miren artetxe

Txillardegiren obra osoa digitalizatuko du Jakinek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan

2015-01-15 Albisteak

Txillardegi nor zen 

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi Donostian jaio zen 1929an eta 2012an hil Donostian bertan, 82 urterekin. Bere bizitzako urterik gehienak, ordea, Donostiatik kanpo bizi izan zituen. Donostiatik kanpo ez eze, Hego Euskal Herritik kanpo horietako asko eta asko.

1961ean, 32 urte zituela, frankismotik ihesi jo zuen Ipar Euskal Herrira, eta ondoren Paris, Brusela eta Waterloon bizi izan zen, 16 urtez. 30 etxetik gora aldatu izan ditu erbestean, askotan presaka. Erbestea eta era guztietako jazarpena pairatu ditu Txillardegik, eta bere familiak harekin batera.

Gaztetan ingeniari ikasketak egin zituen Bilbon. 1976an Linguistikako lizentzia egin zuen Parisen, eta 1981ean urte sabatikoa hartu eta Kaliforniako UCLAn fonetika eta fonologia ikasi zituen.

Euskal Filologiako irakasle izan zen EUTGn, 1976tik 1981era. Eta 1982tik aurrera EHUko irakasle eta gero katedratiko emerito.

Beste batzuekin batera Ekin eta ETA sortu zituen. 1967an, baina, ETAtik baja eman zuen eta orduko zuzendaritzaren ildo nagusiaren aurka Branka agerkaria sortu zuen. 1976an, dagoeneko Hegoaldean, ESBren sortzaileetakoa izan zen, gero HBko senatari eta mahai nazionaleko. 1998ko su-etena haustean, Lizarra-Garaziren alde egin zuen, eta Aralar alderdira hurbildu zen. 2007an Aralar utzi egin zuen, eta 2008an ANVren zerrendatan senatari hautagaia izan zen.

Txillardegiren emana ez da hor agortzen, ezta gutxiago ere. Aitzitik, oparoena eta emankorrena alor kulturalean egin duena dela esan daiteke, jarraian ikusiko dugunez.

 

Txillardegiren ekarpena

Txillardegiren tamaina adierazteko, aipamen kualifikatu batzuk emateko lizentzia hartu dugu:

• Joxe Azurmendi

“Atzera begiratzen badugu, gerraondoko uhinaren ekarpen nagusitzat hauek aipa litezke, boteprontoan aipatzeko: nazio kontzeptuaren berrikuntza, politiko (kritiko abertzaletasun historikoarekin) hala soziala (abertzaletasuna eta sozialismoa uztartuz), internazionalismoa, mugimendu sozialen erupzioa (feminismoa, ekologia); hizkuntzaren garrantzoa nazioarentzat, arrazarena eta historiarena baino lehen. Praktikan, euskararen batasuna eta normalizazioa, bizirik iraun ahal dezan eta hizkuntza nazionala izan. Literaturaren berrikuntza, nobelan adibidez, edo zeinahi gaitara zabaldu den saioan. Tradiziorekin etena eta pentsamenduaren modernizazioa, aitaren etxe zaharreko leihoak lehenego aldian batez ere existentzialismora eta pentsalari kristau moderno frantsesetara zabalduz, gero nolanahiko ideietara. Euskaltzaleen munduaren lerrapena ezkerrerantz. Sozialismo demokratiko ala marxista-leninista iraultzailearen eztabaida. Erlijioaren kritika, gure kasuan nazional-katolizismoarena, eta azkenean horren eraberrikuntza edo arbuioa, eta moralaren askapena Elizaren eta tradizioaren menpetik… Den-denak Txillardegiren ideiak eta ekimenak.

Aro berria markatu duten intuizio erabakior guztien iturrietan Txillardegi topatzen dugu. Egia da historiak egiten duela jendea, Txillardegi ere bai. Baina historia ere jendeak egiten du. Eta Txillardegi XX. mende erdi hartako une gurutzealetan Euskal Herriak behar zuen gizona izan da. […]

Txillardegik ez du ETA fundatu bakarrik egin. Seguru asko luzarora politikan baino eragin inportanteagoa kulturan izan du, ideia berrien irekieran, mundua ikusteko atrebentzia berrien erakusketan, euskararen modernizazioan. Garai batean abertzaletasunak eta sozialismoak elkarreinak ziruditen, edo euskaltzaletaunak eta Unamunok. Orain Euskal Herri arras diferentea badaukagu, asko eta asko Txillardeiri zor zaio. […] Txillardegik euskalduna, posizionamendu euskaltzale eta abertzale irmo bati uko egin gabe, mundu modernoan eta ezkerrean eta euskaraz lotsatu gabe ibil zitekeela erakutsi du”. (‘Txillardegiren ohorez: ETAren zikloa’, Berria, 2011-11-19)

• Andres Urrutia

“Txillardegi gerra osteko euskal intelligentsia-ren berregite prozesuan zeregin esanguratsuak bete ditu. Era berean, ezker abertzalearen ildoan, ezbairik gabe, hots handiko lana egin du, ekintzaz nahiz lekukotzaz. Nobela egilea, saio egilea, soziolinguistikaren inguruko aditua, kazetaria eta maisua, irakaslea, aukera guztiak baliatu zituena edonon eta edonoiz, euskararen aldeko ideiak barreiatzeko eta gizarteratzeko”. (‘Txillardegi, euskal ‘intelligentsia’ren haritik’, Berria, 2012-01-12)

• Xabier Mendiguren Bereziartu

Oso pertsona garrantzitsua galdu dugu, baina bere obra hor dago eta berak abiatutako lanak hor daude. Ondoren etorri diren belaunaldiek hori oso kontuan dute, eta Txillardegi bere zabalera eta sakonera guztian balioesten asmatuko dute. Oraindik gauza asko dago Txillardegiren obran aztertzeko eta sakontzeko. Saiatu beharko genuke bere ahaleginaren parean egoten.

Txillardegi XX. mendearen bigarren erdiko eta XXI. mendearen hasierako euskaltzaingintzaren zutabe nagusienetako bat da. Txillardegi ez ezik, aipatu behar dira ere Mitxelena, Villasante eta beste gutxi batzuk. Baina, bere osotasunean, zutabe handiena izan dela esango nuke. Beste batzuk agian literatura edo hizkuntzalaritza landu dituzte, baina Txillardegik Euskal Herri osoaren eraikuntza lotu du. Bere ideiekin ados egon edo ez, inork ezin dio ukatu hasieratik bukaerara izan duen koherentzia. Euskalgintzak eta Euskal Herri euskaldunak galdu egin dute beren aita ponteko nagusia (‘Konprometitua, koherentea eta ezinbestekoa’, Berria, 2012-01-15)

Hamaika aipu gehiago ekar daitezke hona.

Aho batez onartzen da Txillardegik utzi digun ondarea sekulakoa izan dela. Obra handia ondu zuen, kuantitatiboki ez eze, eta batez ere, kualitatiboki. Txillardegi gauza asko batean izan da, kulturaren munduan ere: pentsalari, irakasle, idazle, nobelagile, saiolari, linguista, soziolinguista. Eremu horietako bakoitzean ondare ederra utzi digu.

Txillardegik berak eta bere obrak badu ezaugarri propio bat, eta da, Jean Louis Davanten hitzetan, poliaitzindaria dela. Alegia, Txillardegi aitzindaria izan da hainbat eta hainbat alorretan: politikan abertzaletasun klasikoari abertzaletasun berria ekarriz, pentsamenduan existentzialismoa euskal letretara ekarriz, ideologian sozialismoa eta abertzaletasuna elkarrekin eta askatasunarekin uztartuz, nobelagintzan, saiogintzan; hitz batean, landu dituen alor gehienetan berritzailea izan da.

Eta zer esan euskararen eremuko lanaz? Euskararen modernizatzean eta euskararen normalizazioan bultzatzaile eta eragile nagusia bera izan da. Bera dugu euskara batuaren aita, beste guztien gainetik. Euskararen bizitzaren gaiak bizi izan du beti Txillardegi. Berak aitortua da, gainera,  abertzaletasunera ere euskaratik eta euskaragatik iritsi zela.

Euskalgintza modernoaren bidean, gaztetandik hil zen arte, koherentzia harrigarriz euskararen lehentasuna aldarrikatu du asper gabe: euskararen zentralitatea herrigintzan bezala kulturgintzan, odolaren eta abizenen gainetik euskararen lekua, euskarak egiten gaituela euskaldun, euskara erabilgarri dela alor eta gai guztietarako.

Txillardegi eta konpromisoa gauza bera dira, konpromiso politikoa, kulturala eta linguistikoa. Idazle konprometituaren eredu dugu Txillardegi, Jean-Paul Sartreren eredutik.

Txillardegiren obra ez da lan idatzia soilki, bere bizitza ere halaxe da: koherentzia, konpromisoa, entrega, euskararen eta herriaren alde.

 

Digitalizioa egitasmoaren tamaina: argitalpen motak eta kopuruak

948 idazlan katalogatu ditugu dagoeneko:

•   Liburu osoak                                43

•   Liburu zatiak                             161

•   Aldizkarietako artikuluak          690

•   Itzulpen lanak                              46

•   Prestatzaile, antolatzaile…             7

•   Berredizioak                                11

Horrezaz gainera, eguneroko prentsari dagokionez, Euskaldunon Egunkaria-ko 176 artikulu dauzkagu katalogatuta dagoeneko. Eta beste asko (Egin, Gara, Berria…) arakatu eta katalogatzeko asmoa daukagu.

 

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan