/* Marfeel*/

Paulo Agirrebaltzategik parte hartuko du Tolosako frantziskotarrei agur esateko ekitaldian

Azaroaren 16an izango da, 19:00etan, Tolosako udaletxeko batzar aretoan.

2026-11-10 Albisteak

Laurehun urteko ibilbidearen ondoren, urri amaieran utzi zuten frantziskotarrek Tolosako komentua. Gaur egunera arte egindako bidea aitortzeko, agur ekitaldia antolatu du Lizardi Kultur Elkarteak, Tolosako Udalaren eta Jakinen laguntzarekin. Frantziskotarrak Tolosan. Laurehun urteen historia laburra izenburupean egingo dute saioa azaroaren 16an, Tolosako udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan. Besteak beste, Paulo Agirrebaltzategi frantziskotar eta Jakineko kide historikoak hartuko du hitza, fraideek herrian utzitako aztarna errepasatzeko.

Lau mendetan zehar, herriari begirako ekarpen asko egin dituzte frantziskotarrek, eta ez erlijioari dagokionean bakarrik. Nabarmentzekoa da, esate baterako, frankismo garaiko borroka sozialei emandako babesa edo euskararen alde egindako lana. Bertan sortu zen, adibidez, Arantzazuko Andre Mariaren egutegi ezaguna 40ko hamarkadaren amaieran, eta frankismopeko urteetan euskarazko irakurgai laburrak helarazi zituen etxez etxe.

Aipatzekoa da, halaber, Tolosan bihurtu zela Jakin, 70eko hamarkadan, kultur talde beregain. Sorrera horri egiten dio erreferentzia Joseba Intxaustik Gure herriko frantziskotarrak. Herrietako historia garaikidea (1791-2000) liburuan (Arantzazu EF, 2002): «”Jakin Lantaldea” hemen [Tolosan] eratu zen, bere ofizialtasun osoan, Probintziako Kapituluaren erabakiz (1973)». Kultur taldearen gorabeherak biltzen ditu Agirrebaltzategik Jakin-en 156. zenbakiko ‘Jakin Kultur Taldea‘ artikuluan, eta hor ere gogoratzen duenez, «1971ko urtarriletik aurrera Tolosan zeukan Jakineko zuzendaritzak bere egoitza». Horrelako adibideen bitartez, Agirrebaltzategik frantziskotarren Tolosako lau mendeen kontakizuna egingo du, ordenaren ekarpen erlijioso, kultural eta sozialaren berri emanez.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan