2015-05-18 Albisteak
Sakelakoetan dugun teknologiak sentsoreez josi du gure bizitza. Ia konturatu gabe, egunero soinean ditugu pentsatzen ditugunak baino sentsore gehiago. Zein dira? Zer neurtzen dute? Zertarako balio digute? Bizitza aldatzen ari zaizkigun teknologia zati txiki hauek ulertu behar ditugu, gure osasunean ere eragina dutelako eta oraindik gehiago izango dutelako.
Sakelako telefono guztiek ez, baina berrienek sentsore asko dituzte bere baitan. Telefono hauek, normalean Android edo iOS sistema eragilearekin batera, sentsore horiek erabiltzen dituzten aplikazioak ere badakartzate. Batzuetan aplikazio berezituak izan ohi dira, sentsore horiek baliatzeko pentsatuak, baina beste askotan sentsore horiek emandako informazioa esperientzia hobetzeko erabil dezakete bakarrik.
Azelerometroa, adibidez, gure mugikorraren posizio eta mugimendua neurtzeko balio duen sentsorea da. Hiru koordenatu errepresentatzen dituzte hodi batzuetan zehar, bola txiki baten mugimenduak aztertuz; dispositiboak une horretan duen posizioa kalkulatzen du. Antzeko funtzioa baina zehatzagoa ematen duen giroskopioa ere aurki dezakegu gehienetan. Sentsore horrek zehaztasun handiz gailuaren posizioa neurtzeko balio digu, aldaketa detektatzeko gaitasun handia baitu.
Magnetometroa, aldiz, energia magnetikoa neurtzeko balio duen sentsorea da. Horri esker, aplikazioek iparrorratz moduan funtziona dezakete, edota tapa magnetiko bereziak erabiltzen dituztenek telefonoa eseki.
Argia eta gertutasuna kontuan hartzen dituzten sentsoreak ere badaude. Argi sentsoreak argia detektatu eta gailuak interpreta dezakeen forma batean itzultzen du. Horri esker, sakelakoaren pantailaren argia automatikoki egoki dezake, adibidez. Gertutasun sentsoreak, aldiz, argi infragorriak baliatuz, gertutasunaz jabetzen dira. Horrela, mugikorreko dei bat egiten ari garenean, adibidez, argi izpi infragorriak, gure belarriarekin talka egitean, pantaila itzaltzen digu.
GPSari esker, gailu horiek geokokatzeko gaitasuna eraman dute gure poltsikoetara. Asko dira teknologia hori erabiltzen duten gailuak; gutxiago dira, aldiz, sentsore barometriko bat dutenak. Horri esker, presio atmosferikoa kalkulatzeaz gain, geokokapen zehatzagoa lortzeko aukera ematen digu.
Horiek batzuk, baina gero eta gehiago dira sakelako gailuetan ez ezik jantzigarriak (wearable) diren gailuetan ere askotariko gauzak neurtzen dituzten sentsoreak: tenperatura, hezetasuna, taupadak, hatz markak… Gero aplikazioek datu horiek interpretatu eta osasun egoera, gastatutako kaloriak, stress maila, lo kalitatea… emateko gai dira.
Nonbait bihurtu badira garrantzitsu teknologia horiek, osasunaren alorrean izan da. Horiei esker, gero eta gauza gehiago azter daitezke, kostu txikiago batekin. Horiei lotuta, gaixotasunak detektatzeko biosentsoreak, gaixo diabetikoen intsulina beharrak orekatzeko tresnak edota bihotzekoak aurrez detektatzeko aukera ematen dutenak garatzen ari dira.
Hala ere, ez dira teknologikoki oso aurreratuak diren sentsoreak behar askotan. Aipatutako sentsore batzuen konbinazioarekin, gauza asko lor daitezke. Zenbait tokitan hauxe gertatu da, eskuratzen zailak ziren sentsoreak orokortzean, horien erabilera irudimentsuari esker, lehen ia ezinezko ziren gauzak egin daitezkeela orain.
Afrikan, adibidez, sakelako telefono horiek dituzten aukerek eta aplikazio egokiek asko lagundu dezakete osasun publikorik ez dagoen tokietan. Harrigarria izan badaiteke ere, gosea eta osasun arazo larriak dauden tokietan ere, oinarrizko azpiegiturarik gabekoetan, mugikorrak daude. Telefonia finkoa edota ordenagailuak iritsi ez diren tokira iritsi dira sakelakoak. Zentzu komuna erabat apurtzen duen logika baten baitan, ura lortzeko oinez kilometroak egin behar
diren tokietan ere teknologia egon daiteke.
Testuinguru horretan, horrelako sakelako bat estetoskopio, termometro, tentsio neurgailu eta kasurik hoberenetan laborategi txiki bat ere bihur daiteke. Horri guztiari profesionalekin harremanetan jartzeko aukera gehitzen badiogu, orain arte inbertsio handia behar zuten ekimenak erabat egingarri bihur daitezke.
Teknologiak ez ditu arazo guztiak konponduko, denok ulertzen dugu soluzioak sistemikoak direla, bereziki Afrikan; baina badira teknologiaren erabilpen zehatz batzuk, egoki aplikatuta, arlo honetan ere onura handiak ekar ditzaketenak.