Saiakeraren inguruan

2022-02-17 Bloga

Margaret Mead antropologo estatubatuarrak badu saiakera labur bat Kultura eta konpromisoa (1970) izenekoa. Kultura zentzu antropologikoan aztertzen du Meadek, bizimodu eta balio-multzo gisa, eta hiru kultura mota bereizten ditu: postfiguratiboa, kofiguratiboa eta prefiguratiboa. Lehenengoan, belaunaldi gazteek zaharrengandik ikasten dute eta nolabaiteko ardura dute horiek entzun eta euren kerei eusteko; kofiguratiboan, belaunaldiek euren belaunaldi-kideekin dituzte hartu-emanik gehienak, eta kultura ezberdinekin harremantzea da geroratzeko modu; hirugarren eta azken kulturan, prefiguratiboan, belaunaldi helduagoek gazteagoak dituzte eredu, datozenak dira jakituria eta etorkizunaren berme, eta ‘urrun’ iristea da euren zeregin. Meadek berak aipatzen ditu kultura mota bakoitzaren hutsuneak, eta zuen kontu gainerakoak topatzea.

Niri, baina, iruditzen zait belaunaldiarteko harremanak apenas edukitzen ditugula, ‘kaixo’ eta ‘zer moduz’-ak bai, baina hitz-aspertu bat izateko aukerak urri. Eta urtarrilaren 3an Naiz egunkarian egindako elkarrizketaren aitzakian gustura izango nukeen Paulo Iztuetarekin halako bat. Titularrak hala zioen: «Elebitasunak lurra jo du eta terapia murgiltze metodoa izan behar da».1 Iztuetak, Jon Diaz Egurbiderekin batera,2 2010eko hamarkadako euskal kulturgintza eta liburugintzaren egoera ikertu du. Azterketa sarean eskura dago, baina elkarrizketan aipatutakoek oihartzun egin zidaten. Iztueta kezkatuta dago Euskal Herritik pentsamendua elikatzen ari garen moduarekin, unibertsitatearen zereginarekin eta produkzio kulturalean ez-fikzioak daukan leku apalarekin. 2018ko argitalpenak oinarri, Espainiako Estatuan gaztelaniaz argitaratutakoen %43,1 da ez-fikzioa; katalanez egindakoen %25,9; euskaraz %11, eta galizieraz %3,5. Iztuetak dio Euskal Herria herri emigratua izan dela intelektualki eta ez duela sekula goi-mailako unibertsitate publikorik izan; pribatuak bai. Egun Euskal Herriko Unibertsitateak ikasle gehiago izan arren, gizartean unibertsitate pribatuetakoek lehentasun gehiago dutela salatzen du.

Euskal hezkuntza nazionalaz zein elite politikoak euskalduntzearen inguruan dioena ere interesgarria da, baina pentsamenduaz eta ez-fikzioaz dioenari heldu nahi nioke gaurkoan. Ez da lehen aldia Iztuetak berak euskal pentsamendua lantzeko beharra aldarrikatzen duena. Horregatik sortu zuen Jokin Apalategirekin batera Utriusque Vasconiae argitaletxea, «testuinguru partikularretik abiatuta diskurtso unibertsala zabaltzeko». Nagusiki saiakera eta ikerketak, 140 liburu baino gehiago ekoitzita 2018an itxi zen argitaletxea. Ez-fikzioaren zakuaren barruan hainbat azpiatal daude (hiztegiak, aforismo-liburuak, argazki eta pintura liburuak…), baina bestela ere gaia zabala da, eta saiakeraren inguruan arituko naiz.

Argi gera bedi pentsamendua, intelektua edo jakintza hainbat modutara adierazi eta garatzen dela uste dudala, baina arrazoi ematen diot Mark Fisherri: «sinetsarazi digute jendea intelektual bezala tratatzea ‘elitista’ dela, eta tentelak balira bezala tratatzea ‘demokratikoa’».

Michel de Montaignek xvi. mendean idatzitako Essais (Entseiuak) lana hartzen da saiakeraren abiapuntutzat. Frantziako humanismoaren lan gorena izateaz gain, saiakeraren moldearen eredu bilakatu zen. Montaignek niaren inguruko literaturari eman zion bide, bere ikuspuntu pertsonala eta autobiografia nahasiz. Gogoetak modu sistematiko batean baino, forma eta tonu ezberdinetan, intentzio didaktiko batekin idatzi zituen autoreak.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k badu ‘Saiakera eta hizkuntzen pizkundea’ (1966) izeneko artikulu bat. Halaxe hasten da testua: «Saiolari bikain bakar bat eman du orain arte Euskal Herriak: Unamuno; bainan erderaz eman du. Eta alde hortatik eman ez baina galdu egin duela esan dezakegu». Saiakera «puntu bakar bati buruzko filosofi apurra, lehenengo abstrazio-mailan egina, zeinaren funtsera zabaltasun eta sakontasun guzian abiatu gabe» bezala definitzen du, eta 60ko hamarkadaren testuinguruan euskal saiakera oso ahula aipatu (eta ez saiakera bakarrik, noski). Txillardegiren aburuz, Salbatore Mitxelenaren Unamuno eta Abendats (1958) zen euskarazko saiakera aipagarriena. Jon Etxaideren Amasei seme Euskalerri’ko (1958), Juan San Martinen Mogel (1959) edo Jean Etxepareren Buruxkak (1910) ere azpimarratzen ditu. Literaturaren Terminoen Hiztegiak azken hori jasotzen du euskaraz idatzitako lehen saiakera gisa.

Grazia egin dit Txillardegik, ordurako oraino dirauen bekatuaren berri ematen baitu:

Adiuntza batzutan bertso-egileek idaztea, eta ez beste inork, ez da bertso-egileen errua. Noski! Bainan ohargarria da, aztergarria: zergaitik baliatzen dira hizkuntza ahulaz3 bertso-egileak, eta ez beste inor?

Hizkuntza ahula deitzen dio donostiarrak iritzi edo testu akademikoetan erabiltzen den literatura motari, eta konbentzituta dago «euskal saiakera bultzatuz urrats haundi bat emanaraziko diogu(la) gure Literaturari».

Ia mende laurden geroago Joan Mari Torrealdaik ere ‘Saiakeraren hutsunea’ (1991) deitu zion artikulua plazaratu zuen Euskaldunon Egunkaria-n, urte hartan euskaraz argitaratutako liburu denei errepasoa egin eta bi eskuekin kontatzeko adina saiakera zituela esanez. «Hori da pobrezia intelektuala, hori!». Torrealdairen 2017ko azken euskal liburugintzaren azterketaren arabera,4 literatur generoen artean %15,1 zen miszelanea, kronika edo saioa.

Argi gera bedi pentsamendua, intelektua edo jakintza hainbat modutara adierazi eta garatzen dela uste dudala, baina arrazoi ematen diot Mark Fisherri:5 «sinetsarazi digute jendea intelektual bezala tratatzea ‘elitista’ dela, eta tentelak balira bezala tratatzea ‘demokratikoa’». Eta arrazoi ematen diot Hannah Arendti6 ere bere egunerokoetan galdetzean: ba al da tiranikoa ez den pentsatzeko modurik?

Euskal saiakeraren inguruko azterketa osatuenetakoa ikerketa-taldean egindako eta Jon Kortazarrek zuzendutako Egungo euskal saiakeraren historia (2013) liburua da. Aurretik eleberriaren historiaz (2008), ipuingintza eta haur eta gazte literaturaz (2011) zein antzerkiaren historiaz (2012) idatzi ostean erreparatu zioten saiakerari. 1980-2000 urteen arteko garaia aztertzen da batik bat, eta analizatzen den azken saiakera-liburua 2009koa da. Liburuan aipatzen da «saiakera zehaztu gabeko lurraldea» dela.

Liburuak hamabi saiakera aztertzen ditu sakontasunez (horietatik bakarra da emakume batena), eta euskal saiakeraren zazpi ezaugarri proposatzen ditu. Ezaugarri horietako batzuk mantentzen dira ia hamar urteren ostean, baina beste batzuk gehitu ditut nik neuk 2021ean euskaraz argitaratutako saiakeren inguruko inpresioak konpartitzeko. Durangoko Azokaren katalogoko ‘Biografiak eta saiakerak’ atala eta argitaletxe bakoitzaren webguneak erabili ditut bilaketa osatzeko. Aldizkariak zein arte-ekoizpenen argitalpenak ez ditut kontuan hartu.

Batek baino gehiagok salatu duela denboran zehar euskarazko saiakeren kopuru eskasa. Alabaina, neurri kuantitatiboaz gain, kualitatiboki ere saiakerek hedapen eta oihartzun apala duten irudipena dut.

1. Euskal saiakeran nagusitzen joan den joera «saiakera zatikatuarena» da (Kortazar 2013). Saiakera zatikatua deitzen zaio gai zehatz baten inguruan soilik jardun beharrean gai ezberdinak jorratzen dituen lanari, edo testigantza zein artikulu ezberdinak biltzen dituenari. Ezaugarri horren adibide dira Elena Martinez Rubioren Egun gorrietan: sigi-sagako gogoetak (Alberdania), Ana Urkizaren Garen hori (Elkar) edo Gari Berasaluzeren 64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan (UEU).

2. Biografia lanak. Euskarazko saiakeretan biografien ehunekoa nabaria da. 2021eko uztako batzuk aipatzearren, Edorta Jimenezen Nikole Bijotzekua (Elkar), Jokin Urainen Txomin: aurrera bolie! (Gara), Gaby Etchebarneren Aldudetik mundura (Maiatz). Molde ezberdineko biografiak izan arren, pertsonaiaren bizitza kontatzeaz gain, testuinguruaren lagin dira obrak.

3. Euskara eta euskal kultura. Hala dio Egungo euskal saiakeraren historia liburuak:

Euskal saiakeretan ‘euskal’ hori ez baitagokio bakarrik idatzita dagoen hizkuntzari; gaiari ere lotuta dago, zeren, hurbileko mundua erreferentzia puntu moduan erabiltzen delarik, hurbileko mundu horretan euskara izaten baita ardatz.
Eta, askotan, euskarari buruz zuzen aritzen ez badira ere, euskal kulturan jartzen dute arreta, kulturaz-eta aritzen diren honelako saiakerak.

Ezaugarri horren adibide dira Hizkuntza gogoan (Beatriz Fernández, Erein), Lehengo harenez. Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak (Jose Luis Erdozia Mauleon, Pamiela) edo Ekoizpen artistiko jasangarri bati buruzko/baterako espekulazioak (Oihane Sánchez Duro, Banizu Nizuke). Zaku honen barruan sartuko nuke Joan Mari Torrealdairen Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta (Berria-Elkar-Jakin) liburu gomendagarria ere. Euskal kulturaren barruan saiakera gehien literaturaren inguruan idatzi dira, eta aurten, horren adibide, Irati Jimenezen Ogia eta zirkua (Erein) eta Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar) liburuak. Jimenezek dioen bezala, «nola den euskara euskararen gai nagusia eta, era berean, ze banitate akonplejatua den gurea».

4. Itzulpenen oparotasuna.7 Euskarazko itzulpenek gero eta estima handiagoa dute, eta itzulitako saiakeretan ere nabari da hori. 1976-2008 bitarteko itzulpenen %17 zen saiakera, eta, aldiz, 2008-2018 bitartean %23ra igo zen proportzioa.8 Pasa den urte honetatik aipatzekoak ondorengoak: Natalia Ginzburgen Bertute txikiak (Alberdania), Irene Hurtado de Saratxok euskaratua; Slavenka Drakulicen Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko (Txalaparta), Amaia Apalauzak itzulia; Irene Vallejoren Infinitua ihi batean (Pamiela), itzultzaile Fernando Rey duena; edo Eduardo Galeanoren Latinoamerikaren zain urratuak (UEU), Iñaki Alegriak euskaratua. Saiakeren itzulpenetan Pentsamenduaren Klasikoak bildumaren lana aipatzekoa da, 131 lan argitaratu baititu; eta Igela9 eta Katakrak10 argitaletxeek alor honetan egin duten lana ere azpimarratzekoa da. Itzulitako saiakera feministak ere ugaritu egin dira, 2016an Eskafandra (Jakin eta Elkar) eta Lisipe (Susa) bildumak sortu zirenetik. Lisiperen 2021eko alea Nancy Fraserren Kapitalaren lantegi ezkutuak. Mapa bat ezkerrarentzat izan da (hainbaten artean itzulia).

5. Saiakera feministak. Saiakeren autoretzan izen maskulinoak nabarmentzen dira. Iratxe Retolazak11 zioen pentsamendua maskulinotzat hartzen dela nagusiki, eta horrek zailtasunak dakartzala gizon ez direnek bidea egin dezaten. Euskadi Literatur Saria bi emakumek soilik jaso dute hamabi urtean, Arantxa Urretabizkaiak eta Uxue Alberdik. Azken horren hitzetan, «badirudi autoritatea ematen zaigula soilik feminismoari buruz idazten badugu».12 2021ean euskaraz egindako saiakeren artean, Ane Labakaren Algara mutilatuak. Umorearen aho bikotasunaz, feminismotik (Lisipe), Alazne Díez Muñizen Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzuna (Bizkaiko Foru Aldundia) edo Mikel Urdangarinen Simone de Beauvoir, norbanakoa eta burujabetza (Jakin) liburuak adibide.

