2026-11-04 Albisteak
Azaroaren 12an egingo da Naziometroaren V. jardunaldia, Euskal nazioaren kontzientzia: gaurko eta biharko erronka berriak izenburupean. Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak elkarlanean antolatu dute topaketa, eta nazio-kontzientziaren egoera, transmisioa eta etorkizuneko estrategiak izango dituzte hizpide.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, eztabaidarako, diagnostiko zehatzerako eta etorkizuneko lan-ildoak marrazteko elkargune izango da jardunaldia: «Komunitate-sarea berriro josteko, atxikimendu emozional berriak sortzeko eta, azken finean, egunero egiten gaituen Gu hori berriro ere indarrez artikulatzeko». Gaur egungo muga eta erronken aurrean, hainbat galdera jarriko dituzte mahai gainean: «Nola artikulatu daiteke euskal nazio-kontzientzia eremu zatitu eta estaturik gabeko honetan? Nola berritu daitezke erreferente kolektiboak gaurko eta biharko belaunaldiek Euskal Herria beren bizitza-proiektuaren parte gisa sentitu dezaten?».
Besteak beste, 11:10ean, Zein estrategia behar ditugu egungo erronka anitzeko testuinguruari erantzuteko? mahai ingurua egingo da, eta bertan hartuko du parte Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kidea, Joseba Sarrionandia Uribelarrea eta Miren Artetxe Sarasolarekin batera, Zelai Nikolas Ezkurdiak gidatuta.
EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko 2. eraikinean izango da Naziometroaren V. jardunaldia (Donostia), 09:00etatik 14:00etara. Dagoeneko zabalik dago jardunaldian izena emateko epea, Telesforo Monzon eLaben webgunean.