2017-11-08 Bloga
Noizbehinka prozesu politiko eta sozial batzuk humanitatearen historia markatzera heltzen dira. Mugarri horiek denbora apurtzen, geldiarazten eta sailkatzen dute, eta nazioarteko oihartzuna hedatzen dute jendarte edo estatuen artean. Halakoa gertatu da Kataluniako prozesu konstituziogile errepublikarrarekin. Hori dela eta, hiru testu euskaratu ditut, hiru manifestu edo adierazpen, non munduko ahots ezberdinek prozesu horren azken bidea laburbiltzen duten, horren garrantzia eta azken urratsak azpimarratu ondoren, halako prozesu eta mobilizazio baten unibertsaltasuna azaleratuz.
Irlanda eta Erresuma Batutik
78ko erregimen espainiarraren intelektual eta orojakileek manifestuak argitaratzen zituzten bitartean, Espainiako Gobernuaren aurkako eta Kataluniako erreferendumaren aldeko gutun bat sinatu zuten Irlandako eta Erresuma Batuko ehun langile akademikok baino gehiagok. Sinatzaileen artean Terry Eagleton daukagu. Irailaren 21ean The Guardian egunkarian karrikaratu zen adierazpen hori ‘Spain and the Catalan referendum’ (‘Espainia eta erreferendum katalana’) izenburupean (www.theguardian.com/world/2017/sep/21/spains-dangerous-bid-to-block-catalan-vote). Hor ozenki salatu zuten erreferendumaren aurkako Espainiako Gobernuaren errepresioa:
Erresuma Batuan eta Irlandan zuzenbidean, giza eskubideetan, politikan, soziologian, historian eta antzeko gaietan lan egiten duten akademikoak izanik, Kataluniako Gobernuak bete gura duen independentziari buruzko erreferenduma galarazteko Espainiako Gobernuak eta polizia nazionalak zuzendutako errepresio politikoa ohartarazi nahian idazten ari gara.
Katalunian eta Espainian konstituzio-arloko legelarien eskaeren alde agertzen gara, han erreferenduma eteteko ekintza oro geldiaraz dadin. Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak dio gobernuak soilik komunitate autonomo bat (estatu edo eskualdeko gobernua) behartu ahal duela akzio legalak betetzera aurrez Espainiako Senatuaren gehiengoaren adostasunaren bidez. Ez da halako bozketarik suertatu.
Kezkaturik gaude Katalunian errepresio politikoaren maila gogor eta bidegabea delako, ezen ez baita halakorik jasan Francoren diktaduratik. Espainiak berehalaxe Katalunian errepresio politikoa geldiaraz dezala eskatzen dugu, eta eman diezaiola Kataluniako herriari askatasunez bere aburu politikoak adierazteko aukera.
Australiatik, Amerikatik, Europatik
Bertze manifestu interesgarri eta zuzen bat ‘Referendum in Catalonia, not War’ (‘Erreferenduma Katalunian, gerrarik ez’) manifestua izan zen (https://referendumnotwar.com), 2017ko irailaren 28an kaleratua. Munduko hainbat txokotatik babesa eta laguntza jaso zituen. 348 lagunok sinatu genuen. Izenen artean, Étienne Balibar, Seyla Benhabib, Fina Birulés, Wendy Brown, Boaventura de Sousa Santos, Joan Fontcuberta, Marina Garcés, Michael Hardt, Maurizio Lazzarato, Martine Leibovici, Antonio Negri, Daniel Raventós, Silvana Rabinovich, Manuel Rivas, Carlos Taibo eta Enzo Traverso, besteak beste. Adierazpen horretan Kataluniako erreferendumaren aurka zuzendutako errepresiozko politika eta ekintzak salatzen dira. Bide batez, Espainiako estatu-botereak zuzenbidezko estatua gaindikatu izana kritikatzen da. Halaber, Espainiako estatua «a rogue or authoritarian state» edo «estatu gaizkile edo estatu autoritario» bilakatu izana ematen da jakitera.
Duela ez asko egungo gatazka katalana XX. mendeko europar historiaren iragan dohakabeenari lotutako gatazka nazionalistatzat hartzera bideratu zen nazioarteko publikoa. Iraganeko gerretako mamuek benetan jokoan dagoen ikuspuntua lausotu zuten. Azken egunetako gertakizunak ikusmolde hori desegiten hasi dira. Horiek premiatzen gaituzte azaleko ikusmolde nagusi hori birmoldatzera, ezen ikusmolde horrexek erreparo nahaspilagarria kausatu ahal izan baitu nazioarteko publikoarengan, kasu hori aztertzerakoan etxeko auzi bat, tokiko auzi bat baizik ez dela pentsaraziz. Kataluniaren independentziaren aldeko jarrerak edo kontrakoak kontuan hartu gabe, azken egunotan argi geratu da honako tirabira, alde batetik estatu-boterearen ikusmolde baten inertzia autoritarioaren eta beste aldetik gure demokrazien horizonte normatibora zuzendutako estrategia politikoak eraikitzeko ahalegin ezegonkor baina bizkorren artean.
Azken urteetan, jendarte katalanaren gehiengoak (2015eko azken hauteskundeen arabera %60k; ikerketa ofizialen arabera %80 inguruk) adierazi du behin eta berriro bere estatus politiko propioa demokratikoki erabakitzeko nahia. Eskaera horren aurrean, Espainiako estatuak –zeinak ez baititu inolaz ere Espainiako jendarte osoaren asmo politiko eta sentsibilitate ezberdinak adierazten edo barneratzen– alde batera utzi ditu sistematikoki bere eginbehar politikoak.
1. Espainiako estatuak ahalegin oro arbuiatu du elkarrekin akordatutako autodeterminazio-erreferendum legal bat egiteko negoziaketetan, horrela Katalunian gatazkaren sakontasunari uko eginez. Eta are gehiago, estatu berak orain erreferendum hori kondenatu du, fidagarria edo legalki loteslea ez delako, baina erreferenduma egiteko marko legalaren aukeraren aurka aritu dira etengabe.
2. 1978ko Espainiako Konstituzioak azaldutakoaren arabera, legalki salbuespen-egoera adierazteko ezintasun parlamentarioa izan arren, Espainiako botere betearazleak zuzenbidezko estatua hondatu du, de facto salbuespen-egoerarekin bat etorri diren neurriak abian jarriz, Kataluniako parlamentuak deitutako urriaren leheneko erreferenduma galarazteko asmoz. Izan ere, zenbait pentsalari garaikidek etiketatutako estatu gaizkile edo estatu autoritario bihurtu du horrexek Espainiako estatua.
- Elkartzeko eta manifestatzeko eskubidea mugatua izan da, bai Katalunian bai Espainian, eta erakunde zibilek jazarpena jasan dute, sedizioa egotzita.
- Erreferendumaren logistika koordinatzeagatik goi-kargudun hautetsiak eta funtzionario publikoak atxilotu dituzte.
- Alkate guztiak 948 izanik, horietako 700 baino gehiago epaiketara deitu dituzte, eta kargu publikoetarako gaitasungabetzea izan daiteke emaitza.
- Poliziak hedabideak miatu ditu, kazetaritza askea izateko eskubidea mugatuz, jendeari erreferendumaren inguruko informazioa emateagatik Espainiako estatuak kazetari eta intelektualak mehatxatzen dituen bitartean.
- CUP (Batasun Herritarraren Hautagaitzak) bezalako alderdi politiko parlamentarioak poliziaren jagoletzaren menpean daude.
- Botoak emateko materialak (boto-paperak, hauteskunde-informazioa eta beste horrenbeste) konfiskatu dituzte, eta konpainia pribatuen lokalak miatu dituzte baimen judizialik gabe.
- Erreferendumari dagozkion webguneetarako sarbide publikoa zentsuratu dute.
- Adierazpen eta komunikazio politikorako askatasuna urratu dute sistematikoki eta larriki.
Estatu-botereak zuzenbidezko estatua gaindikatu izanak europar estatu konstituzional demokratiko baten oinarrizko printzipioak ezeztatzen ditu; izan ere, halako estatua bi prozesuren emaitza da: lehenik, europar jendarte modernoen xede demokratikoak bete izanarena, eta, bigarrenik, estatu-ekintza bidegabeak bukatu izanarena.
Zio horiek guztiak direla-eta, beste herrietako gure hiritar lagunei dei egiten diegu une honetan Katalunian mobilizatu diren logika eta ekintza autoritarioak kondenatzera. Hain zuzen, gure europar bizilagunak premiatzen ditugu Katalunian erreferendum bat betetzearen alde ozenki mintzatzera, alde batetik, maiz jendarte politiko modernoen bizitza suntsitu duen logika autoritarioa gaindikatzeko tresna zehatz bat izan dadin, eta, bestetik, europar ikuspegitik, indarkeriarik gabeko prozeduren bidez halako gatazkak konpontzeko kultura politiko postnazional batera joateko bidea izan dadin.
Hiritartasun legalik gabeko naziotasun migratzailetik
Hirugarren adierazpen publiko euskaratua, irailaren 29an argitaratua, ‘Miradas migrantes sobre el derecho a decidir’ (‘Erabakitzeko eskubideari buruzko begirada migratzaileak’) da (https://traslamanta.wordpress.com/2017/09/29/miradas-migrantes-sobre-el-derecho-a-decidir). Mundu honetan, errepublika ororen bertutea –Frantziako Iraultzaren terminologia erabiltzearren– haren egia unibertsala da. Badakigu demokrazia guztiak ez direla benetan unibertsalak, baina unibertsaltasuna da politika iraultzaile ororen patua. Errepublika berri bat erabakitzeko eta sortzeko tenorean, funtsezkoa da hiritartasun legalik gabeko hiritarren ahotsa entzutea eta barneratzea. Horiek dira bertze tarte bat errepublikanismo unibertsalean. Kasu honetan, Etorkinaren Espazioaren eta Saltzaile Ibiltarien Sindikatu Herritarraren hausnarketarena da. Sendoa eta egiaz betea, egungo Katalunian klasismoak eta arrazakeriak kriminalizatzen eta zigortzen dituztenen azken boza da, botoa baino lehenagokoa.
Katalunian azken egunetako egoeraren aurrean, Saltzaile Ibiltarien Sindikatu Herritarretik eta Etorkinaren Espaziotik herri katalanaren askatasunak eta eskubideak urratu izana kondenatzen dugu.
Beren etorkizuna erabakitzeko herritarren eskubidea aldarrikatzen dugu, ukatu ezin den eskubidea, inolaz ere jazarri ezin dena.
Gure elkartasuna luzatzen diegu herrien autodeterminaziorako eskubidearen alde behetik eta betidanik borrokatu duten pertsona eta herri-kolektiboei.
Gertatzen ari den guztiari adi gaude, eta galdetu ez diguten arren, une historiko honetan parte izatera gonbidatu ez gaituzten arren, migratzaileok geure burua gonbidatu dugu, ohituta baikaude usaiako pentsamoldera: guk ez dakigula deus, ez garela ezertaz jabetzen, ez garela hiritarrak, ez dugula botorik ematen, politikaz ez dakigula deus; baina oker daude, espainiar gobernu kolonial eta arrazista honen aurrean urteak daramatzagu borrokatzen eta erresistitzen. Duela hamarkada eta mende asko deklaratu ziguten beren sarraski-gerra, baina hemen gaude eta bizirik darraigu. Argi daukagu, migratzaileak izanik, hemen geratuko garela, mehatxatzen, espetxeratzen edo erailtzen bagaituzte ere, ezen herri honetan norbait sobera baldin badago goikoak, ustelduak, gobernariak baitira.
Egun hauetan ikusten ari gara gobernua Katalunian bere benetako aurpegi eta bokazioa bistan uzten ari dela, indarkeriarena, errepresio eta autoritarismoarena, bihotz katalanetan beldurra erein nahi dute. Bere lurra defendatzen duen herri honen duintasuna erresistentziarik gabe oldartu, mehatxatu, beldurtu eta zapaldu ahalko dutelakoan daude. Herri honen kontzientzia porren eta polizien bidez aldatuko dutelakoan daude.
Kataluniara heldu ginenetik, bi aurpegi ikusi ditugu: bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen duen Katalunia erreboltari, herritar eta duin bat. Zuei diotsuegu lortzen ari zaretenaren aurrean deituta, animatuta eta gogoberotuta sentitzen garela, eta arrazakeriarik eta bazterkeriarik gabe denok –emakume eta gizonak– sartuko garen parte-hartze guneak sortzeko abagunea izango dela espero dugula.
Errepublika posible berri horrek, Espainiarekiko lotura legal eta juridikoa uzteaz gain, Espainiaren espiritu eta pentsamolde kolonialista eta arrazistarekiko lotura ere utz dezan nahi genuke. Eraikitakoa behetik izan dadin, horren ordena legal, sozial eta politikoa alda dadin, beste ordena justuago, humanoago eta barneratzaileago baten alde, betiko berberek goitik eraikitako Katalunia batean pobreoi, betiko baztertuoi, behekooi gutxi aldatuko zaigulako.
Baina Katalunia oligarkiko, kolonial eta arrazista ere ezagutzen dugu, beste larruazal-kolore batengatik, beste mintzaira batengatik, beste erlijio batengatik baztertzen gaituena, jazartzen eta zigortzen gaituena. Hori dela eta, garbi utzi behar dugu oroimena daukagula, eta ez dugula ahazten, ez dugula babesten, ezta laguntzen ere, ez gobernu espainiarra eta ez Generalitatea, guretzat aurpegi bera duten bi gobernu direlako; norgehiagoka ari dira ea nork ehizatzen, espetxeratzen edo botatzen dituen migratzaile gehiago, norgehiagoka ari dira ea nork jartzen dituen bizitza duina galaraziko diguten harresi gehiago, lege gehiago, arau eta erregela gehiago.
Halaber, uste dugu egoera hau ez dela konpontzen ez legalitatetik, ez epaitegietan, gure gorputzak ilegalizazioaren makineriaren materia perfektua direla, eta badakigu eskubideak kalean irabazten direla.
Azkenik, uste dugu –oxala oker bagaude– egungo egoera gordinagoa izango dela, espainiar estatua errepresioa prestatzen ari dela bere poliziekin kaleetan, eta, gure eskarmentua dela bide, badakigu errepresioak gehien ukitzen dituenak behekoak direla, antolatuak, pobreak eta migratzaileak; hori dela eta, dei egiten diegu migratzaileei, paperdun edo paperik gabeko, borroka duin eta erreboltari hori babestu eta horrekin bat egin dezaten.
Dei egiten dugu erresistitzera, matxinatzera, errepresioari EZ esatera, jazarpenei EZ esatera, espetxeari EZ esatera, indarkeriari EZ esatera, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea baizik bilatzen ez duenaren alde.
Post-data: nehork zuen boto-txartelak inprimatu nahi ez baditu, guk geuk inprimatuko ditugula diotsuegu, ezin gaituztelako legez kanpo utzi, aspalditik baikaude legez kanpo eta beldurretik askatu baikara.