6. Hedapen urria. Arestian aipatu dugu batek baino gehiagok salatu duela denboran zehar euskarazko saiakeren kopuru eskasa. Alabaina, neurri kuantitatiboaz gain, kualitatiboki ere saiakerek hedapen eta oihartzun apala duten irudipena dut. Egun martxan dauden saiakeren lau sariketa ditut gogoan: Euskadi Literatura sariak (1997az geroztik banatzen dira, baina saiakerari 2010ean egin zitzaion lekua), Espainiako Saiakera Sari Nazionala (behin soilik irabazi du euskarazko saiakera batek, Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak liburuak, hain zuzen ere), Miguel de Unamuno saiakera saria (2001etik abian) eta Tene Mujika saria (2005etik abian). Bere bidea amaitutzat eman dute oraingoz Juan Zelaia sariak (2001-2013) eta BBK-Euskaltzaindiak (1981-2007).

7. Berrikuntzak eta beste. Euskarazko saiakeren artean sortu den bilduma berriena Txalapartaren Iparrorratza (2020) izan da. 2021ean Nora Salbotxen Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak eta Tasio Erkiziaren Jan eta jabe. Elikaduraren bidez herria eraikitzen aleak argitaratu ditu. Urte honetan sortutako Zorrotz hedabideak ere Onintza Enbeitaren Izurritea argitaratu du.

Ez dut sekula defendatuko fikzioak ‘pentsatzeko’ eta ‘ikasteko’ balio ez duenik. Nola ba! Ordea, saiakerak irakurri zalea ere banaiz, eta nabaritzen dut, fikzioak ez bezala, erdaretan irakurtzen ditudala gehienbat. Inguruarekin ere konpartitzeko garaian, Urliaren azken nobela eta Sandiaren poema-liburua ateratzen dira elkarrizketan, baina Berendiaren saiakeraz akordatu ere ez. Ez liburuak, ezta autoreak ere. Kezkatzen nau horrek. Kezkatzen nau baita ere feminismotik eta oro har itzulpengintzatik euskaratzen ari garenak. Demaseko meriturik kendu gabe, iruditzen zait batik bat Mendebaldeko autore zuriak ari garela euskaratzen, gehienak akademiatik gertukoak. Horiek ere behar ditugu, noski, baina geure logika mendebaldarra bestelakotzen lagunduko diguten irakurketak faltan botatzen ditut nik. Unibertsitatean nabil egun, eta agerikoa da bertako produkzioa eta jakintza unibertsitatearen egituran nola hasi eta bukatzen den.

Joxe Azurmendiri eman zioten Euskadi Literatura sarien saiakeren lehendabizikoa. Azken egunak Gandiagarekin (2009) liburu mardulean bada inoiz entzundako piropo ederrenetako bat: Gandiaga jakin-mina da. Horixe opa diot orori: jakin-mina.

Oharrak

1. Azparren, Ibai (2022): ‘Paulo Iztueta: «Elebitasunak lurra jo du eta terapia murgiltze metodoa izan behar da»’, Naiz, 2022-01-03.
2. Iztueta, Paulo; Diaz Egurbide, Jon (2021): ‘Euskal kulturgintza eta liburugintzaren egoera 2010eko hamarkadan’, in Jon Diaz Egurbide (zuz.): Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa, Donostia, Manu-Robles Arangiz Fundazioa eta Ipar Hegoa Fundazioa, 159-217.
3. Letra etzana neronek jarri diot.
4. Torrealdai, Joan Mari (2019): ‘Euskal liburugintza 2017’, Jakin 235, 107-131.
5. Fisher, Mark (2019): K-Punk. Volumen I, Buenos Aires, Caja Negra.
6. Arendt, Hannah (2018): Diario filosófico 1950-1973, Bartzelona, Herder.
7. Puntu honetan gehiago sakontzeko, ikus Olatz Esteban Ezkati (2020): Saiakera euskal itzulpengintzan: erradiografia bat. Gradu Amaierako Lana. UPV/EHU.
8. Lopez Gaseni, Manu (2009): ‘Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)’, Senez 37, 299-311.
9. 2021ean argitaratu du Maryse Condéren Bihotza negar eta irri (Joxe Mari Berasategik itzulia).
10. 2021ean, Silvia Federiciren Larruazalaren periferiaz haraindi (Amaia Astobizak itzulia), Henry David Thoreauren Walden (Danele Sarriugartek itzulia), Leslie Feinbergen Borrokalari transgeneroak (Fermintxo Zabaltzak itzulia) zein Hannah Arendten Indarkeriaz (Itziar Diez de Ultzurrunek itzulia) argitaratu ditu.
11. Feministaldia (2018): ‘Iratxe Retolaza (EU)’, Vimeo.
12. Fernández, June (2020): ‘Uxue Alberdi: «Badirudi autoritatea ematen zaigula soilik feminismoari buruz idazten badugu»’, Pikara Magazine, 2020-11-04.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan