2020-07-23 Albisteak
Paperetik belarrietara jauzi egin dute ikasturtean zehar Jakineko hainbat gogoetek. Izan ere, Miren Rubio Iturria Jakineko kazetariak hainbat hausnarketa jaso ditu Euskadi Irratiko Jakingunea tarterako: bertsolaritzaren etorkizuna, euskararen erabilera sexista, hiperindibidualismoa, kultura eta Joxe Azurmendi, euskal rapa, euskaldun berrien esterotipoak… Erreportaje gisa emanak, podcastak dituzu entzungai Jakin Irratian atalean. Hona zerrendatuta 2019-2020 ikasturtekoak:
EUSKARA SEXISTA DA?: Amelia Barquín
Amelia Barquín HUHEZIko irakasleak euskara sexista ote den aztertu zuen ‘Euskaltzaletasuna eta Feminismoa’ ikastaroan. Erantzuna garbia da: euskara ez da sexista; euskal hiztuna bai, ordea. Entzun!
HIPERINDIBIDUALISMOAREN GAITZAK: Iñigo Martinez Peña
Hiperindibidualismoa gure gizartearen ardatza dela gogorarazi zuen Iñigo Martinez Peña filosofoak Joxe Azurmendiri eskainitako kongresuan emandako hitzaldian. Eta horren ondorioz bizi ditugun gaitzak ere halakoak dira: dena da hiper. Hitzaldia laburbilduta duzu erreportajean. Entzun!
PERIFERIAKO EUSKAL HIZTUNEN ERDIGUNEAZ: Jaime Altuna Ramirez
Euskal hiztun komunitatearen erdiguneak labankorrak dira, Jaime Altuna Ramirez antropologoaren hitzetan: “Euskal hiztunok une batean periferian kokatu gaitezke eta beste batean ardatza izan. Tuteran, esaterako, zaila izango da euskararen ardatza izatea. Askoz errazagoa da Errezilen. Baina hori ere erlatiboa da: euskaraz bizi nahi dugunok zein puntutaraino gara nonbait ardatza?”. Entzun!
TELESAILAK, KOLONIZATUTA GAUDE?: Libe Mimenza Castillo / Maddi Castro Elosegi
Netflix, HBO, Apple TV… Plataforma handiek ekar lezaketen kultur kolonizazioaz ohartarazi du Libe Mimenza Castillo Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak. Dena den, badira bestelako ekoizpenak: esaterako, Maddi Castro Elosegi zuzendariaren Pikuak telesaila. Entzun!
BERTSOLARITZAREN KORAPILOAK: Beñat Gaztelumendi Arandia
Bertsolaritzak dituen erronka nagusiak zedarritu ditu Beñat Gaztelumendi Arandia bertsolariak Jakinen 235. zenbakian (Euskal kultura 2019). Horien inguruan aritu da solasean erreportajerako: transmisioaz, genero arrakalaz, bertsolaritzaren ardatzez… Entzun!
SIMONE DE BEAUVOIR, ‘BIGARREN SEXUA’: Irene Arrarats Lizeaga
Eskafandra bildumak Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera ekarri du euskarara, Irene Arrarats Lizeagaren itzulpen lan eskergari esker. Mugarri da liburua, pentsamenduaren eta feminismoaren giltzarri. Bada, giltzarri horiek aletu ditu Arraratsek erreportajean. Entzun!
ZER DA KULTURA JOXE AZURMENDIRENTZAT?: Haritz Azurmendi Arrue
Zer da kultura Joxe Azurmendi filosofoarentzat? Galdera horri erantzuteko solastu da Miren Rubio Iturria kazetaria Haritz Azurmendi Arrue filosofoarekin. Azurmendiren pentsamenduaren inguruko doktore tesia egin du, eta pentsalari zegamarrak kultura nola ulertzen duen azaldu digu erreportajean. Entzun!
EUSKAL RAPA GURE ISPILU: Eric Ditxarri
Euskal rapak abestu dituen gaiak ez dira batere neutroak izan, eta baliteke hori izatea orain arte unibertsitatean gutxi ikertu izanaren arrazoietako bat; ez bakarra, baina. Hala dio Eric Ditxarri antropologo, artista eta arte komisarioak. Interesgarria litzateke ikertzea, ordea, gure gizartearen isla baitira euskaraz sortutako rap abestietako asko. Baita bizi izan ditugun aldaketen isla ere, Ditxarriren hitzetan. Entzun!