2020-06-25 Albisteak
Azken bi urteotan pentsio publikoak aldarrikatzeko plazara atera dira Euskal Herriko pentsiodunak. ‘Krisiaren’ mamua bolo-bolo baitzebilen: pentsioak izoztuta, eros-ahalmena murriztuta, pobrezia, pribatizazioa, genero arrakala… eta COVID-19ak are nabarmenagoak egin ditu orduko gabeziak. Izan ere, sistema publikoaren ‘krisiaren’ sustraiak zabalak bezain sakonak dira, gizarteko botere, balio eta antolaketa sareetan kokatzen baita.
Horregatik, sustrai horiei erreparatu nahi izan die Jon Fernandez Berria-ko kazetariak Aleka bildumarako idatzi duen Pentsioen geroa. Eztabaida sozial baterako gakoak saiakeran. “Asmoa zen zenbait gako eskaintzea hobeto ulertzeko pentsio sistema publikoen krisi hotsak, pentsioen badaezpadako etorkizuna eta pentsiodunen mobilizazioak. Hala, 2019aren amaieran eta 2020aren hasieran, gaiari hainbat ertzetatik eta ikuspegitatik begiratzen dioten zenbait aditurengana jo nuen, eta horien gogoeten inguruan ardaztu nuen liburua”.
COVID-19aren ondoren ere baliagarria diren gakoak jaso ditu liburuan, dioenez: “Pentsatzekoa da pentsio sisteman ere izango duela eragina COVID-19aren krisiak, aldi motzago edo luzeago batez bada ere asko apalduko baitira Gizarte Segurantzaren diru sarrerak eta handituko gastuak”. Horregatik, “garaiotan, koronabirusaren ondorengoan, are beharrezkoagoak izan daitezke pentsioen geroaren harira egin beharreko eztabaida sozialerako gakoak”.
Soluziorako errezeta bakar bat ez badago ere, zenbait aterabide seinalatzen dira liburuan, zailtasunak eta aukerak barne. Izan ere, konponbideak egon, badaude, Fernandezen ustez: “ez da egia pentsio publikoek ez daukatenik etorkizunik, sarri hori sinetsarazi nahi zaigun arren”, ziurtatu du egileak.
Berria, Elkar eta Jakinek elkarlanean argitaratzen duten bilduma da Aleka, eta bederatzigarren zenbakia da honakoa, jada salgai dagoena.