miren artetxe

Plazak lortu, plazak sortu

2016-07-26 Bloga

Sorkuntzari, jolasa eta transmisioa. Bertsolaritza jotzen da sarri berrikuntzaren eta jarraikortasunaren arteko oreka horretan asmatu izanaren eredu. Joan den mendeko gizarteko aldaketek bertsolaritza desagertzera eramango zuketen, ziur aski, bertsogintzak bere burua berrasmatzen jakin izan ez balu. Joxerra Garziak, Andoni Egañak eta Jon Sarasuak XX. mendean bertsolaritza goitik behera aldatu zela azpimarratu izan dute. Beste ikerlari batzuek, Jone Miren Hernandezek, esaterako, zalantzan jartzen dute zenbateraino aldatu den bertsolaritzaren beraren funtzioa eta muina. Formak aldatu direla, ordea, ezin zalantzan jarri.

Plazetatik erretiratu berri da aldaketa horien eragile handietako bat. 75 urte bete zituen egunean, joan den maiatzaren 3an, iragarri zuen Xabier Amurizak bere erretiroa apirilaren 29an azken bat-bateko saioa egin ondoren. Etxanoarrak bere garaian bertsotan ohikoak ez ziren hizkera –batuan hasi zen kantuan–, iruditeria, egiturak eta doinuak ekarri zituen bertsolaritzara. Eta bertsolaritzak bere egin. Berak sinetsarazi zuen Simone de Beauvoirrek emakumeaz esan zuena bertsolariaz ere: egin egiten dela, eta ez jaio. Ideia horretatik abiatutako bertso-eskolen mugimendua gabe erabat desberdina litzateke gaur egungo bertsolaritza. Besteak beste, ez ziratekeen Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus eta Josu Goikoetxea egongo –bertso-eskoletako haur izandakoak hirurak– Jakinek eta Martin Ugalde Foroak maiatzaren 5ean antolatutako Bertsolaritza, atzotik biharrera solasaldian.

Han azpimarratu zuten Lujanbiok eta Arzallusek Amurizaren ekarpenaren garrantzia. «Gaur egungo bertsolaritza ezin da ulertu Xabier Amuriza gabe», bota zuen Lujanbiok. Bada garaia horri gehitzeko, gaur egungo bertsolaritza ezin dela ulertu Maialen Lujanbio gabe. Lujanbiok bilatzen duen bertsokera eder eta idor horrek aldaketa bat eragin du gaur egungo bertsogintzaren kanonetan. Jauzi bat. Dialektika-joko hutsetik mezu kontzientera. Ideietatik ideologiara, hitzaren zentzu etimologikoenean. «Lurrari lotutako bertsokera bat […] gure inguruaz, pertsonez, gizarteaz eta errealitateaz hitz egingo duena», Lujanbioren beraren hitzetan. Bertsogintzari eginiko ekarpena, noski, urtetako ibilbidean mamitutakoa da. Hasieratik hona ez da testuingurua gutxi aldatu.

Lujanbio lehen plazak egiten hasi zenean, gazte belaunaldi bat behar zuen bertso mugimenduak, eta labekada oso bat atera zela esan liteke. Bertsolaritzak ez zuen orain daukan prestigioa gure kultur sisteman, bertsolariak ez ziren ezagunak, edo ez behintzat orain diren moduan, eta oso gazte gutxi zebilen plazaz plaza. Emakumeak zer esanik ez. Orain, berriz, «bizi guztia pasa dugunok gazteak izaten, gaur egun zaharrenak [dira] plaza askotan» [Lujanbiok dixit]. Gaur egun bertsolaritzaren sistemak behar ditu gazteak, baina, ez labekadaka. Ezta emakumeak ere. Nahikoak dira bakan batzuk. Funtzionatzen du. Eta esan liteke ezin dugula kexatu. Nondik begiratzen den. Apirilean ‘Europa bat-batean’ ekimenaren baitan bertsolariekin batera Kurdistan, Sardinia eta Herrialde Katalanetako inprobisatzaileak izan genituen Euskal Herriko hainbat oholtzatan, eta nabaria zen, besteak beste, sardiniarren miresmena, hainbeste gazte eta emakume kantuan ikusirik. Bai. Baina.

Saioa Alkaizak Berria-n aspaldi egindako analisiak argi erakusten du emakumeen kasuan kristalezko sabaia existitzen dela. Bertso eskoletan, %47 dira neskak. Helduen bertso eskoletako partaideen %26 baino ez (18 urterekin nesken %80k uzten du bertso eskola). Txapelketetako saioetako emakumeen proportzioa (merituz irabazitakoa) handiagoa da plazako saioetakoa baino (askok diskriminazio positiboa dagoela pentsatzen badu ere). Gazteen kasuan ere, sabaia ez dakit, baina, inbutua bai. Lujanbioren hitzetan, lehengo gazte eta helduagoen artean kontraste gehiago zegoen gaur egun beraien eta gazteagoen artean dagoena baino. Errazago identifika omen zitekeen haustura puntua. Baliteke. Arraila aurkitu behar; eta arrailetik pasa. Eta pasako da bat. Pasako dira bi. Baina, ez dago denontzat lekurik. Beharbada, plazak lortzeaz gain, plazak sortzea da gaur egungo erronka. Garai batean ez bezala, bertso mugimenduak bertsotarako gai diren gazte asko sorrarazten ditu. Asko. Eta onak. Ekainaren 4an jokatu zen Euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapelketa horren adibide. Plaza behar dute gazteok, bidean hazteko. Bertso-sistemak ez du hainbesteko eskaerarik. Ez hor gorako behintzat. Zorionez, gazte bertsolari asko dabil, oholtzadun zein oholtza gabeko plazatan kantuan, hizketan eta ekinean. Lilurak itsutu gabe; tronpatzeko beldurrik gabe; kontsolamendu beharrik gabe. Hemendik urte batzuetara kultura deituko dioguna orain ari da mamitzen.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan