miren artetxe

Txillardegiren obra osoa digitalizatuta

2017-05-23 Albisteak

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012), euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan baitzen Euskal Herrian, politikaren nahiz kulturaren esparrutik. Horregatik erabaki du Jakinek bere obra osoa bilatu, arakatu, txukundu eta digitalizatzea, eta sareko atari bereziarekin herritar guztien eskura paratzea. “Euskal pentsamenduan izan diren diskurtso berritzaileak ezagutzea garrantzitsua dela uste baitu Jakinek, bai behintzat kulturgintza eta herrigintza eredu propioa garatu nahi bada. Txillardegi ezinbesteko pentsalaria dugu horregatik”, zehaztu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak.  Ataria, hain zuzen, hau da: www.jakin.eus/txillardegi

 

Ia 2.000 idazlan digitalizatu denon eskura

Hiru urte eman ditu Jakinek Txillardegiren lan osoa digitalizatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da digitalizazioa. “Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde digitalizatu dira”, azpimarratu du Joan Mari Torrealdaik. “Horietatik 1.634 idazlan dira Txillardegik berak idatzitakoak. Esaterako, 40 dira liburuak eta 1.352 artikuluak”. Aurreneko dokumentu digitalizatuak 1956koak dira, Egan, Euskera eta Euzko Gogoa aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Dokumenturik berrienak, aldiz, 2010-11koak dira, Hizpide eta Argia aldizkarietan idatzitako artikuluak. Jakinen ere argitaratutako 17 lanak topatuko ditu bertan bilatzaileak, esaterako. Gainerako argitalpen digitalak, berriz, Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira, 350 guztira.

Obra oparoa, kopuruz nola edukiz, beraz. Euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa, nazio arazoa eta beste hainbat gai lantzen baitira Txillardegiren obran. Horiek guztiek osatzen dute Jakinek abian jarri duen www.jakin.eus/txillardegi sareko atari berezia. Bilatzaile erraz eta berariazkoarekin.

 

Pentsalaria bezain eragilea

Donostian sortu eta hil izanagatik ere, 16 urte eman zituen Txillardegik erbestean frankismotik ihesi, 1961etik 1976ra. Paris, Brusela eta Waterloo izan zituen bizitoki. Atzerrian osatu zituen linguistika ikasketak; izan ere, Bilboko ingeniaritza ikasketak burututa, 1976an linguistikan lizentziatu zen Parisen, eta 1981ean Kaliforniako UCLAn fonetika eta fonologia ikasi zituen. Bartzelonako Unibertsitatean eskuratu zuen ostean doktoretza. Hizkuntzalaritza izan baitzen Txillardegiren pentsamenduaren ardatz nagusietako bat, eta ogibidea ere izan zuen. Deustuko Unibertsitateko Donostiako EUTG ikastetxean irakasle aritu ondoren, 1982az geroztik EHUko irakasle izan zen, eta katedratidun emeritu gero.

Hainbat berrikuntza ekarri zituen hizkuntzaren arloan Txillardegik. Hizkuntza herri identitatearen eta eraikuntzaren erdigunean kokatu zuen, eta Euskal Herriaren lurralde batasuna hizkuntza batasunetik hasten dela sinetsita, euskara estandarraren aldeko neurri aitzindariak planteatu zituen 1964ko Euskal Idazkaritza Elkartearen Baionako Biltzarrean. Gainera, euskarak eta euskal kulturak modernizatzeko premia zutela ikusita, euskarazko lehenengo nobela modernotzat jotzen den Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuen 1957an.

Diskurtsoaren eta eragileratzen artean etengabe egin baitzuen dantza Txillardegik. Pentsatuz bezainbeste arituz. Herri eragiletza eta egituretan lan franko egin zuen, Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaile izan zen, esaterako, eta UEUko kide hasiera-hasieratik. Esparru politikoan ere ibilbide luzekoa da Txillardegi. Ekin eta ETAren sortzaile izan zen. 1967an, baina, ETA uztea erabaki zuen zuzendaritzarekin sortutako desadostasunengatik. Branka aldizkaria argitaratzeari ekingo zion orduan. Hego Euskal Herrira itzulita, 1976an ESB alderdia sortu zuen, eta HBko senatari eta mahai nazionaleko kide izanen zen ondoren. 1998ko su etena haustean, Aralar alderdira gerturatu zen. 2007an, aldiz, Aralar utzi, eta EAE-ANVko zerrendetan senatari hautagai izan zen.

 

Euskal pentsamendua transmititzeko

Txillardegiren obra jasotzen duen ataria Jakinen proiektu zabalago baten baitan kokatzen da: XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa proiektuan. 60ko hamarkadatik gaur egun arte Euskal Herriko pentsamenduan eta kulturaren garapenean eragin duten euskal autoreen lana berreskuratu eta dibulgatzeko egitasmoa da. Ezinbesteko lana, Jakinen iritziz, transmisioan ditugun hutsuneei erantzuteko. Eta helburu horrekin osatu du Jakinek Txillardegiren web ataria, proiektu honen aurreneko urratsa izan dena. Elkar Fundazioaren bultzada ere jaso du atariak, Elkar Proiektuari Saria eskuratu baitu.

Gainera, sareko atariaz gain, Txillardegiren obra hedatzeko liburu bilduma eta ikus-entzunezkoak osatuko ditu Jakinek datozen hilabeteotan, ahalik eta modu dibulgatibo eta erakargarrienean. Helburua gazteengana ere Txillardegiren lana gerturatzea baita.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan