2025-03-06 Albisteak

María Reimóndez idazle feministaren A casa do amo liburutik abiatuta, menderakuntzen inguruko hausnarketa osatu dute egileak berak, Ibai Atutxak eta Cira Crespok, Haritz Azurmendi Jakinkidearen gidaritzapean. Nola izendatu minak tituluari tiraka, menderakuntza, kolonialismoa, arrazakeria eta barbarismo kontzeptuen txirikordetan osatu dute gogoeta Reimóndez, Crespo eta Atutxak. Estatu inperialista baten mendean dauden hizkuntzetatik eta nazioetatik hitz egin dute, europar bezala kolonialismoarekiko dugun posizioak dakarren kontraesana kudeatzeko premiaz.
Reimóndezek liburuan dioen moduan,«ezin dugu gure buruez herri zapaldu edo herri kolonizatu bezala hitz egin, historiak Europar zuri kolonizatzailearen rolean ezagutu gaituelako». Horrek ez dio zilegitasunik kentzen gure minari, baina egileak ez du egoki ikusten beste kontinenteetan egindako sarraskiekin alderatzea edo izen beraren pean biltzea. Haren ustez, «hegemoniaren zati bat daukagunoi» beste komunitateen bizipenak entzutea eta ikastea dagokigu; «Galizia oraindik nagusiki zuria da», eta komunitate horri zuzendu zaio idazlea bere azken lanean. A casa do amo liburuan, hain zuzen, literatura galiziarrak biltzen duen diskurtso arrazista eta koloniala aztertu du, ondorioztatuz «gure hizkuntzak komunitate desberdinentzat etxe izatea nahi badugu, gure tradizioan eurez eraiki dugun diskurtso eta iruditeria errepasatu eta landu beharra» daukagula lehenik. Horregatik zuzendu zaie herrikide zuriei, helburua eroso dagoen horri ezinegona sortzea delako harentzat.
Ibai Atutxa pentsalariak, kolonizazioa kontzeptuaren ordez, barbarizazioa baliatu du bere saiakeran, hizkuntza minorizatua hitz egiten dugunok, euskaldunon kasuan, indarkeria hori barbarizazio bidez jasan dugulako, zibilizatuekiko bereizgarri gisa. Baina menderatze hori beste zapalkuntza ardatzei lotuta irakurriz gero, «indarkeria kolonialaren bidez eta ekozidioaren bidez bilakatzen gara zibilizatu», Atutxaren aburuz. Indarkeria horiek praktikatzean gara zibilizatu, «gizarte kapitalista, inperialista, zisheteropatriarkal, ekozida honetan aurrerabidea ez delako horiek gainditzea; hain justu, indarkeria horiek guztiak direlako gizarte hau posible egiten dutenak». Atutxaren ustez, izendapen horiek «nagusiaren tresna» ematen digute eskura, eta izendapen horietako bakoitzak «gorputz batzuk jazartzen ditu». Beraz, Reimóndezekin bat eginez, ez du egoki ikusten «gauzatzen ditugun indarkeriak erabiltzea jasaten ditugunak izendatzeko».
Nagusiaren etxea eraisteko bidean, Cira Crespo historialari kantaluniar eta euskaldunak ere ikusten du paradoxa, literatura maskulino, zuri eta hizkuntza nagusikoa hartzen delako hemen ere erreferentzial eta kanonikotzat. Cresporen iritziz, funtsezkoa da zer genalogia eta erreferente hartuko ditugun pentsatzea. Horregatik jarri du mahai gainean Katalina Erauso figura, besteak beste, alde azpimarragarri bat izan arren sarraski bati lotuta dagoena, edo «Euskal Telebistako saio ikusienetakoaren izenburua El conquistador del fin del mundo izatea, eta noski, berori gazteleraz izatea». Era berean, ordea, mahai gainera ekarri du nazioaz eta nazio zapalkuntzaz hitz egitearen beharra, eta zapalkuntza horrek eragindako zauriak izendatzeko premia.
Galiziar eta euskaldun estereotipoen inguruan ere aritu dira hirurak; Atutxak planteatutako barbarizazioaren aldean, galegoena «atzeratua» dela zehaztu du Reimóndezek: gizarte atzeratu baten irudia baliatu da jendeari irtenbidea hiria, kapitalismoa eta gaztelera direla iradokiz, eta horregatik aldarrikatzen du egun «atzeratua» izatea. Izan ere, krisi klimatikoak agertu duen gisan, «etorkizunera iristeko modu bakarra da atzerapen hori, ikusten ari baikara planetan bizirauteko modu bakarra dela ustezko bizimodu atzeratu hori».
Berria egunkariak, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Jakinek elkarlanean antolatutako mahai ingurua Bilboko Bira kulturguneak hartu du, eta harrera beroa izan du, entzuleen artetik zabaldu diren ideiek ere eztabaidarako hari muturrak bistaratu baitituzte. Ziurrenik, hizlarien artean bezala entzuleen artean ere luzera eta sakonera iraungo duen gogoeta baterako bide eman du mahai inguruan proposatu den ariketak. Reimóndezek dioen bezala, beste komunitateekin bizi gaitezkeen etxea eraikitzeko bideak lana eskatuko du. Kontua, agian, hauxe izango da: elkarbizitzarekin gatazkan egotetik gatazkarekin elkarbizitzen hastea.