miren artetxe

Non hasten da Iparraldea?

2014-05-14 Bloga

Ez da hego edo iparrik nondik gabe. Eta nondik beti da zergatik.

Horixe dio Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbiok atonduriko Txori mugariak ikuskizunak. Zuberoan hasi ziren egitasmorako soinuak eta edukiak biltzen eta Maulera bueltatu zuten ikuskizuna martxoaren lehenean.

Badirudi ez garela sekula aspertzen hemisferioak zalantzan jartze horrekin. Gainera, hemisferioak desplazatu direla esaten diguten sasoian. Azkenaldiko lurrikarek lurraren ardatza mugitzea ekarri omen dute, eta horrek ipar zein hego hemisferioak ere zalantzan jartzea ekar lezake.

Euskal Herrian lurraldeen arteko zubiak eraikitzeaz hitz egiten da, hemendik harako eta handik honako bideak gehiago zabaltzeko beharraz. Baina horrelako lurrikara bat behar genuke Iparraldeko kultur sorkuntzaz gehiago jakiteko. Ikasteko eta bide batez horiekin gehiago gozatzeko, eta aldrebes.

«Nondik» beti denez zergatik, galdera asko sortzen zaizkio bati, Sarako Usopop festibalean, Mursego bezalako musikari polifonikoa entzutean lehen lerroko haurrei frantsesez berbetan. Edo amaierako agurretan «eskerrik asko honaino etortzeagatik Hegoaldeko lagunei» bezalako eskertzeak egin zituenean, kontzertu bukaeran. Adibidez, Donostian bizi den bati errazago zaiolako Sarara joatea Bilbora joatea baino, eta zer esanik ez, merkeago. Paris baino iparralderago egotearen sentsazioak sortzen zituen era horretako komentarioak entzuteak.

Frantses ikuspuntutik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, kulturari dagokionean, ondarearen terminoetan kokatzen dira. Irekidura eskaseko lurraldeaz ari dira frantsesak. Baina hemisferioak kolokan jartze hori aspaldikoa da. Begira bestela: Uruguaiko Joaquín Torres García artistak América invertida koadro ezaguna margotu zuen 1943an, beraien iparra Hegoa dela aldarrikatzen zuena. Hala ere, munduan iparra eta hegoa, eta zein zeinen ugazaba, apopilo, ikasle, irakasle den korrelazioak modu ezberdinean erreproduzitu dira historian.

Munduko ekonomia handiak Hegoaldea husten du Iparraldea aberasteko. Kultura txikiak, gureak, Iparraldea behar du, husten ari den Iparraldea, Hegoaldea aberasteko (Maialen Lujanbio eta Xabier Erkizia, Txori mugariak).

Ia maila berean, Hegoaldean ere, beraren iparra hegoaldeak izan behar duelako ustea, zuzenean esan ez arren, konturatu barik errepikatzen den mantra bat izan daiteke. Segi dezatela kantuan eta dantzan, trebeak baitira horretan, horixe da agian askok espero dutena Iparraldea deitzen dugun lurralde horretatik. Segi dezatela horretan, gorde dezatela gure tradizioa garai zaharretan legez, transmititu dezatela belaunaldiz belaunaldi, gero guk bertatik ikas ditzagun «pika eta ebats» pausoak, eta gu izan gaitezen hori berrituko duen hegoalde modernoa. Iparralde folkloriko bat behar dugu, beraz, gu moderno agertzeko, gure abangoardia justifikatzeko. Eta, agian, ez gara ohartzen berritasunean asko izan dezakegula ikasteko Iparraldetik ere.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan