2025-01-10 Albisteak
Jakinek sarean eskaintzen duen ondaretik abiatuta idatzitako artikulu laburrak irakurri ahal izango dira Ondaretik sailean, astero. Euskal pentsalarien obra digitalizatuetan, Jakin aldizkariaren zenbakietan eta sarean jarritako gainerako edukietan arakatuko dira aktualitateko gaien oihartzunak, efemerideak, bitxikeriak eta beste zenbait hari-mutur. Euskarazko pentsamenduaren luze-zabala ikusarazi eta horren aberastasuna islatu nahi du sailak. Dagoeneko irakurgai dago Ondaretik sailaren lehenengo artikulua, hemen.
Euskal pentsamendua arakatu, bildu eta sarean eskuragarri jartzeko lanean dihardu Jakinek azken bi hamarkadetan. Egun, digitalizatuta eta eskuragarri dauzka hainbat euskal pentsalariren lanak, Digitalizazioa atalean. Txillardegi, Juan San Martin, Elbire Zipitria, Julene Azpeitia, Joxe Azurmendi, Miren Etxabe, Joseba Intxausti, Martin Ugalde edo Tene Muxika daude horien artean, eta, idazlan guztiak eskuragarri jartzearekin batera, bilatzaile berezitua, gaitegia eta egindako ekarpenaren azterketa dauka bakoitzak. Horrekin batera, Jakin-en zenbaki guztiak ere aurki daitezke webgunean, 1956ko lehen zenbakitik gaur egunera.