miren artetxe

Utopia 68/18: iruditeria berrien bila

2018-10-28 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/KRtWy8PP7mE

Egungo utopiak nola irudikatzen ditugun aztertzeko elkartu ginen uztailean Usurbilen Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila Jakin Jardunaldian, 68ko Maiatzaren 50. urteurrena aitzakiatzat hartuta. Gure burua nahiz etorkizuna pentsatzeko ditugun moldeen isla baitira utopiak.

Jardunaldian eztabaidatutakoa dakar orain osatuta Jakinen 227-228. zenbaki bikoitzak: utopiaren esanahiaren aldaketa aztertu dute Alba Garmendia EHUko filosofian doktoregaiak eta Eduardo Apodaka EHUko irakasle eta soziologoak; Elixabete Garmendia Lasa kazetariak Euskal Herriko 60ko utopiei erreparatu die; zaintzari eta sozioekologiari buruz osatu dute artikulua Uzuri Aboitiz Hidalgo antropologian doktoregaiak, Iñaki Barcena EHUko irakasleak eta Anaiz Agirre eta Xabier Harluxet Bizi! mugimenduko kideek; bizipen zehatzak ere gerturatzeko jaso ditugu Amaia Lasa idazleari, Begoña Zearreta adinekoen egoitzetako langileari eta Begoña Huarte ekintzaileari egindako elkarrizketak.

 

‘Mende erdi utopia gurean’

Elixabete Garmendia Lasa

«Parisen 1968ko Maiatza izan zena, hemen Burgosko Prozesua izan zen». Abiapuntu horri helduz jorratu ditu Elixabete Garmendia Lasa kazetariak Euskal Herriko 1960-70eko mugimendu eta helburu utopikoak, eta 68ko Maiatzaren aldarriekin erkatu ditu: «Hedonismoaren aldarria Parisen, sakrifizioarena hemen». ETAk zentralitate handia izan baitzuen sasoi hartan: Txabi Etxebarrietaren hilketa, Fronte Kulturala, Zutik!, Burgosko Prozesuaren kontrako manifestazioak, Yoyesen hilketa… txertatuta daude gure iruditerian. Baita bestelako mugimenduak ere, kulturari eta euskal kantagintzari lotutakoak, batez ere. ETAren «gizonen paradigmatik» kanpo, pentsamendu feministak ere zirrikituak topatu zituen. Horiek guztiak josi ditu artikuluan garaiko argazkia osatzeko.

 

‘Ezaren gudaz baietza sortuz. Utopia klasikoa eta berria’

Alba Garmendia

Helmuga izatetik, «prozesuan dagoen utopia irekia» da utopia berria. Hala dio Alba Garmendia EHUko filosofian doktoregaiak. Utopia klasikoa ulertzeko modua irauli zuen 68ko Maiatzak, eredu ideala izateari utzi baitzion utopiak. Botere-harremanak birpentsatzearen eta kritikatzearen ondorioa izan zen, baina, aldi berean, praxiari garrantzia emanez: «utopia berria distopiatik bereizten duena balizko aterabideen proposamena da». Horregatik, helburua eta, era berean, metodoa bera izan litekeen ez-lekua da utopia egun: «Elkarrekin eta egunero egiten dena da utopia, amaierarik gabeko praxi iraultzaile bat, nora eramango duen pre-eskribatu ezin den iraultza».

 

‘Praxia: pragmatismoa eta utopia elkartzen diren lekua’

Eduardo Apodaka

Ezkerraren «inefikaziaren» garaian eta sistema kapitalista aldaezina dela sinistuta gauden honetan, «praxi iraultzailea» proposatzen du Eduardo Apodaka EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko irakasleak. Ezintasun kolektiboen ondorioz, utopia pribatuak gailendu dira egun, dioenez. Horregatik, utopia komunak berreskuratu behar dira, «errealitate neoliberalaren fantasiak biluzteko». Jarduera praktiko eta politiko zehatzetara jo behar du ezkerrak: «Ezkerrak utopia eta pragmatismoa uztartzen ikasi beharko luke».

 

‘Zaintza erdigunera? Aukerak, mugak eta zenbait galdera’

Uzuri Aboitiz

Zaintzaren irakurketa kritikoa egitea proposatu du Uzuri Aboitiz Hidalgok, Universitat de Barcelonako antropologian doktoregaiak, indargune eta mugak identifikatuz gero «egungo egitura ekonomikoari beste nonbaitetik heltzeko eta utopia berriak egikaritzeko» baliagarria delako. Esaterako, pertsonen zaurgarritasuna, interdependentzia eta harremanen asimetria agerian ipini ditu zaintzak, beste begirada bat eskainiz. Zaintzaren beraren motibazioei erreparatuz gero, baditu indar adina arazo, ordea: bestearen ongizatearekiko kontzientzia pizteko baliagarria da zaintzarako motibazioa; baina, emozioen idealizaziorako joera dagoenez, motibazio ez ekonomikoetan oinarritutako zaintza baztertu eta desberdintasuna errotzen lagundu dezake. «Bizitza sostengatzeko ardura kolektibo bat hauspotzen ez dugun bitartean, gero eta indar gehiago hartuko du desberdinkeriak zaintzen kudeaketan”.

 

‘Ekosozialismo feminista, utopia berri bat?’

Iñaki Barcena

Krisi ekologikoa ezin da bestelako krisien faktore eta ondoriorik gabe ulertu, Iñaki Barcena EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslearen eta Ekologistak Martxan elkarteko kidearen hitzetan. Zaintzari, elikagaien krisiari nahiz demokraziaren krisi politiko-ideologikoari erreparatu behar zaio, dioenez. Horregatik: «ez dago ‘krisi ekologikotik’ aterabiderik, ez badator justizia sozialaren eta demokraziaren eskutik, batetik, eta ekonomia feministaren eskutik, bestetik». Aliantza horiek lortzeko zailtasunak egon badaudela ziurtatzen du Barcenak. Baina, ildo horretan pausoak eman beharko dira egungo krisi globalari erantzun nahi bazaio, eta horretarako ‘utopia berria’ ekosozialismo feministatik etorriko delakoan da Barcena.

 

‘Utopiatik… alternatibara?’

Anaiz Agirre eta Xabier Harluxet

Krisi ekologiko eta sozialari alternatiba errealak eskaini nahi dizkio Bizi! mugimenduak. Neoliberalismoaren ‘utopia’ jasangaitza agerian geratu da, Anaiz Agirre eta Xabier Harluxet mugimenduko kideen hitzetan, eta eredu berri baten alde borrokatu behar dute herritarrek, norbere inguru lokaletik nahiz indarrak metatuko dituen mugimendu globaletatik. «Garapen jasangarria eta elkartasuna gauzatuko dituen Euskal Herria eraiki nahi dugu, eta beste lurraldetan ere gisa bereko dinamikak sustatzen lagundu nahi dugu». Izan ere, lurraren defentsa egiteak berarekin dakar bertan bizi direnen burujabetza, aniztasuna, berezitasun sozial, ekologiko eta kulturalaren alde egitea, diotenez. «Bizi eremu bakoitzari egokitutako moldeen arabera gure bizi baldintzez jabetuko gara».

 

Bizipenetatik utopiara eta alderantziz

Euskal Herriko 60ko hamarkadako utopien alaba da Amaia Lasa idazlea. Feminismoari bidea zabaldu zion euskal poesian, euskalgintzatik jardun zuen militantzia politikoan, eta Nikaraguara joatea erabaki zuen iraultza sandinista bertatik bertara ezagutzera.
Begoña Zearretak, Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileak, urtebeteko greba bizi zuen, zaintzaren aldarrikapen poltiko eta soziala errealitate konkretura ekarriz.
Begoña Huarte ekintzaileak, bestalde, egun bizi dugun krisi humanitarioari buruz eta krisi horri gure gizarteak ematen dion eta eman beharko liokeen erantzunari buruz hitz egin du. Esperientzia zehatzak aipatuz: Iruñeko nahiz Areatzako errefuxiatuen aterpetxeak eta Greziako mugatik migratzaileak ezkutuan Euskal Herrira ekartzeko saioa.
Hiru lekukotza eta hiru ikuspegi jaso ditu Jakin aldizkariak elkarrizketa banarekin

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan