Tradizioa izango dute hizpide ‘HEFAn Dabilen Pentsamendua’ zikloan

Martxoaren 26an izango da mahai ingurua, 15:00etan.

2026-03-09 Albisteak

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearekin elkarlanean, HEFAn Dabilen Pentsamendua zikloaren baitako bigarren mahai ingurua egingo dugu martxoaren 26an, 15:00etan, HEFA I-eko Batzar Aretoan (Donostia).

Tradizioaren mamiaz eta azalaz ariko dira Aitzpea Leizaola, Kepa Matxain eta Itziar Navarro, Haritz Azurmendi Jakineko kideak gidatuta. Hiru hizlariak arituak dira tradizioaren inguruan pentsatzen, bakoitza bere ikerketa lerrotik. Alde batetik, Leizaola Antropologian doktorea da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea eta antropologia masterreko zuzendaria da. Hamarkadatan aztertu ditu euskal kulturaren herri adierazpen tradizionalak; festak eta inauteriak, esate baterako.

Bestetik, Matxain, Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua eta Filosofian doktorea da, eta, gaur egun, EHUko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea da. Ikerketa interes nagusiak kultur praktika popularrak, eferbeszentzia-une komunitarioak, ahozko tradizioa, landa-kulturak, eta, oro har, estetikaren eremu zabala ditu. Hala, bertsolaritzako korronte sinboliko berrienak eta bertsolaritza tradizionala ikertu ditu bere doktore tesian.

Azkenik, Navarro musikaria eta Musikogian doktorea da, eta Iberiar Penintsulako Folklorearen Interpretazioko Masterreko irakaslea da. Euskal musika tradizionalean ibilbide oparoa du, eta, ildo horretan, abendu erronden edo marijesien diskurtso, praktika eta bilakaera ikertu ditu bere doktore tesian. 2017tik Soinuenea herri-musikari buruzko museo eta dokumentazio zentroan dihardu lanean, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko doinutegi batzordeko kide ere bada.

Hizlariek, beraz, tradizioari hainbat ertzetatik helduko diote martxoaren 26ko Tradizioaren mamiaz eta azalaz mahai inguruan. Hala, tradizioaren ulerkera moduak, tradizioa eta botere-harremanak, berrikuntza, identitatea eta tradizioaren transmisioa landuko dituzte.

Zikloaren asmoa da gizartean puri-purian dauden auzi eta kezkak mahaigaineratzea eta horiei buruzko eztabaidak sortzea, filosofiatik, antropologiatik eta hezkuntzatik hausnartuz. Hala, lehenengo jardunaldia filosofiari buruzkoa izan zen. Alba Garmendia Castañosek, Iñigo Martinez Peñak eta Agustin Arrieta Urtizbereak utopiak eta distopiak izan zituzten hizpide abenduaren 18an, Beñat Sarasolak gidatuta. Hurrengo eta azken mahai ingurua hezkuntza izango du abiapuntu.

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan