera emango diogu ostegunean, EHUko Ostegun Kulturalen baitan.
Zikloaren asmoa da gizartean puri-purian dauden auzi eta kezkak mahaigaineratzea eta horiei buruzko eztabaidak sortzea. Hiru mahai inguru antolatuko ditugu guztira, filosofiaz, antropologiaz eta hezkuntzaz hausnartzeko. Lehenengoa ostegunean izango da, abenduaren 18an, 13:00etan, HEFA I-eko Batzar Aretoan (Donostia).
Filosofiari buruzkoa izango da lehenengo mahai ingurua. Alba Garmendia Castañosek, Iñigo Martinez Peñak eta Agustin Arrieta Urtizbereak utopiak eta distopiak izango dituzte hizpide, Beñat Sarasolak gidatuta. Hiru hizlariak lehendik ere arituak dira utopien, distopien eta horiekin lotu ohi diren gaien inguruan pentsatzen.
Garmendiak eta Martinezek Jakinen orrietara ere ekarri izan dituzte gogoeta horiek, esate baterako, euren Egunen Gurpilean saileko idatzietan. Blogeko artikuluez gain, Alba Garmendiak utopiaren kontzeptua izan zuen hizpide 2018ko Jakin Jardunaldian, Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila izenekoan. Hitzaldi horretatik abiatuta idatzi zuen gero Ezaren gudaz baietza sortuz. Utopia klasikoa eta berria artikulua, Jakin 227-228 zenbaki bikoitzerako.
